Asteroko buletina
Maiatz lore, lore eta lore.

Uraza edo letxuga

Lactuca sativa
  • Zer jaten diogu?
    Hostoa jaten diogu.
  • Oinarriak

    Urteko landarea da. Landatu eta 1-2 hilabetera, jateko moduan da. Ikasleekin lanean hasteko paregabea. 

    Uraza lehortearen beldur bizi da. Udaberrian eta udazkenean izaten dira urazarik onenak. Beroarekin tontortu egingo da, eta hostoak zakartuz lorea garatuko du. Goizean ureztatu, baina askorik gabe, aspiko hosotak ustel daitezke eta. 

    Erdi itzaletan ere ederki hazten da; beraz, beste landareen artean jar daitek. 

    Pikanaka jarri, etorri ahala jateko. 

    Ongarri asko behar du, baina beti ondo egina, zaharra.

    Uraza mota asko dago; saiatu desberdinak hazten. 

     

  • Ereintza

    Lur epela gustatzen zaio. Hazitegian urte osoan erein, babesean. 

  • Landaketa

    Hazitegian dagoela, 4-5 hosto dituenean landatu, batetik bestera 25-30 zentimetro utzita. Lehen eegunetan, ureztatu, ur pixka bat landaretxo bakoitzari. 

    Kontuz barraskiloekin eta bareekin. Jarri errautsa landaretxoen inguruan, itsatsi bitartean. 

    Hotzaren arriskua badago, txikia den artean, jarri berotegi antzeko babes bat. 

     

  • Uzta

    Handitu denean, jan,  ez itxaron handiagoa egin arte, zakartu besterik ez da egingo eta. 

  • Lagunak eta arerioak

    Lagun onak ditu azenarioa, errefaua, tipula, borraja, tomatea, erremolatxa, azalorea, marrubia, ilarra, babarruna, zerba, leka eta baba. 

    Ez da ondo moldatzen perrexilarekin, azarekin eta apioarekin. 

Trikimailua

Lekadunak ereiten (baba, ilarra, leka eta babarruna) eta ziklo luzeko landareak jartzean (piper, tomate...) landatu urazak tartean; haiek etorri artean, urazak haziko dira. 

Urazaren haziak jasotzeko, utzi tontortu eta loratzen. Lore horietatik etorriko dira haziak. Baina adi, babestu sare batekin, txoriei asko gustatzen zaizkie eta. 

Uraza edo letxuga landareari buruz jakintza gehiago eskuratzeko Landarepedia atalera jo ezazu

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora