Asteroko buletina
Azaro, azaro, erein eta itxaro.
Dani Blanco

Egur-belarra

Lythrum salicari

[Garbiñe Larrea]

Ez dugu sendabelar ohikoenen artean aurkituko baina gure erreka bazterretan oso arrunta da. Tradizioz beherakoa tratatzeko eta ondesteko zenbait gaitzetarako erabili izan da, kolitisa edo koloneko narritadura duten pertsonek estimatuko dituzte loretxo gorri bizi hauek. Bere osagai nagusia taninoa da, mota askotako taninoak dauzka eta hauek lehortzen dituzte gure barruak. Baina antozianinak, muzilagoak, sakarosa, glukosidoak eta azido organikoak ere baditu, fitosteria kasu. Hostoak ere erabili izan dira baina ez dira loreak bezain aberatsak eta loreekin ikerketa gehiago egin direnez, loreak bakarrik erabiliko ditugu. Disenteria eta haurtzaroko beherakoak tratatzeko erabili izan da, umeentzat oso segurua baita. Baita sudurreko odol-jarioak geratzeko ere. Kanpo erabileran zauriak eta ultzerak ixteko baliagarria da, ukendu askotan beste zenbait sendabelarrekin batera ikusten dugularik. 

  • Digestio aparatua
  • Zirkulazio aparatua
  • Larruazala
  • Sudurra

Deskribapen botakinoa

Litrazea familiako belar erdiakuatikoa dugu, lurrean baina ur kontran jaiotzen dena. 1-2 metroko garaiera izan dezake eta multzoka hazten da, koloniak eratuz. Hostoak lantza-formakoak dira eta zurtoinak karratuak; puntan kolore gorri bizia duen lore tentea hazten zaio.

Erreka eta errekastoen inguruan jaiotzen da, baita azpian ura igarotzen den lur sailetan ere. Bere loraldia udarekin batera amaitzen da. 

Nola eta zertarako

Beherakoa mingarria eta kontrola ezina denean aiuta edo enema egiten da. 500 ml uretan landarea infusiotarako bezala prestatzen da eta epeldutakoan aplikatu. Haurrekin erabili izan da tratamendu hau eta helduekin ere berdin, haurrei asko kopuru txikiagoa aplikatzen zaie, adinaren arabera.

Sudurreko odol jarioetan goian aipatu dugun infusio hotza sudur-zuloetan sartu izan da baina bada beste erremedio bat ere: egur-belar hostoa txiki-txiki egin eta sudur-zuloetan sartzea, 10-15 minututan eduki eta kendu egiten da. 

Edateko egiten dugun infusioa kontzentratuago egin, 250 m uretan zopako koilarakada bat lore ipiniz, eta epeldutakoan zapia ondo busti eta ultzera edo zaurietan gau guztiean lotuta jartzea tratamendu ona da hauek ixteko. 

Hesteetako mina eta zaztadak ditugunean egur-belarra, kamamila (Chamaemelum nobile) eta milorria (Achillea millefolium) batera hartzen dira, egunean 3 aldiz, otordu ondoren. Honek hesteak baretu eta bere onera ekartzen laguntzen du, beherakorik eragin gabe. Kolitisa edo koloneko narritadura duten pertsonentzat ere egokia da infusio hau, epe luzean har dezaketelarik. 

Kontuz

Idorreria izateko joera edo libratzeko zailtasunak izaten dituzten pertsonek ez lukete hartu behar.

Botika idorgarriekin ez da bateragarria.

Errezeta

Egur-belarrari eman izan zaion erabilera arruntena eta ohikoena beherakoa tratatzea da eta horretarako infusioan hartzea da ona. Infusioa prestatzerakoan irakina eta beratzea aukeratuko ditugu, hauek baitira landareak dituen tanino preziatuak uretara igarotzeko modurik onenak. Beherakoa zenbaterainokoa den infusio bakarra edo bi har daitezke, ahal dela otordu ondoren. Hori bai, hiru infusiotik gora idorreria eragin dezake, tamainan hartu, beraz. 

Beherakorik izan gabe ere har liteke, kamamilarekin (Chamaemelum nobile) batera. Astean behin egur-belar lorea eta kamamila hartzea, ondesteko gaitzei aurrea hartzeko, ohitura ona da. Hori bai, idorreria edo libratzeko zailtasunak izaten dituzten pertsonek ez lukete hartu behar. 

OSAGAIAK 250 ml egiteko

* 250 ml ur

* Egur-belar lore lehorra, postreko koilarakada bat

* Eztia edo beste gozagarriren bat aukeran

 PROZEDURA

1. Urak irakiten duenean egur-belarra koilrakada bat bota, sua jaitsi eta 5 minutuz egosten edukiko dugu.

2. Sua itzali, tapatu eta beste 15 minutuz egonean edukiko dugu.

3. Iragazi eta nahi izanez gero eztiarekin edo beste gozagarri batekin hartuko dugu, ahal dela otordu ondoren. 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora