Ikaragarrizko ospea du baratxuriak. Eta, asko landu denez, antzua da, ez du hazirik ematen. Ugaltzeko, buruan dituen begiak erabiltzen dira. Ez da, berez, hazia, baina "baratxuria ereitea" esaten zaio berez landatzen den lanari.
Lur harroa nahi du. Horretaz gain, karea ez zaio gustatzen, ezta simaur asko duen lurra ere.
Burua egitea zaila da Euskal Herri hezean; hegoaldeko lur lehorretan, aldiz, oso buru onak egiten dira.
Hala ere, merezi du baratxuria landatzea, burutzen utzi gabe berdetan "baratxuri freskoa" deitzen dena jateagatik bakarrik bada ere...
Esan dugun eran, baratxuriaren buruko begiak landatzen dira. Nahi izatera, begi bakoitza beriz sar daiteke, edo guru osoa. Burua egitea nahi bada, sartu begiak. Berdetarako eta freskoan jateko, berriz, ez du merezi bereiztea: sartu burua oso-osorik. Begia edo burua izan, ez zanpatu, eta, zulotxoan utzita, errazagao itsatsiko da.
Udazkenean hasi eta udaberrira arte landatu daiteke. Azarotik aurrera, buru batzuk jar daitezke, hilero, jan ere etorri ahala jateko gero. Burutik burura, ez utzi tarte handia; elkarren ondoan badaude, hostaila luzeagoa eta samurragoa izango baita.
Hostaila luzea eta indarrean ikusten denean, hasi jaten. Ez itxaron luze, udaberriko bero puntuarekin gaitza etorri eta erraz ihartzen baita.
Baratxuriak zorriak uxatzen ditu; beraz, landare guztiek nahi dute baratxuria aldamenean: urrazak, mihilua, zerbak, marrubiak, erremolatxak, patatak, tomateak...
Lekadunak, aldiz, ez dute maite: babak, ilarrak, lekak eta babarrunak.
Berdetan edo freskotan jateko landarea atera beharrean, moztu egin daiteke; horrela, lurpeako burutxotik hostaila berrituko du, eta laster bigarren uzta izango dugu.
Baratxuriak lur lehorra maite duenez, ildo-bizkarrak egin, eta, han landatuz gero, hobeto etorriko da.
Hostaila gorrinaren gaitzak jo ez dezan, errautza zabaltzen da gainean.
Baratxuria landareari buruz jakintza gehiago eskuratzeko Landarepedia atalera jo ezazu
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545