Asteroko buletina
Bizitzaren saioen eta pasioen artean, zein ederra den baratzea.
2024-05-06 | Elkarrizketak

12. 30 sendabelarrez egindako ukendua

Elkarrizketak

Gaurko sendabelarra txikori-belarra (Taraxacum officinale) da. Zer esan eta zer azaldu handia ematen digun sendabelar xumea ekarri dugu gaurkoan eta hurrena II eta III atalak egiteko asmoa daukagu. Sustrai, hosto eta lore dena du baliagarria eta printzipio aktiboz betea da. Hosto lehorrekin egindako infusioa garbikari bikaina da udaberrian hartzeko, orain ematen ari naizen gibel garbiketako ikastaroetan sendabelar hau famatu besterik ez dut egiten.

Osagai ugari eta konplexuak ditu: taraxazina, flabonoideak, inulina, osagai triterpenikoak, karotenoideak, erretxin azidoa, taninoak, enzimak eta azido koipetsuak ditu. A, B2 eta C bitaminak eta azido folikoa izateak elikagai on egiten du. Potasioa, kaltzioa, burdina, fosforoa, magnesioa, selenioa eta manganesoa bezalako mineralak, enzimak, azido koipetsuak eta taninoak ere baditu.

Digestio aparatuko lau organo garbitzeko eta indartzeko gai dira hosto eta loreak. Eskuinetik hasita gibela eta behazunari lan eginarazten die lehenbizi, eta ezkerreko aldean barea eta pankrea tratatzen ditu ondoren. Beti ere, beherago eta atzerago ditugun giltzurrunak garbituz; diuretiko ezaguna baita. Organo hauei lan eginarazi eta digestioa hobetzen du, odola eta larruazala garbitzearekin batera.

Gibel eta behazuneko gaitz eta ezintasunetarako erabiltzen da, behazunean harriak daudenerako adibidez. Digestio geldo eta astunak eta idorreria tratatzeko ere balio du. Gorputzeko likido pilaketa, hezueria edo gota eta erreuma tratatzeko ere erabili izan da txikori-belarra, hosto eta loreen infusioa eginda.

Sendabelar honen hosto lehorren infusioak tentsioa jaisteko lagungarri dira. Odolaren zirkulazioa hobetzeko gai ere bada. Gordinik entsaladan jan daiteke. Hostoa eta lorea erabiltzen dira baina bakoitzetik bi edo hiru bakarrik; asko janez gero beherakoa eta ondoeza eragin baitezakete. Inulina zuntza dute hostoek, gure hesteetarako gai onuragarria.

Haurdunaldian ez hartu, eragin garbitzailea eta diuretikoa duten sendabelarrek aztoramena eragin eta haurra intoxikatu dezaketelako. Edoskitzaroan ere ez da gomendatzen, aurreko arrazoiez gain esnea mikazten duelako. Urdaileko ultzera, gastritisa, behazun-buxadura, behazunean harriak, kolitis ultzeratsua eta kolon narritagarria bezalako gaitzak daudenean txikori-belarra dosi arinetan hartu behar da eta ondoeza edo kaltea eragingo balitu, hartzeari utzi. Izan ere, behazun hiperreakzioa eragin dezake eta horrek gaitz hauen sintomak larriagotzea ekarri. Beherakoa eta bihotzerrea eragiten baditu dosia eta maiztasuna gutxitu edo hartzeari utzi. Tentsioa jaisteko botikak eta diuretikoak hartzen baldin badira, medikuari galdetu txikori-belarra erabili aurretik.

Bestetik, Errezilgo Eguzkitza baserria jo dugu, izan ere, 30 sendabelar dituen ukendua egiten duen norbait bizi da bertan: Ines Alustiza. Elkarrizketa egin diogu, hainbeste sendabelar dituen ukendurik inon gutxi ikusi dugulako eta jaso beharreko ondarea dela iruditu zaigulako. Berak azaldu digu nola eta norekin ikasi zuen ukendu berezi hau egiten, nola erabiltzen duten eta baita nola egiten duen ere. Oso eskuzabala izan da gurekin, osagaien zerrenda ere eman digulako. Hemen ipintzen dizuegu, sendabelarrak ondo identifikatzeko moduan, ondoan izen botanikoak dituela. Eskerrik asko, Ines!

 

POMADA SANJUANERA | Laura Gurbindo eta Ines Alustiza. Errezil 2024.

  1. Bostorria Potentilla reptans
  2. Kalendula Calendula officinalis
  3. Berbena Verbena officinalis
  4. Pasmo-belarra Lysimachia arvensis
  5. Larrosa petaloak Rosa damascena, Rosa gallica etab
  6. Plantaina Plantago lanceolata
  7. Sasia Rubus fruticosus
  8. Zaingorria Geranium robertianum
  9. Intxaurrondoa Juglans regia
  10. Milorria Achillea millefolium
  11. Ezkaia Thymus vulgaris
  12. Santio-belarra Hipericum perforatum
  13. Errromeroa Rosmarinus officinalis
  14. Orein-mihia Asplenium scolopendrium
  15. Azeri buztana Equisetum arvense
  16. Lapa-belar sustraia Arctium lappa
  17. Izpilikua Lavandula angustifolia
  18. Ebaki-belarra Hylotelephium telephium
  19. Zarta-belarra Anthyllis vulneraria
  20. Eztul-belarra Tussilago farfara
  21. Amuntza Glechoma hederacea
  22. Teilatu-belarra Sedum acre
  23. Txantxapota Umbilicus rupestris
  24. Malba Malva sylvestris
  25. Iodo-belarra Chelidonium majus
  26. Apo-belarra Verbascum thapsus
  27. Salbia Salvia officinalis
  28. Zolda-belarra Symphytum officinale
  29. Arnika Arnica montana
  30. Intsusa lorea Sambucus nigra

Gaurko gomendioaren atala udaberrian gibela garbitzeko ditugun aukeren inguruan egin dugu, hasieran aipatu dugun txikori-belarra erabilita.

:: ::
Egileak:
Bizi Baratzea Bizi Baratzea, ARGIA

Menda Bikoitza gehiago:

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora