Asteroko buletina
Berezko joera, arraia urera eta satorra lurpera
Dani Blanco

Erramua

Laurus nobilis

[Garbiñe Larrea]

Laurus latinez erramua dugu eta nobilis hitza nobletik dator, bere kategoriaren berri ematen digu deitura botanikoan, beraz. Olinpiadetako irabazleek erramu koroa izaten zuten sari eta Zesarrak ere koroa hori erabiltzen zuen buruan garaipen seinale.
Erramu edo ereinotz bedeinkatua etxeak babesteko erabili izan da gure herrian, baita lurrak eta ganadua bedeinkatzeko ere, ur bedeinkatua erramuarekin zipriztintzen baitzen. Pertsona hil ondorenean ere, gorpua bedeinkatzeko erramua erabiltzen zen. Erramu Egunean bedeinkatzen zen elizan, leku askotan erromeroarekin (Rosmarinus officinalis) batera, ekaitza zetorrenerako. Hain zuzen ere, etxetik gertu erramua landatzeko ohitura izan da, hala gaitzak uxatzen zirelakoan. Bedeinkatutako bi landare hauek sarrerako atean jartzeko ohitura bada oraindik ere toki askotan.
Hostoak izerditsuak izaten dira, usain sarkor eta estimulatzailea dutenak. Cineol, eugenol eta pineno osagaitan, taninotan, alkaloidetan eta bestelako azido organikotan aberatsak dira.
Erramu emeak bakarrik ematen ditu aleak. Siriako Alepoko xaboi famatua eta hainbat ukendu egiteko erabili izan da aleen koipe hau, printzipio aktibotan aberatsa baita. Cineol, eugenol, pineno, linalol eta limoneno esentziak ditu eta materia koipetsuak ere bai: azido laurikoa, palmitikoa, oleikoa eta linoleikoa. Koipe hauen ugaritasuna dela eta, askok erramu aleen gantzaz hitz egiten du.  
Osagai hauek denek urdailerako lagungarri handi egiten dute, haizeak kanporatzeko oso egokia, baita arnas aparaturako antiseptiko ona ere. Azala sakonki garbitu eta bere koipea orekatzeko ona da eta hezurretako minetarako ere erabili ohi da, berogarria baita.
 

  • Arnas aparatua
  • Digestio aparatua
  • Zirkulazio aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

Hosto iraunkor usaintsuak dituen zuhaixka hau isuri mediterranearrean eta atlantiarrean ikusiko dugu. 10-12 metro inguru hazten da eta enbor zuzena izan ohi du, oinetik adar berriak sortzen zaizkiolarik. Hostoak lantza formakoak ditu, gogorrak. Lore usaintsu laruak udaberrian izaten ditu eta udan oliba txikien tamainako fruitu berdeak, heldu ahala belztu egiten direnak.

Baso mistoetan, soro bazterretan eta etxe inguruko lorategietan ikusiko dugu. Tenperatura oso altuak jasateko gai da.

Nola eta zertarako

Hanketako astuntasuna, flebitisa eta barizeak tratatzeko bainu epela egiten da, txorkatiletik gora ahal den gehien sendabelar egoskinetan sartu eta ordu erdian egonez. 5 litro ur ipini sutan eta irakindakoan bina eskukada erramu, kamamila (Chamaemelum nobile) eta mendafina (Mentha piperita) ipintzen dira eta 15' tan beratzen eduki. Iragazi eta txorrotadar ozpin eta bikarbonato koilarakada bat gehitzen zaizkio. Likidoa epeldutakoan ordu erdian hankak bertan sartuta edukitzen dira. Egunero egin daiteke, uda partean batez ere.

Faringitisa sendatzeko hosto lehorrak erabiltzen dira. Bost hosto 250 ml uretan irakin bost minutuz eta beste 10 minutu eduki beratzen, iragazi eta eztia gehitu ondoren gargarak egiteko erabiltzen da. Goizean 20 aldiz eta gauean beste 20 aldiz egitea aholkatzen da.

Jatun txarrentzat bera hutsik edo beste espezia batzuekin nahastuta erabili izan da, urdaileko xixkua areagotzeko. Zopatan, eltzekarietan, barazki pureetan edo haragi zein arrainentzat prestatzen diren saltsatan jar liteke erramu hosto pare bat. Erramu hosto lehorrak, txikitu eta ehotu ondoren, hauts eginda, espezie nahasketa egiteko erabiltzen dira. Piper beltz hautsa (Piper nigrum) eta kumino hautsa (Cuminum cyminum) kopuru berean nahastu erramu hautsarekin batera eta aipatutako jateko prestakin horiekin guztiekin erabil dezakegu. Haizeak kanporatzen eta liseriketa gozoago egiten lagunduko digu.

Hilabetean egunean bitan, bazkari eta afari ondoren, erramun hostoen ura hartuta pankreari intsulina sortzen laguntzen dio, honekin batera odoleko glukosa maila ere jaitsiz. 

Antioxidatzaile ona denez, neke fisiko eta mentalari aurre egiteko erabiltzen da, bai sukaldean eta bai bere infusioa edanda.

Memoria indartzeko erromeroarekin (Rosmarinus officinalis) batera hartzen da infusioan, bakoitzetik kopuru bera jarrita. Infusio hau egunean bi aldiz hartzen da, goizean eta eguerdian. Tentsia altua dutenek ezin dute erromerorik hartu, kasu honetan erramua edo ereinotza bakarrik hartuko dute. Ikasleentzat edo lan mental handia dutenentzat egokia da. 

Xaboia egiteko sendabelar ezaguna eta estimatua da, hain zuzen ere Alepoko (Siria) xaboi famatuaren osagai nagusia da erramua. Sendabelarren propietateak ondo mantentzen dira xaboian, batez ere aleen koipea erabiltzen denean. Formula klasikoa teknikoki zaila da baina hotzean eginiko xaboiaren prozedura erabiliz egin dezakegu erramu xaboi ona (labandarekin egindako xaboiaren formula egokitu daiteke).

 

 

Kontuz

Haurdunaldian ezin da erabili baina edoskitzaroan segurua da, beti eta neurrian hartuta.

Heste narritagarriaren sindromea, Crohn-en gaixotasuna edo kolitis ultzeraduna gaitzak dituzten pertsonek ezin dute infusioan hartu. Elikagaiekin batera dosi txikian hartuta segurua da. 

Diabetesarentzat botikak hartzen dituztenek erramu hostoen ura har dezakete baina botiken kontrol ona egin behar dute, gero eta botika gutxiago beharko baitituzte. 

Errezeta

Erreumarentzat ukendua

Ukendu hau hezurrak 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora