Asteroko buletina
Kandelario elurra dario: San Blasek lagunduko dio.

Erromerua

Rosmarinus officinalis

[Garbiñe Larrea]

Erromeroaren bertute eta balioei buruz liburu oso bat idatz daitekeela dio esaerak eta hala da, erabilera anitzeko sendabelarra baitugu. Gaztetasuna mantentzeko fama izan du aurreko mendeetan, orain atzerritik datozkigun sendabelarrek tokia kendu diote baina hala ere antioxidatzaile bikaina izaten jarraitzen du.
Erramua (Laurus nobilis) eta errudarekin (Ruda graveolens) batera izurriteak, lapurrak eta espiritu txarrak uxatzeko erabiltzen zen, bai soinean eramanda eta bai etxean ipinita edo erreta. Erabilera magiko asko ditu. Bat aipatzearren, herpes zoster gaitza sendatzeko erromero adaxka fresko bat erabiltzen zen, mindutako tokia igurtziz Aita Gure bat errezatuaz.
Printzipio aktibotan aberatsa da, azido triterpeniko eta fenolikoak, flabonoideak, polifenolak, antioxidatzaileak, alkaloideak, burdina eta osagai mikatzak ditu. Bere esentziak alkanforra du, ilea indartzeko balio digun osagaia.
Erromero esentzia landarearen hostoetan dago gehienbat (%2 inguru), eguzkiak zenbat eta gehiago eman landareari, orduan eta olio esentzial gehiago izango du. Esentzia hau interesgarria denez, landarea eguteran landatuko dugu eta uda amaieran moztuko dugu, ahal dela.
Dituen flabonoide eta azido fenolikoek sendabelar diuretiko egiten dute, erreuma eta giltzurrunetako gaitzetarako aproposa eginez. Erromeroaren flabonoideek gorputzeko espasmoak tratatzeko ere balio digute, hesteak nahastuta ditugunerako eta hilekoak sorturiko minetarako balioko digularik.
Erromeroaren loreak azido kafeikoa eta rosmarinikoa ditu, gibelarentzat onuragarriak biak ere. Horregatik, gibela garbitu eta indartzeko erabili nahi izanez gero landarea loretan dagoenean moztuko dugu.
Erromeroa landare indargarria eta suspertzailea da, aldartea hobetzeko ere egokia. Odolaren zirkulazioari laguntzen dio, hortik datoz erromeroaren hainbat onura: buruko minak, nerbio ahultasuna, nekea eta abar arintzen ditu. Zirkulazioaz gain, nerbio sistema ere kitzikatzen duelako. Ahul dauden pertsonentzat, udaberriko neke edo asteniari aurre egiteko edo indarrak galduta daudenentzat sendabelar egokia da.
Hipotentsioa duten pertsonentzat bereziki da egokia, izan ere, erromero alkanforrak hipertentsore efektua dauka eta odolaren zirkulazioa tonifikatzen du. Estimulazio hau orokorra da baina batez ere bihotza tonifikatzen du eta giltzurrun gaineko glandula biziarazten du.
Buruko mikrozirkulazioa hobetzen du eta buruko neke eta memoria galera arinetarako ere egokia da. Erromeroak burdin ugari du eta honekin egindako olio eta alkoholak betidanik erabili izan dira ilea indartzeko. Burdinak ilearen zuztarra, folikuloa, indartzen du eta baita ileko gehiegizko koipea bere onera ekarri ere.
Gibelari bere lanak egoki egiten laguntzen dio, odola garbitzen laguntzen duelarik. Behazun arazoetarako ere egokia da baina behazunean harriak daudenean edo kendua dagoenean ezin da erabili. Orokorrean digestioa hobetzen du, haizeak ondo kanporatzen lagunduz.
Katarro eta eztularen kontra egiteko ona da arnasbideen zaindaria delako, bronkioena batez ere. Arnasbideetarako egokiak diren beste sendabelarrekin batera har daiteke, intsusaren lorearekin (Sambucus nigra) adibidez.

  • Arnas aparatua
  • Digestio aparatua
  • Zirkulazio aparatua
  • Ugal aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Nerbio aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

Lamiaceae familiako landare usaintsu honek hosto fin, luze eta iraunkorrak ditu.  Mediterraneo inguruko landarea da baina gure artean ondo egokitua dago, itsas mailatik hasi eta 1000 metro arteko altueran bizi delarik. Loreak urdin-moreak izaten dira eta ia urte guztian egoten da loretan, erleak erakarriz.     
Isurialde atlantiarrean landatua baratza bazterretan eta lorategietan ikusiko dugu, baita lorontzietan ere. Eskualde mediterranearrean mendian ere topatuko duzu.
 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora