Asteroko buletina
Urrillero ona, kosetxa ona
2024-02-25 | Egonarria

7. Lipu-belarra, bioleta eta beste lore batzuk

Egonarria

Albiste deigarri batekin hasi dugu saioa. Loreak autopolinizatzen hasi zaizkigu eta horrek gauza asko esan nahi ditu. Batetik intsektuen lanari uko egiten diotela, honek intsektuengan duen eragina handia izanik, eta bestetik guk uste baino azkarrago eboluzionatzeko gai direla hainbat landare. Ikerketa Frantzian egin da eta zer esana ekarri du. Hona esteka gehiago jakin nahi izanez gero.

Gaurko sendabelarra bioleta (Viola odorata) da. Neguko lore xume hau sendabelarra dugu, nahiz kosmetikan, lurringintzan eta gozogintzan ere erabiltzen dugun. Askorentzat amonaren karamelu moreak izango dira bioletak eta ez du jakingo loretxo usaintsu hau leungarri bikaina dela gure mintzentzat eta gure azalarentzat. Hildegarda Von Bingen abadesa beneditarrak Alemanian 1098an bioletak ardotan beratu eta egunero kopatxo bat edatea gomendatzen zuen, arimako tristurak uxatzeko eta bizi izandako penak biriketako kaltea sortzen zuenerako. Iaz artikulu hau eskaini nion.

Sendabelar pozointsuei buruz jarraituko dugu hizketan, bai, dirudienez entzuleoi gai hau gustatu egin zaizuelako. Ez genuke sendabelar esan behar, landare baizik baina askorentzat eztabaida dago hemen. Gaur lipu-belarra edo otso-baba (Helleborus foetidus) dakarkigu, urte sasoi honetan gure artean loretan daukagun landarea. Gerratan arma kimiko gisa erabili izan zuten, bere pozoinez geziak busti eta hala askoz hilkorragoak egiten zituztelako geziak. Gure artean otsoak pozointzeko erabili izan zen, hortik datorkio izena. Ez diogu erabilerarik ikusten, dosifikazio konplexu eta delikatua duela esatea eufemismoa iruditzen zaigu egia esan…

Gaurko gomendioa bioletak eta San Jose loreak (Primula vulgaris) gurinetan beratuta jatea da. Izan ere, udaberriko aurreneko loreak gurinarekin batera jatea aspaldiko ohitura da. Naturaren indar berria geureganatzeko modua dela dirudi, gurin hori ere belar berria jan duten animalietatik eratorria den esnekia delako. Udaberriko astenia edo nekeari aurre egiteko elikagai egokitzat jotzen da. Bioleta gordinik janda bere muzilagoak hobeto baliatuko ditu gure gorputzak. 250 gurin ekologiko su txikian urtu bitartean labeko papera ipiniko diogu katilu zabal bati. Bertan eskukada bat bioleta fresko eta beste eskukada bat San Jose lore fresko ipiniko dugu eta gurina urtutakoan loreei gainera bota. Kanpoan epeltzen utzi eta ondoren hozkailuan sartuko dugu. Erabat gogortutakoan labeko papera kendu eta gurina edukitzeko ontzian ipiniko dugu. Gosaltzeko gutizia bikaina!

:: ::
Egileak:
Bizi Baratzea ARGIA, Bizi Baratzea

Menda Bikoitza gehiago:

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora