Asteroko buletina
Kanpo larrosa, etxe kardu

8. GOZATU

Baratzeak, lagunak bezala, denbora behar du. Ez asko, baina bai etengabe. Hutsegiteetatik ikasiz, eskarmentuz jantzi ahala, baratzea aberastu egingo da: barazki-aukera hazi egingo da, uztarekin batera. Ez izan presarik. Ito gabe, astiro baina beti ari. Eta, batez ere, urrundu lehiatik. Besteenetatik, ikasi gauza onak; uxatu barazki handiena, azkarrena, lehena izan behar hori. Kalitatea, ez kantitatea. Jan barazki eta fruitu itsusiak, ederrenak baitira eta, batez ere, onenak. Ez ahaztu sekula: baratzea plazerren plaza da. Bestela ere bada, bai, nahiko estresa eta lehia. 

Baratzean, edertasuna eta erabilgarritasuna ezkontzen dira, eta onura ugariren azoka da: osasuna, ariketa, kultura, estetika, artea, kalitatea, jakintza, bioaniztasuna, paisaia... Baratzea izan da euskaldunon jardina. Bertan elkarrekin landu izan dira barazkiak, lorategi estetikoak, sendabelarrak, hazitegiak, lokarrietarako gaiak, zuhaitz -eta arbola- muintegiak, errituetarako landareak, belar -eta inaurkin-metak, fruta-arbolak, abereentzako bazkak...

Lur sailak ezean, hor daude leiho, balkoi, terraza, patio, teilatu... Loreontzi, poto, latontzi, bidoi, bainuontzi... Edozein ontzi da ona barazkiak egiteko. Han eta hemen, gero eta gehiago ikusten dira; jendearen irudimena mugagabea da, eta harritzeko moduko baratze hiritarrak sortzen dira. Perrexila bezalako belarretatik hasi eta fruta-arbola txikietaraino, denetatik ikusten da etxeen azalean. 

Besteri ezean, okupatu lurrak eta egin baratzea; Jean Jacques Rousseauk esan zuen: "Lurra ez da inorena eta haren fruituak denonak".

Hemen, asmoa izan da baratzearen oinarrizko jakintza lantzea, hura sortzeko, moldatzeko ea gobernatzeko. Lurrean edo ontzietan izan, bakoitzak egokitu beharko ditu hemen emandako aholkuak. Mundu berri baterako ataria da, eta oinarri-oinarrizko jakintza dator hemen. Sakondu nahi duenak badauka makina bat argitalpen, webgune eta abar. 

Baratzezaintza ahal den zentzuzkoena eta ahal den ekologikoarena izan dadin, logikoena egitea proposatu dizuegu: ingurumena zaindu, garen guztiaren oinarria den lurra babestu, gure hondakin organikoak bertan birziklatu eta pozoiak baztertu, baratzean hasten baita gure osasuna. Jaten duguna gara, diote. Areago, ereiten duguna gara. 

Jarri mota guztietako barazkiak. Ale gutxixeago izango badira ere, tamaina, forma eta sasoi aukera zabalago batekin, baratze biziago, oparoagoa, osasungarriagoa eta, batez ere, ederragoa izango da. 

Baratzeko lanetan estu eta larri ibiltzea azkena da, zeren eta baratzea gozatzeko baita. Ongi pasatzeko, primeran pasatzeko eta zoriontsuago bizitzeko.                                                                                                                                                                                 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora