[Garbiñe Larrea]
Euskal Herriko ermita eta baseliza askori udaberrian bueltan loratzen zaion zuhaixka dugu elorria, Arantzazuko santutegian dagoen Ama Birjina bera ere elorri enbor baten gainean dago jarria. Pert-sona izen (Elorri), abizen (Elortza, Elorriaga eta abar) eta toponimian (Elorrio) hain sarri aurkitzeak elorriak gure artean izan duen garrantziaren berri ematen digu.
Gurtza tokien inguruan hazi izanak izaera berezia ematen dio, gure artean bezala Europan ere tradizio askotan sendabelar sakratua izan delarik. XIX. mendean egindako ikerketen ondoren “bihotzerako landarea” deitu zitzaion, bihotza osasuntsu edukitzeko eta odolaren zirkulazio aparaturako propietate ugari aurkitu baitzitzaizkion.
Hosto eta loreetan tentsio altua tratatzeko egokiak diren flabonoideak eta taninoak aurkituko ditugu; zainak dilatatzeko, espasmoak kentzeko eta sedazio lan arina egiteko balio digute.
Giharrak erlaxatzeko egokia da, gehien erlaxatzen duena gihar kardiakoa bera izanik. Hala, taupada azkarregi edo indartsuegiak, bihotzeko ezintasuna edo nekea, arterioesklerosia, zirkulazio txarra edo estresak, batez ere estres emozionalak, sortutako bularraldeko presioa badauzkagu elorri zuria botika egokia dugu.
Barruan pilatutako emozioek sortutako itomena tratatzeko ere erabiltzen da, antsietatea eta urduritasunak sortutako ondoeza tratatzeko. Zahartzaroko bihotzeko arazoetarako estimatua da, burmuinera doazen odol-bideak indartzen dituelako.
Tentsioaren gorabeherak tratatzeko erabiltzen da, tentsio altua dagoenean bere onera ekartzeko erabiltzen da eta baxua dagoenean taupada indartzeko balio du; bi kasuetan taupadak orekatu eta berdintzan ditu. Estresak eragindako tentsio gorabeherak tratatzeko balio digu, egoera zailetan bihotza osasuntsu mantentzeko.
500 urte arte bizi daitekeen zuhaixka honen aleak lehor antzekoak eta pulpa gutxikoak dira baina flabonoide, polifenol, kumanina, tanino, C bitamina eta azido interesgarriz beteta daude. Hainbat tokitan elosika izenez dira ezagunak. Gordinik jateko ez dira erakargarriak baina propietate hauek gureganatzeko moduak badaude. Bihotzerako toniko eta antioxidatzaile oso onak dira, nekeari aurre egiteko eta bihotza indartzeko balio dutenak. Neguan hainbat txorirentzat elikagai diren bezala, guretzat botika indargarria izan daitezke.
Rosaceae familiako zuhaixka hau hostoerorkorra da eta 3-8 metro artean hazten da. Enborrak eta adarrek azal zartatua izaten dute, gris-marroia, eta arantzak izaten ditu adarretan. 5 petaloko lore zuriak adar puntetan pilatzen dira. Fruituak ale gorriak izaten dira, hazi bakarrekoak, animalia askoren elikagai.
Mendi-hegaletan, arkaitz artean, baso bideetan eta mendietako soilguneetan jaiotzen da. Hainbat tokitan ilaran landatu izan dira, hesi arantzatsuak sortzeko. Apiriletik ekainera bitartean loratzen da, erleak erakartzen dituen usain atsegina duelarik. Fruta arboletarako txertoen mentuoin gisa erabiltzen da.
Hosto eta loreen infusio edo belar ura sendabelar honen propietateak oso ongi baliatzeko modua da. Arratsalde eta iluntzean hartzea gomendatzen dugu. Egunean 2 infusio 6 astez hartzea behar izaten da onurak nabaritu eta egonkortzeko.
Garraixka (Melissa officinalis), mendaroa (Origanum majorama) eta ezkiaren lorearekin (Tilia platyphyllos) batera presta daiteke belar ura, eguean zehar izandako tentsio eta nekea tratatzeko eta estresak sorturiko gaitzak tratatzeko.
Elorri zuriaren ale helduekin tintura egin dezakegu udazkenean ale lehortu berriak alkohol zuritan beratuta (ikus tinturak nola egin atala). Zapore garratzak adieraziko digu C bitaminatan aberatsa dela. Bera hutsik har dezakegu antioxidatzaile eta suspergarri moduan, udazkeneko nekeari aurre egiteko. Koilarakada txiki bat uretan disolbatuta, egunean behin, otorduren baten aurretik, bizpahiru hilabetez. Hemen egin dugun bihotzeko tinturarekin batera nahas daiteke %50ean eta hartara elorri zuriaren propietate anitzak denak batera edukiko ditugu.
Horretarako tintura bakoitzetik 100 ml hartu eta biak nahastu ondoren frasko bakarrean jarriko ditugu.
Udaberrian lore eta hosto gordinak entsaladari gehituta jan daitezke, zopako koilarakada bat pertsona bakoitzeko. Gure liseriketa aparatuak elorri zuriaren zenbait propietate ondo baliatzen ditu gordinean. Hostoek intxaurraren moduko zaporea dute eta jateko atseginak dira.
Bihotzeko botika hartzen denean bateragarria da kasu askotan baina beste batzutan medikuari galdetu behar zaio, digitalina eta beta blokeatzaileekin adibidez ez baita bateragarria.
Bihotz-gutxiegitasun kongestibo diastolikoa dagoenean ez da erabili behar.
Hosto eta lorearen dosi handiek urdaileko nahasteak, logurea edo gehiegizko izerdia eragin ditzakete. Hori gertatzen bada murriztu dosia edo tratamendua eten bolada batean.
Haurdunaldian ez erabili. Umeari malformazioak sortarazi ahal dizkio (teratogenikoa da) eta elorri zuriaren erabilrak Pierre Robin sindromearekin loturarik ba ote duen hipotesia dago Edoskitzaroan segurua den jakiteko ikerketa nahikorik ez da egin. 2 urtetik beherako umeei ez eman.
Bihotzetarako tintura
Elorri zuri tintura indartsua etxean egin eta beharra dagoenean erabiltzeko prest edukitzea ideia ona da. Tintura hau bereziki indartsua eragin dugu, bi beratze epe dituena, hain zuzen ere larrialdia dagoenean azkar lan egitea nahi dugulako. Egunean 30 tanta hartzen dira gutxienez eta 90 gehienez, otorduen aurretik. Kasuaren arabera aztertu beharko da dosia.
OSAGAIAK 100 ml egiteko
* Elorri zuri hosto eta loreak, lehortu berriak
* Alkohol zuria, vodka edo uxuala, 250 ml inguru
* Kristalezko ontzi hermetikoa, 250 ml-koa
* Kristalezko frasko iluna, tantaz tanta isurtzeko xortakaria duena
PROZEDURA
1. Kristalezko ontzi hermetikoan ipiniko ditugu hosto eta loreak, erdiraino, zanpatu gabe. Lore ireki zein itxiak jarriko ditugu eta goraino alkoholez bete.
2. Hiru astez edukiko dugu armairuan, egunero mugituz.
3. Paperezko irazkia erabiliz ongi iragaziko dugu eta likido horretan berriro ere elorri hosto eta lore lehorrak jarriko ditugu, erdiraino.
4. Beste hiru astez edukiko dugu, armairuan, egunero mugituz.
5. Paperezkko iragazkiarekin iragaziko dugu eta kristalezko frasko ilunean jaso.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545