Asteroko buletina
Bizitzaren saioen eta pasioen artean, zein ederra da baratzea

Landarepedia

Karraskila

Rhamnus alaternus

Ez da ugaria gurean. Berozalea da, eta gozo bizi ohi da zaletasun hori bera duten beste zuhaitz eta zuhaixken artean, hala nola gurbitza (Arbutus unedo), artelatza (Quercus suber), ereinotza (Laurus nobilis), ametza (Quercus pyrenaica) eta izenaren bukaeran “-tza” ez duten beste batzuk; adibidez, txilar zuria edo zurikatxa (Erica arborea), gartxu hostoestua (Phillyrea angustifolia), legeltxorra (Pistacia lentiscus) eta Portugalgo erramua (Prunus lusitanica). Lurralde heze epelak ditu gustuko. Euskal Herriko itsasaldeko paradisuan gozo etortzen da, ez ordea nonahi, atsegin dituen lurrak lehorrak, nitrogeno gutxi dutenak eta pH altukoak dira; ez alferrik esan ohi da karrazkilloaren bizitokiak artearen lurrak direla.

Espezie dioikoa da; hau da, landare batzuk emeak dira, eta beste batzuk arrak. Aurrekoan esan nuen, arraren polenak emea ernaltzen duenean azken horrek ematen duen fruitua janez gero tripak aitaren batean hustuko dira. Ale asko ahoratuz gero, berriz, barrunbean odoljario edo hemorragia arrisku galanta. Bere adartxoen eta hosto berrien ura odola urtzeko hartzen da; Pío Font i Quer botanikari katalanak ederki azaltzen du Plantas Medicinales, El Dioscorides renovado liburuan (1961): atzaparkada bat katilukada uretan jarri sutan, irakiten hasten denean aitagure bat esan eta sutatik kendu. Goizetan edan behar omen da, baraurik, azukrerik nahastu gabe eta milikerietan eta mizkinkerietan ibili gabe, rau barrura! Gaur egun, ilargiari eskerrak, aitagurerik ez dakigunez zer esan behar ote dugu? Zer bertsok edo kantuk du aitagure haren luzera edo antzekoa? Dakienak bota beza.

Bere adarrekin makilak egiten dira. Azala artilea horiz tindatzeko erabiltzen da. Zura, trinkoa gogorra eta berdina, tornuan lantzeko ona da. Zur horri kiratsa dariola dio Gerardo Lopez de Guereñu etnografo eta euskaltzain ohorezko arabarrak Botánica popular alavesa liburuan (1975); baita ogi-labeak berotzeko erregai bikaina dela ere. Bere lehengusu Rhamnus frangula zumalikarrarena bezala, kirtenak egiteko egokia da. Lehengusu horri buruz, Luis Miguel García Bona biologista nafarrak bitxikeria polita dakar Navarra, plantas medicinales liburuan (1981): bere ikatz arina bolbora egiteko erabiltzen zen.

atzera

Erlazionatutako jakingaiak

Jan eta jantzi, jaki eta jakintza
2016-03-20 | Jakoba Errekondo
Hartzitutako janariez eta edariez galdetu zidaten lehengo batean. Ogia, gazta, jogurta, ozpina, sagardoa, ardoa, garagardoa, sauerkrauta (aza samina, Brassica oleracea Capitata) eta beste makina bat... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora