Deskribapen botakinoa

Borrajaren (Borago officinalis) familiako belar hau iraunkorra da eta multzoetan hazten da. Hainbat luzera eta sendotasunetako hostoak ilez estalita izaten ditu; berde ilunak edo orban zuriz beteak izan daitezke; biriketako gaixotasuna sinbolizatuz. Loreak txorten baten puntan jaiotzen dira, multzoan, urdin-more edo arrosa kolore bizikoak baina ez dira erabiltzen lan terapeutikoa egiteko. Hostoak bakarrik bilduko ditugu.
Otsailerako-edo loratzen da, itsas mailan zein mendialdean. Baso hezeetan, bide bazterretan, ezpondetan eta landu gabeko eremuetan ikusiko dugu.
Nola eta zertarako

Ezkaia (Thymus vulgaris) eztul-belar hostsoa (Tussilago farfara), malba (Malva sylvestris), plantaina (Plantago lanceolata) eta intsusa lorearekin (Sambucus nigra) batera infusioan har daiteke. Denak kopuru berean nahastu eta infusio batean bi koilarakada txiki ipinita. Egunean 3 infusio hartzea gomendatzen da, otorduen ondoren. Biriketako eta bronkioetako gaitzak tratatzeko erabiltzen da.
Aurreko puntuan aipatu dugun infusioa goizean baraurik har daiteke propoli tanta batzuekin negu guztian, arnas-aparatuko gaitzei aurrea hartzeko.
Tanino ugari dituzten sendabelarrak beherakoa tratatzeko erabiltzen dira eta baita odol-uzkientzat ere. Birika-belar urak eta xarabeak bietarako balio digute.
Atxikitako likidoak kanporatzeko eta aldi berean gorputzari kaltzioa emateko erabil dezakegu. Ez dugu epe luzean hartuko hala ere, hilabetean hartu ondoren atsedena egitea komeni da.
Kontuz
Paperezko iragazkia erabiliz iragazi behar da, hostoek dituzten bizar trinko gogorrek ahoa eta eztarria narritatuko dizkigutelako.
Errezeta
Birika-belar xarabea
OSAGAIAK litro bat egiteko
* Kilo bat ezti
* Birika-belar hosto berdeak
* Limoi ekologiko bat
* 30 ml propoli
* Kristalezko ontzi aho-zabala, hermetikoa
* Kristalezko botila iluna
PROZEDURA
1. Kristalezko ontzian limoia ipiniko dugu, azal eta guzti, xerratuta eta birika-belar hosto berdeak ontziaren 1/3 osatu arte, nahi izanez gero erdiraino ere bai.
2. Eztiz beteko dugu ontzia goraino.
3. 40 egunean toki epel eta ilunean edukiko dugu, sukaldeko armairun adibidez, tartean behin mugituz.
4. Epe hau igarotakoan iragazi egingo dugu eta propolia gehituko diogu, pixkanaka, ondo nahastuaz.
5. Kristalezko botila ilunean edukiko dugu.