Asteroko buletina
Ezkur berereango zia

Astalarrosa

Rosa sempervirens

[Garbiñe Larrea]

Gure basoetako bide bazterretan jaiotzen den arrosa basatiaren fruituak, aleak, erabiliko ditugu hainbat erremediotarako baina loreen petaloek ere badute erabilerarik. Hauek udaberrian biltzen dira eta ale helduak udazken hasieran.
Ale helduek A, C eta E bitaminak, pektina, taninoak, karotenoideak, antozianinak, flabonoideak, antioxidatzaileak eta azido organikoak dituzte. B1 eta B2 bitaminak, burdina, magnesioa, fosforoa eta sufrea ere badituzte. Negurako elikagai aberatsa izan da antzinako garaietatik.
Tanino ugari duenez lehorgarria da, beherakoaren kontrakoa. Zainak zaintzeko egokia da eta bitamina faltak dakarren nekeari aurre egiteko balio digu. Zauriak sendatzeko ere erabiltzen da.
Marmelada egiteko egokia da, fruitu gorriena batez ere. Bere C bitamina gal ez dadin, ez dugu egosiko.
100 gr ale lehorrek 300-400 mg C bitamina daukate, bitamina honetan aberatsenetakoa delarik.
Loreak muzilagotan aberatsak dira eta narritadura mota oro baretzeko erabili izan dira. Eztarriko, azaleko zein begietako lehortasuna baldin badago infusiotan har genezake eta infusio hotza begietarako kolirio moduan ere erabil liteke.
Gerra garaietan elikagai oso garrantzitsua izan da. Bigarren Mundu Gerran Erresuma Batuan jateko eskasia izan zen neguan eta gobernuak astalarrosa aleekin egindako xarabea egiteko agindu zien herritarrei. Halako arrakasta izan zuen 1945eko neguan Erresuma Batuak 1.000 galoi astalarrosa xarabe bidali zituela Frantziako errefuxiatu poloniarren zelaira negua gaixotu gabe igaro zezaten.
 

  • Arnas aparatua
  • Digestio aparatua
  • Zirkulazio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Begiak

Deskribapen botakinoa

Astalarrosa edo basa arronsondoa ezten erako arantzak dituen sastraka dugu, oso garaia egiten ez dena. Hostoek kultibatutako arrosondoen antza dute baina txikiagoak izan ohi dira. Loreek ez dute bururik osatzen, 5 petalokoak izan ohi dira eta kolore zuri, arrosa zein gorri ikusgarriak izaten dituzte. Fruitua mamitsua da eta barruan ilez babesturiko hazi asko izaten du.
Landu gabeko lurretan, leku malkartsuetan, ezpondetan eta bide bazterretan jaiotzen da berez baina landatu ere egiten da. Maiatzetik ekainera loratzen da eta fruitu heldua udazken hasieran biltzen da, ondo gorritutakoan.

Nola eta zertarako

Astalarrosa marmelada C bitamina gehigarri moduan erabiltzen da nekea, ahulezia eta anemia daudenean (bitamina honek burdina xurgatzen laguntzen baitu). Neguan gaixoaldiei aurrea hartzeko erabili izan da. egunero pixka bat jan liteke gosaltzeko. 

Astalarrosa aleen infusioa hartu nahiko bagenu, C bitamina eta gainerako bitamina eta mineralak geureganatzeko modurik onena infusio hori hotzean beratuta egitea da, hau da, ura iraki gabe. Gau osoan uretan eduki, iragazi eta pixka bat epelduta har genezake. Hori bai, ale lehorrek barruan hazi eta iletxoak berekin baldin badizuzte, lehorgarria izango da gure hesteentzat. 

Astalarrosa oleatoak azala indartu, argitu eta bizitu egiten du. Zauriak edo orbanak daudenean hauek sendatzeko eta azal berritzeko ere aproposa da. Aurpegirako serum moduan ere erabiltzen da, aurpegia garbitu ondoren pixka bat igurtziko dugu, oherakoan ahal bada. Kosmetika munduan ezagunagoa den arrosa mosketaren (Rosa eglanteria) inbidiarik gabeko prestakina da honako hau. 

Astalarrosa lorearen petalo lehorrak infusioan har litezke eztarriko marranta dagoenean. 

Baita bihotzerrearentzat ere, kamamilarekin (Chamaemelum nobile) batera. Kontuan izan libragarri arina dela.

Astalarrosa lorearen petalo lehorrekin infusioa egin eta hoztutakoan bi gasa busti eta begietan jartzen dira, kolirio moduan, begiei atseden emateko, antiinflamatorio ona baita.

Nafarroa erdi mendebaldean ale lehortu berriak anisetan beratzeko ohitura izan da, likidoak kolore oso gorria hartu arte, eta iragazi ondoren kopatxo bat hartzen zen otordu ondoren neguko ajeei aurre egiteko. 

 

Kontuz

Astalarrosaren haziekin eta iletxoekin kontuz ibili behar da, behar bezala iragazi ezean eztarrian itsatsi eta itomena sortuko digutelako. Narritagarriak direnez azkura sortuko digute bai eztarrian eta bai urdailean. Beraz, infusioa bada paperezko iragazki bat erabiltzea beharrezkoa da eta oliotan beratu ondoren oihal trinkoa duen iragazkia erabili behar da. 

Libratzeko arazoak baldin baditugu aleak beti barruko hazi eta iletxorik gabe erabili beharko ditugu, bai infusiotan, bai marmeladan eta bai anisetan beratuta. 

Errezeta

Astalarrosa oleatoa

OSAGAIAK litro 1 egiteko

* Astalarrosa ale helduak, hazi eta guzti.

* Ekilore olio ekologikoa.

* Kristalezko ontzi aho-zabala, hermetikoa.

* Kristalezko botila iluna. 

PROZEDURA

1. Ale helduak txikitu egingo ditugu, eskuz motrailu batean edo guraizeekin zatituz.

2. Kristalezko ontzian jarriko ditugu, aho zabala eta itxiera hermetikoa duen ontzian, eta goraino olioz beteko dugu. 

3. Orain bi aukera daude, bat hotzean eta bestea berotan beratzea. Hotzean beratzeko ontzia 40 egunean itxita edukiko dugu, ahal dela eguzkitan. Berotan, berriz, Maria bainuan 15 minutuan berotuko genueke, tapa irekita, eta hozkutakoan tapa itxi eta hiru astez armairu barruan edukiko genuke.

4. Era batea edo bestera egin epea igarotakoan ongi iragaziko dugu, hazien inguruko iletxoak ahal den ondoena kenduz.

5. Kristalezko botila ilunean jasoko dugu.

 

Astalarrosa marmelada

OSAGAIAK litro 1 egiteko

* 250 gr mugurdi (Rubus idaeus)

* 250 gr masusta (Rubus ulmifolius)

* 300 gr astalarrosa fruitu fresko, haziak kenduta

200 gr gozagarri; panela edo urki azukrea

* Kristalezko ontziak

PROZEDURA

1. Fruitu gorriak eta gozagarria nahastu eta eltze batean jarriko ditugu, tapatuta, gau guztian egonean.

2. Astalarrosak labanaz goitik behera zatituko ditugu eta barruko hazi eta iletxoak txukun-txukun kenduko dizkiegu 300 gr osatu arte. Uretan garbituko ditugu.

3. Fruitu gorriak eta gozagarria sutan jarriko ditugu. Su bizian aurrena eta irakiten hasitakoan su txikian edukiko ditugu ordu erdian, eraginez.

4. Sua itzali eta astalarrosa ale hustu eta garbituak gehituko ditugu. Irabigailuarekin ondo txikituko dugu guztia ore xehea egin arte. Astalarrosa aleak ez ditugu egokiso, bestela C bitamina asko galduko luketelako. Pektina duenez ez du loditzeko gairik behar baina orea oso mehea dagoela ikusiko bagenu postreko koilarakada bat agar-agar edo pektina (3 eta 5 gr artean) gehituko diogu eta beste 5 minutuan egosi su txikian.

5. Kristalezko ontzietan jarriko dugu prestakina, tapak ondo itxi eta buruz behera utziko ditugu erabat hoztu arte.

6. Hurrengo egunean ontziei ordu erdiko Maria bainua emango diegu eta erabat hoztutakoan atera uretatik. 

7. Egun pare bat igarotakoan jateko moduan egongo da. Gazta edo jogurtarekin oso goxoa. 

 

 

Astalarrosa oleatoa

OSAGAIAK litro 1 egiteko

Astalarrosa ale helduak, hazi eta guzti. 

* Ekilore olio ekologikoa.

* Kristalezko ontzi aho-zabala, hermetikoa.

* Kristalezko botila iluna. 

PROZEDURA

1. Ale helduak txikitu egingo ditugu, eskuz mostrailu batean edo guraizeekin zatituz.

2. Kristalezko ontizan jarriko ditugu, aho zabala eta itxiera hermetikoa duen ontzian, eta goraino olioz beteko dugu.

3. Orain bi aukera daude, bat hotzean eta bestea berotan beratzea. Hotzean beratzeko ontzia 40 egunetan itxita edukiko dugu, ahal dela eguzkitan. Berotan, berriz, Maria bainuan 15 minutuan berotuko genuke, tapa irekita, eta hoztutakoan tapa itxi eta hiru astez armairu barruan edukiko genuke. 

4. Era batera edo bestera egin epea igarotakoan ongi iragaziko dugu, hazien inguruko iletxoak ahal den ondoena kenduz. 

5. Kristalezko botila ilunean jasoko dugu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora