[Jakoba Errekondo]
Marrubi basatia Fragaria vesca da. Haren dasta eta, batez ere, lurrin paregabeari omenezko izena da “fragaria” hori: usain gozoa. Gaur egun jaten ditugun marrubitzarrak (Fragaria x ananassa) fruitu askoz ere handiagoa dute, baina era berean, makalagoak eta ia usainik gabekoak dira. Aldaeren hautaketa tamainaren arabera egin izan da, kalitatea bazter utzita. Begiekin jateko eginak daude gaurko marrubiak, edo marrubitzarrak; aho sabairako motel-motelak, ordea.Ahal izanez gero marrubi aldaera edo mota zaharren bat duen batengandik landareak eskuratu.
Jaten duguna benetako fruitutxoak eusten dituen koxkorra da. Marrubiaren azalean dauden pikor txiki horiek dira fruituak.
Marrubiak fruituez gain landaretxoak ere berak sortzen ditu, amaren klonak, hau da amaren ezaugarri berdin-berdinak dituztenak, fruitu berdina emango dutenak... Fruituak eman ondoren, hosto tartetik herrestadarrak luzatuko ditu, eta lurra ukitzean, han landaretxo berriak haziko ditu. Hauek hurrengo udaberrian landare arruntak izango dira.
Landare txiki honek ez du bero handia maite, egunez 20º C eta gauez 12º C inguruko giroa bai. Neguan bizimodua baretzen du eta udaberrian piztu, uda hasieran gorenera iritsiz. 3-4 urte iraungo du. Pattaltzen ari direla jabetzean landaretxo gazteekin sail berri bati ekin.
Lur harroa, aberatsa eta freskoa gustatzen zaio. Lur hezeegietan usteldu egingo da, eta lehorregietan ahuldu.
Toki hotzetan udaberrian eta bestela, geurean lur gehienetan, iraila-urria-azaroan aldatzen da marrubia. Landare zaharrak dauden tokian, herrestadarren bidez berriak sortuko ziren. Hauek lurretik atera, ahal bada bakoitza bere lur mordoxkarekin eta toki berrian aldatu. 35 x 35 cm tartea utziz sailean aldatzen da. 90-100 m taulenak egiten dira alde bietatik bildu ahal izateko.
Behar adina jorratualdi eman. Landareen artean lastoa edo belar ondua edo antzeko zerbait jartzen da lurrari fresko eutsi eta marrubi koxkorrei lurra kentzeko. Fruitua hazten ari den garaian lehorteak ikaragarri kaltetzen du, ureztatu.
Ongarriarekin eskuzabal jokatu, eman eta eman! Simaur zahar-zaharra hondar edo mausar pixka batekin nahastuta oso ona da. Otsaila martxoa aldera landare artean banatu.
Landareak hazitik sortu nahi badituzu, erruki zaitut. Uztailea erein, neguan toki babesean eduki eta martxoa aldera aldatu. Lehen urte horretan gutxi eta berandu emango dute fruitua.
Badira herrestadarrik ematen ez duten aldaerak. Hauek ugaltzeko, uztailetik irailera arte, hosto eta fruituen txorten lehorrak kendu eta lurreztatu, enbortxoak sustrai berriak eman ditzaten. Irailaren amaian edo urrian landare zaharrak ipurditik atera eta labana txorrotx batekin ebakita banatu. Simaurra, lurra eta ura nahasiz egindako ore batean bustita aldatu. Inguruko lurra gogotik zanpatu eta berehala ureztatu.
Goizean goiz bildu marrubiak. Eguerdi aldeko ordu beroetan baino askoz ere lurrintsuagoak izango dira.
Biltzerakoan fruitu bakoitzaren txortena azkazalarekin-edo ebaki, landareari kalterik ez egiteko.
Bareak eta barraskiloak marrubi aleak jaten dituzte.
Intsektuetan ere badu arerio franko: zorriak, akaroak, erlastarraren harra, luhartza, nematodoak...
Hezetasuna pilatzen den tokietan gaitza ugarik erasotzen du: zurina, usteldura grisa eta abar. Era berean ez da ongi elikatuko. Urtero gaitzei aurre egin eta marrubi taulena berritzeko, ikusi aurreraxeago trikimailuen atala.
Borraja, ezkaia, uraza, espinaka eta babarrun motza lagun ditu.
Baratxuriak jarri aldamenean, gaitzak eta akaroak uxatuko ditu.
Marrubi taulenaren bizitza luzatzeko: azaroan hosto guztiak moztu, lur gainetik 2-3 cm-ra, erre eta pinu orriz 4-5 cm lodiko azpiarekin lurra estali eta babestu.
Marrubiak landare asko ematen du, urtero. Behar ez dituzunak, beste baratzezainei eskaini, eta badakizu, txerrimunik ordainetan!
Landare artean ziapea erein udan, eta lurpean erasotzen dituzten nematodoak haizea hartzera bidaliko ditu. Ziapea urteko belarra denez neguan desagertu egingo da.
Marrubi basakaren lurrin paregabearen omenez, jarria du izena: "fragaria", usain gozoa.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545