Errosazeoen familiakoa den belar honek bost hosto ditu eta lurrean arrastaka doazen herrestadarren bidez hedatzen da. Adar hauek meheak eta gorrixkak izan ohi dira. Marrubi landarearen oso antzekoa da baina marrubiak izan ordez hazi txikiak izaten ditu.
Eremu hezeetan eta ureztatzen diren tokietan hazten da. Larre eta zelai hezeetan ere bai, leku eguzkitsuetan ia beti. Apiriletik aurrera loratzen hasten da eta udazkena arte irauten du.

Kanpo erabilera emango diogu sendabelar honi. Bostorri infusio kontzentratua egin dezakegu eta ohiala ondo busti ondoren odoluzkietan ipini ordu-erdian. Eseritako bainuak egiteko ere balio du, modu berean, 2 litrotan 4 eskukada sendabelar ipinita. Ukendua edukiz gero gaza batean igurtzi eta gaza hori ipiniko genuke gau osoan.
Txorkatileko bihurritua izan eta hantura handia sortuko baligu odoluzkietan bezala infusio kontzentratua ipiniko genuke edo ukendu bestela.
Hortzak garbitu ondoren bostorri urarekin ahoari azken garbitua eman diezaiokegu, zauriak eta aftak sendatzeko. Egunean behin egitea nahikoa litzateke.

Beherakoarentzat har liteke baina kontuz ibili behar da, oso idorgarria izan litekeelako. Egurr-belarra (Lythrum salicaria) bezalako beste sendabelar batzuk erabiltzea seguruagoa da. Oro har, barne erabileran ez dugu gomendatzen ez delako oso segurua.
Odoluzkietarako ukendua
Ukendu hau odoluzkiak dituzten pertsonek estimatzen duten produktua da. Izan ere, odoluzki mingarriak tratatzeko balio du baina baita sintomarik txikiena sentitutakoan erabili eta hala min handiagoei aurrea hartzeko ere. Barruko odoluzkientzat ere balio du eta haurdunaldian zein erditu ostean erabil liteke.
OSAGAIAK 115 gr egiteko
* Bostorri hosto eta adarrak, berdetan
* Oliba olioa, 120 ml inguru
* 15 gr erle argizari
* Kristalezko ontzia
PROZEDURA
1. Bostorria eltzean ipiniko dugu eta ondoren oliba olioa, ez su zuzenean baizik Maria bainuan.
2. Beheko ontziko ura irakiten hasten denean kontatzen hasi eta ordu erdian edukiko dugu, tarteka eraginez.
3. Sua itzali eta gau osoan utziko dugu dagoen bezala, taparik ipini gabe.
4. Hurrengo goizean iragazi, sendabelarra zanpatuz, eta erle argizaria gehituko diogu, Maria bainua erabiliz hau ere.
5. Argizaria urtutakoan kristalezko ontzietan ipini eta erabat hoztu eta gogortu arte bertan utzi.
6. Etiketa ipiniko diogu, urtea eta osagaiak adieraziz.
7. Olio esentzialki berez ez du behar baina nahi izanez gero labanda (Lavandula angustifolia) olio esentziala, 20 tanta, jar dakizkioke kristalezko ontzira bota ondoren, hobeto kontserbatzeko eta bostorriaren lana indartzeko.