Asteroko buletina
San Markek euri, gereziak ihaurri.
Dani Blanco

Garraixka

Melissa officinalis

[Garbiñe Larrea]

Garraixka bere limoi usainarengatik egiten zaigu erakargarri eta zaporea ere ona duenez, erraz hartzen den sendabelarra dugu, umeentzat oso egokia. Guretzat bezala erleentzat ere erakargarria da, hain zuzen ere erlauntzak garraixkaz igurtzitzen ziren erle berriak erakartzeko eta zaharrak bertan mantentzeko.
Urdaileko gaitzetarako erabili izan da, batez ere urduritasunak sortutako edo larritutako gaitzak direnean. Haizeak kanporatzeko ona da eta urdaila baretu eta bere onera ekartzen laguntzen du. Gibelari behazun xixkua sortzen laguntzen dionez, betekada dugunean edo urduritasunak sorturiko digestio txarrak ditugunean hartzeko egokia da.
Infusiotan hartzen da lasaigarri gisa eta espasmoen aurka. Takikardien aurka erabiltzen da, bihotz-muskulua lasaitzen eta bihotzaren erritmo normala berreskuratzen laguntzen baitu.

Estresak eragindako buruko mina edo antsietateak sortutako giharretako tentsioa ditugunean lasaitzeko ere erabil dezakegu, are gehiago horrelakoetan lo hartzeko zailtasunak baldin baditugu.
Eltxoak uxatzeko ere erabiltzen da, eta hortzetako pasta batzuetan ere bai, propietate antiseptikoak dituelako eta usain ona duelako.
Bere olio esentziala lurringintzan eta gozogintzan erabiltzen da baina terapeutikoki ere interesgarria da, terpenotan aberatsa delako. Honetaz gain muzilagoak, flabonoideak, taninoak eta azido fenolikoak ere baditu.


 

  • Digestio aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Nerbio aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

Labiatuen familiako landare bizikor hau Mediterraneo ingurukoa da jatorriz baina gure lurraldera ondo egokitu da. Limoi usaineko hosto berde biziak ditu, lurrean arrastaka doazen herrestadarren bidez hedatzen delarik. Adarrak zuzenak izaten dira, urtekoak, eta ia metroa egin arte hazi daitezke. Udan lore zuriak izaten ditu, nektar asko dutenak, intsektu polinizatzaileak erakartzen dituelarik.
Baratza bazterretan eta lorategietan ikusiko dugu, baita lorontzietan ere. Ondo drainatutako eta materia organikotan aberatsak diren zoruetan hazten da.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora