[Garbiñe Larrea]
Eztul-belarra izenak berak erakusten digun bezala eztula dugunerako da egokia baina arnas-aparatuko hainbat gaitz tratatzeko ere balioko digu.
Hostoak aberatsak dira muzilagotan, inulinatan, flabonoideetan, azido malikotan, taninotan, fitoesteroletan, potasio nitratotan eta zink gatzetan. Printzipio aktibo hauek arnas-bideetako erretasuna eta hantura kentzeko gaitasuna dute, eztula sorrarazten duen espasmoa gelditzeko gai dira eta immuno estimulatzaileak ere badira. Mariano Ostolaizek urteko egunik luzeenak diren garaian biltzea gomendatzen zuen.
Loreak aldiz, profesional baten kontrolpean bakarrik erabili behar dira. Toxikoak diren bi alkaloide ditu, pirrolizidina familiako senkirkina eta tussilagina, biak ala biak ere gibelerako kaltegarriak. Gibeleko kalteak eta erreakzio toxikoak askotan gertatzen dira loreen belar-ura hartu ondoren.
Birika eta bronkioetako mintzak baretu, indartu, garbitu eta sendatzen ditu: hala, katarroa, marranta, asma, laringitisa, bronkitisa eta biriketako gaitzetarako egokia da, eztula izan edo ez erabil dezakegularik.
Ke, hauts eta aireko kutsadura handia dagoen tokietan lan egiten duten edo bizi diren pertsonentzat bereziki da ona eta ohi baino sarriago har dezakete, udazken eta negu osoan jarraian, egunean infusio bat.