Asteroko buletina
Izotza Santutxun jaio zen eta Bidanian bataiatu zuten

Landarepedia

Tomatea

Lycopersicon esculentum

[Jakoba Errekondo]

Jatorri amerikarra duen landare hau XVI. mendean ekarri zuten Europara, baina ehunka urte kosta zaio gaur egun duen ospea hartzea. Txarra zela, gaitzak eragiten zituela... makina bat kontu ibili da tomatearen inguruan. Egindakoa, kontserbatutako tomate saltsa bai, baina gordina duela gutxi arte ez da jan izan. Gure aitona Benito zenak ere 80 urte zituenean ikasi zuen jaten, pentsa! Geuk ere umetan, gordinik jateko azukrez estalita ikusi behar genuen. Lehen Solanum lycopersicum deitzen zitzaion. “Lycopersicon” horrek garai batean zuen fama txar hori jasotzen du: “otsoaren muxika” esan nahi du. Orain, aldiz, Lycopersicon esculentum, deitzen zaio, “esculentum” horrek gozoa esan nahi du. Tokitara joan gara!
Gaur egun ehunka tomate aldaera daude, eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Buru adinako abururentzako kolore, forma, itxura, neurri eta dasta desberdineko tomate badago.
Piperraren familiakoa bada ere, askoz ere lan handiagoa emango dizu. Euskal Herriko isuri atlantikoan tomate urtea izatea zaila da, oso urte bakanak dira onak. Beraz hori buruan izan tomatea jartzen duzunean: urte arrunta bada ez duzu ia tomaterik jango.
Hala ere, uda partean landarean bertan behar den bezala gorritu eta heldutako etxeko tomatea jatea bezalako luxu gutxi direnez, saiatu.

 

Oinarrizko premiak

Toki beroa eta babestua aukeratu. Lur aberatsa behar du. Aldatu aurretik ondo desegindako simaur asko eman lurrari. Fruituetarako potasioa behar duenez, errautsa atsegin du. Isuri atlantikoan behar baino ur gehiago izango du, gehienetan, beraz inoiz ez ureztatu, soilik aldatu eta itsasterakoan. Kontuz tokia aukeratzerakoan eguzkia eta beroa eta eguzkia eta beroa behar ditu. Tenperaturak 33ºC-tik gora edo 12ºC-tik behera egiten badu lorea emateari uzten dio. Tomatea berez sasi baten tankerako landarea da, kimu mordo bat eman eta lurrean zabalduko litzateke. Hemen, dena usteltzea nahi ez badugu, lurra kendu behar diogu makilak jarriz, eta zarbajea mugatu, indarrak tomate ale gutxi batzuetan biltzeko.

 

Noiz zer lan

Hazia martxoa aldera erein, toki babes eta bero (22º C inguru) batean. Ernatutakoan tenperatura hotzagoetara ohitu behar da, pixkanaka. Nahi izatera 3 hosto dituenean ontzietara aldatu. 12-15 cm dituenean baratzean jarri. Aldatzerakoan lurrean sakon sartu eta ez beldurtu pixka bat pattaltzen bada, lurperatutako zatian sustraiak ematen dituenean igarriko diozu. Tartea garrantzitsua da, 50 cm utzi landareen artean eta errenka artean 80-100 cm. Itsasteko ureztatu, gehiago ez du ikusi behar ureztagailurik ez mahukarik. Landarea jarri eta berehala makila jarri behar zaio. Luzatu ahala honi lotu. Hostoaren oinean sortzen diren kimu edo altsumak kendu egin behar dira, bestela zarba asko eta tomatea eskas izango dugu. Indar handiko aldaera bada, enbor bakarra utzi beharrean bi utzi daitezke indarra banatu eta landareari makilaren inguruan eusteko. Hostorik ez kendu tomateari; hostoak elikatzen ditu fruituak ere. Bestetik, ahal den zauri gutxien egitea komeni da, zaurietatik sartzen dira eta gaitzak.
Tartea jorratu eta landarearen ipurdia lurreztatu. Hau garrantzitsua da, lurraren gainetik sustraiak botatzeko ohitura du eta horiek lurperatu eta lanean jartzeak onura besterik ez dio ekarriko.

 

Uzta

Tomatea jateko garaian, eskola ugari dago. Niri heldua gustatzen zait, landarean bertan heldua, gorri-gorria. Gorria bada, jakina; bere kolorekoa, alegia. Batzuei tomatea berdea gustatzen zaie, berarentzako. Bakoitzak bere amona du.

 

Gaitzak eta izurriteak

Jakien eskasiak edo desorekak arazoak ekarri ditzakete: ipurdi beltza kare faltak, hostaia horitzea magnesio faltak...
Gaitzetan gorrina da erregina. Kaldo bordelesa, sufrea, azeri buztanaren ura eta esnea (edo gatzura) nahastuta erabili gaitzei aurre egiteko.
Sasoi hotzean aldatutako landareetan sustraiak belztu eta alferrik galdu daitezke. Landarea erabat galdu aurretik inguruan simaur berria jarri eta hau eta landarea lurreztatu. Beroak sustrai berriak ekar ditzake.
Tomatearen harra lehen aleekin agertuko da. Hostopeko arrautzak kendu.
Euli txuria eta zorria ere apopilo izaten ditu. Tomate tartean ilenak edo ebaki-belarrak aldatu, euliak uxatuko dituzte.
Hari harrak ere erasotzen du. Lurpean sustraien artean azenario trontzoak jarri, haietara bilduko dira, eta egunero bildu eta akabatu.

 

Nor norekin

Alberjinia, piperra, zainzuria, baratxuria, tipula, porrua, kaputxina, uraza eta perrexila lagun ditu. Baina gogokoenak ilena, albahaka eta apioa ditu, nik ere hala izango nituzke, euliak eta uxatzen dizkiote!
Ikusi ere egin nahi ez dituenak luzokerra, mihilua, babarruna eta patata dira.

 

Trikimailuak

Katuak siesta non, tomatea han.
Tomatearekin huri hitz uztartzen dira: beroa, argia eta eguzkia. Hirurak baldin baditu tomate aberatsagoak kalitate hobeagokoak izango dira.
Tomatearentzako toki onena hego aldera begira dagoen horma baten kontra da. Eguzkiak ederki emango dio, baita hormari ere, eta honek gauean ere bero eutsiko dio inguruari. Hormaren azpian urak erraz alde egingo du.
Kontuz simaurrarekin. Ondo desegin gabekoa emanez gero, zarba mardulak bai baina loreak zapuztu egingo dira.
Hezetasunari ihes egiteko: landareen arteko tartea handitu (eguzkiak lurreraino eta landare guztira iritsi behar du) eta tontor baten gainean aldatu (aldatu eta gero inguruan tontorra egin ez, tontorra egin eta aldatu)
Landareak jarri berriak direnean astean behin, 3-4 aldiz, asun urarekin ureztatu.
Mildiuari aurre egiteko aldatzeko zuloa egiten dugunean azpian xehatutako asun zarbak jarri.
Giro hotzak badira, alfer alferrik jarriko dituzu tomate landareak. Hobe da beroari itxarotea, azkarrago etorriko da gero. Geurean udaberria euritsua izaten da. Maiatza baino lehenago ez nuke jarriko. Beranduxeago etorriko da, baina hemen udazkena ona izan ohi da eta orduan bai tomateak!
Izotzen beldurrik ez duenean loratzen da elorri zuria. Hura zuri ikustean orduan aldatu tomateak.
Eguzkia eta beroa, gogoratu. Kontuz noren aldamenean jartzen duzun, ez diezaiola gero eguzkia kendu.
Tomate ale txikiak ematen dituzten landareak ez dira kimatu behar.
Intsekturen batek kosk egin badizu, tomate hosto batekin igurtzi.
Tomateak inaustean kimuak jaso egin, zorriak tratatzeko urak egiteko.
atzera

Erlazionatutako jakingaiak

Patata zomorroaren gerra
2016-06-26 | Jakoba Errekondo
Patata zomorroa Europako ehun izurrite txarrenen artean dugu. Gerra ederra ematen du. Oligofagoa da, hau da, jaki gutxi batzuk besterik ez ditu jaten: patatak (Solanum... (+)
Zakar montonean lur ustela
2015-09-27 | Jakoba Errekondo
Baratze bazterrean beti behar du hondakinak usteltzeko txoko bat. Zopizartzean, jorratzean, belarrak kentzean edo uzta amaitu delako berea eman duten landareen hondakinak kentzean sortzen den... (+)
Iruditu, ustez...
2015-09-20 | Jakoba Errekondo
Euri jasa itxurazkoa bada, ondoren errioak ur-karga dezentekoa ekartzen duen tankeran, aurten fruitu urtea da. Gero atera beharko dira kontuak, eguraldiaren segidak edo zer arraio... (+)
Sagar urtea
2015-09-13 | Jakoba Errekondo
Aurrera-atzera honetan, aurtengo uda hau xelebrea doa, bada. Fruituen urte berezia. Tomateak eta piperrak ez dira makal ari, eman eta eman. Itxura kaskarrena lekei eta... (+)
Kafea baratzera
2015-06-28 | Jakoba Errekondo
Mikatza dut kafea. Mikatza dut gustuko. Gozotik urruti, gazi puntta eta erre punttua duena. Gatz ttantta bat ere ederki letorkiokeela amets egiten dut, maiz. Izan... (+)
3 edo 4, zenbat mutur?
2015-06-21 | Jakoba Errekondo
Piper sasoia abiatu da. Gaur egun urte osoan ditugu piperrak, baina piper sasoia abiatu da, hemen. Bertako piperren sasoia. Ameriketatik ekarri genuen jaki hori, eta... (+)
Mausar mausaria
2015-02-22 | Jakoba Errekondo
Erreka, ibai eta errio aldamenetako erribera lurrak dira Euskal Herri atlantikoko nekazarien ametsetako paradisua. Lur onenak hortxe bildu dira, urak ekarrita milioika urtean; ez kristorik... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora