Asteroko buletina
San Jurgi, artoak ereiteko goizegi.
Dani Blanco

Bioleta

Viola odorata

[Garbiñe Larrea]

Sendabelar hau loretxo dotorea eta usain berezikoa dugu. Izan ere, lore hauek destilatzetik lortzen den esentzia lurringintzan eta gozogintzan oso estimatua da, perfumeak eta gozokiak egiteko. Lorategietan ere ikusten dira bioletak baina basatia den Viola odorata honen familiako beste batzuk izan ohi dira, lurringintza eta farmazia industriek erabiltzen ez dituztenak, basatia nahiago dutelako.
Antzina, greziarrek bioleta usaintzen omen zuten aldarte petrala zeukatenean, goxatzeko-edo. Halaxe azaltzen da ondo sendabelar honek egiten duena, goxatu eta baretu. Aldartea, larruazala, urdaila eta eztarria. Hildegarda Von Bingen abadesa beneditarrak Alemanian 1098an bioletak ardotan beratu eta egunero kopatxo bat edatea gomendatzen zuen, arimako tristurak uxatzeko eta bizi izandako penak biriketako kaltea sortzen zuenerako.
Loreak muzilagotan aberatsak dira eta printzipio aktibo horrek baretzen dizkigu mintzak eta larruazala. Lurringintzan eta gozogintzan estimatua den esentzia ugari ere badu. Azido saliziliko pixka bat ere badu, sukarraren kontra eta minen kontra egiteko egokia. Zenbait tokitan hostoak ere erabiltzen dira baina nahikoa ikerturik ez daudenez, ez ditugu gomendatuko.

Sustraiek alkaloideak, saponinak eta azido organikoak dituzte, sendabelar modura erabil litezkeenak baina albo ondorio handiegiak dituztenez eta erabilera honek landarea desagertzeko arriskuan jartzea ekarriko lukeenez, ez ditugu erabiliko.
 

  • Arnas aparatua
  • Digestio aparatua
  • Nerbio aparatua
  • Larruazala
  • Begiak

Deskribapen botakinoa

Pentsamenduen generoko landare belarkara hau 10-15 cm hazten da. Hostoak bihotz formakoak izan ohi dira eta loreak negu erdialderako agertzen dira, udaberria iragarriz. More kolore iluna, usain gozoa eta bost petalo izan ohi dituzte lore hauek. Fruitua hazi ugariz betetako kapsula bat izan ohi da.

Baso ertzetan, eremu itzaletan eta lorategietan jaiotzen da. San Jose lorearen (Primula vulgaris) inguruan jaiotzen da askotan eta bateratsu desagertzen zaie lorea.

Nola eta zertarako

Bioleta lore lehorrak hutsik edo plantaina (Plantago lanceolata) eta malbarekin (Malva sylvestris) batera infusioan hartzen dira katarroa dagoenean arnas-bideetako mintzak baretzeko, marranta dagoenean, mukiak kanporatzeko eta eztula baretzeko. Ahots arazoetan eta eztarriko minetan ere erabiltzen da. 

Urdaileko minetarako ere erabiltzen da, mendabeltzarekin (Mentha spicata) batera, otrodu ondoren. 

Izpiliku finarekin (Lavandula angustifolia) batera infusioan hartzen da afalondoren egun gogorra izan dugunean, lotara joan aurretik nerbio sistema baretzeko

Oliotan  beratu eta oleatoa egiten da larruazala leuntzeko, baretzeko eta beronen hidratazioa mantentzeko. Oleato hau zuzenean eman daiteke azalean eta ukenduak, krema hidratatzaileak edo xaboiak egiteko osagai bikaina da. Dermatitisa eta narritadura dakartzaten azaleko gaitzak daudenean erabiltzeko egokia da, baita azal lehorrarentzat ere. 

Bioleta ura epeldutakoan begietarako kolirio moduan erabil dezakegu, begietako narritadura oso ondo tratatzen du.

Bioleta lore ura edatea eta oletoa aldi berean masajerako erabiltzea gorputzeko linfa drainatzeko eta garbitzeko modu eraginkorra da. 

Entsaladan jan daitezke; kolorea emateaz gain urdailerako lagungarriak dira. 

 

 

 

Kontuz

Bioleta ura gehiegi hartuz gero beherakoa eragin dezake, beraz, beherakoa izateko joera duten pertsonek gutxiago hartu beharko dute. 

Sustraiak ez ditugu erabiliko botalarria sorrarazten dutelako. 

Errezeta

Edari freskagarria

Intsusa loreekin egiten den moduan, bioleta loreekin ere edari freskagarria egin daiteke. Intsusarekin egindakoari xanpaina deitu izan zaio eta bioletekin egindako honi zenbaitek cava deitzen dio, Azukrea erabiliz hartzidura sortzeko gai dira lore hauek, edari goxoa eginez. Edari hartzitu guztien moduan alkohol pixka bat sortzen du baina %1 etik beherakoa izan ohi da. Gaur egun elikagai eta edari hartzituen onurei buruz hitz egiten den honetan, sendabelar basatiekin egindako produktuek ere toki bat egin dezatela gure sukaldean. 

OSAGAIAK 4 litro egiteko

* 6 eskukada bioleta lore fresko

* 6 koilarakada azukre edo panela

* 3 limoi ekologiko

* 4 litro ur filtratu

* Oihalezko zapia et goma

* Botila hermetikoak

* Kristalezko ontzi aho-zabala, 5 litrokoa

PROZEDURA

1. Kristalezko ontzi handian ipini azukrea, limoiak xerrtuta (azal eta guzti) eta gehitu ura, ondo nahasiz.

2. Bioleta loreak gehitu pixkanaka eta nahasi berriro.

3. Oihalezko zapia ipini ontziaren ahoan et goma batekin kendu.

4. Leiho txapaldan edo balkoian eduki 5 egunez, toki epelean, gauez barrura sartuz. 

5. Egunero eragin, uretan dauden osagaiak mugituz.

6. Bosgarren egunean loreen bueltan apar zuria izango du eta iragazi egingo dugu kristalezko botila hermetikoan sartuz. Bost egun hauetan hotz egingo balu eta aparrik sortuko ez balitzaio, egun gehiagoan eduki kanpoan.

7. Botiletan sartu eta beste 2-3 astez edukiko dugu kartoizko kaxa batean, hori bai, bigarren hartzialdi honetan litekeena da azkarrago hartzitzea, astebetean-edo, hala bada, ez luzatu bestela botila lehertu egin daiteke. 

8. Hozkailuan sartuko dugu eta hilabetean ondo egongo da. 

-------------------------------------

Udaberriko gurina

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora