Asteroko buletina
Orrilako ihintzak urrea balio du.
Dani Blanco

Itsas mihilua

Foeniculum vulgare

[Garbiñe Larrea]

Liburu honetara mihilua (Foeniculum vulgare) eta itsas mihilua ekarri ditugu, antzekotasunak di-tuzten arren itsas mihiluak berezitasun zenbait eta erabilera onak badituelako. Hostoak jangarriak dira eta mihilu edo anis zaporea dute baina apioaren familiakoa denez badu honen kutsurik ere; zenbaitentzat limoiaren antza ere badu. Itsas bazterretik zenbat eta gertuago bildu orduan eta gazi-agoa izango da. Zapore nahasketa konplexua duenez, sukaldaritza garaikidean erabiltzen hasi da, nahiz tradizio handikoa den kostaldeko herrietan.
Hostoak, txortenak eta haziak erabil ditzakegu baina hostoak gordinik jan nahi izanez gero, udaberri hasieran biltzea komeni da, samur antzekoak izango direlako. Udan haziak garatuko zaizkio eta hainbat ikerketaren arabera abuztuko lehen erdialdean, kolore hori-gorrizta duenean eta usain sarkorra duenean, izango du esentzia gehien.
Esentzia sendo eta trinko hauen artean pinenoa, anetola, eugenola eta dilapiola daude. Dilapiola erlauntzei eraso egiten dien varroa akaroa akabatzeko baliagarria da. A, C eta E bitaminatan ere aberatsa da, C bitaminatan batez ere. Gatz mineralak eta oligoelementuak ditu, fitoestrogenoak, yodoa, bromoa, betakarotenoak eta azido klorogenikoa ere bai.
Osagai hauek atxikitako likidoak kanporatzen laguntzen dute, diuretiko ona delarik, eta guruin endokrinoak biziarazten ditu, tiroidesa batez ere. Hipotiroidismoa dagoenean elikagai baliagarria izan daiteke. Hesteetako zizareak akabatu eta garbitzeko gaitasuna ere badu.
Itsas bidaia luzeetan C bitamina gabeziak eragindako eskorbuto gaitza ez izateko erabili izan da sendabelar hau. Digestioa egiten eta haizeak kanporatzen laguntzen duenez, apetituaren bizigarri ere badenez, sendabelar moduan eta sukaldean erabili izan da.
Fitoestrogenoei esker menopausian izan ohi diren hainbat arazo tratatzeko egokia da: likido atxikipena, haizeak, gaualdeko izerditzeak eta abar. Hilekoa atzeratzen denerako ere egokia da.
Osagai hauek denek erradikal askeen kontrako indarra dutenez, azala gaztetzeko erabiltzen dira. Hain zuzen ere, kosmetikoak formulatzeko erabiltzen dira itsas mihiluaren hainbat osagai. Perfumegintzan ere erabiltzen dira sendabelar honen olio esentzialak.
I. mendeko Dioskorides mediku erromatarrak bere liburuetan aipatzen du eta gordinik jatea bezainbeste famatzen du gatzunetan, hau da, ur eta gatzetan prestatuta jatea. Katalunian eta Balear irletan antxoa eta oliba kontserbatan edo oliotan, pattarretan edo ozpinetan beratuta erabiltzen da oraindik ere.
 

  • Digestio aparatua
  • Ugal aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

Itsas mihilua apioaren familiako belar landare bizikorra eta sendoa da. Bere adarrak hosto luze eta mamitsuz beteak ikusiko ditugu eta 50 cm arte hazi daiteke. Loreak udan izaten ditu, berde-horixkak, txikiak, eta oso ugariak, ginbail eran biltzen direnak. Fruitua berriz berde-marroixka da eta uda bukaeran izan ohi du.

Kostaldean hazten da, itsaslabarretako harrietan eta gizakiak eraikitako murruetan.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora