Milaka urte dira baba jaten dugula. Berdea eta guri-guria dagoenean jaten dira batzuk, eta lehortuta beste batzuk. Guk berdea erabiliko dugu. Landare handia egiten da, metro bete baino handiago, eta lekak emten ditu lore zuri usaintsuetatik. Leka horiek eta barruan dituen haziak jango ditugu.
Oso erraz etortzen da, eta ez du lan handirik ematen. Hotzari ez dio beldurrik. Neguan ereein eta udaberrian jaten da. Ziklo luzea du, baina urtekoa da.
Ederki etorriko da erdi itzaletan ere. Lurrean errautsa izatea gustatzen zaio. Erein aurretik, nahastu lurrari.
Landare haziko den tokian bertan erein behar da, baratzean bertan. Handia egiten da, eta kontuan izan inguruan zer jarriko dugun. Metro bete luzaten da, eta itzal handia egiten du.
Irailean bertan erein daiteke, eta hortik otsailera arte. Hotz handiak etorri aurretik, onena da landaretxoa pixka bat hazita egotea.
Errenkan ereiten da, batetik bestera 50 zentimetro inguru utzita; aletik alera, berriz 8-10 zentimetro. Sartu 3-5 zentimetro sakon, eta, aste pare batera, jaiotzen hasiko dira. 20-25 zentimetro inguruko landarea dagoenean, jorratu eta lurreztatu, lurra harrotu et ipurdian jarri, landareari eutsi eta sendotzeko. Gero, komeni da makila batzuekin eta sokarekin eustea, landare balda samarra da eta.
Irailean ereindakoak apiril aldera jasotzen hasiko gara. Otsailekoak, berriz, maiatz-ekain aldera.
Lekaz hazi ahala biltzen dira. Ez itxaron denak handitu arte. Handitzen diren eran, bildu, eta utzi txikiak. Txikixeagoak bilduz gero, leka eta guzti jan daitezke. Handienak, berriz, aletu egiten dira, eta barruko haziak bakarrik jaten zaizkie.
Hostoa jaten diogun barazki guztiak lagun ditu: aza, zerba, ziazerba, uraza, eskarola... Baita patata, apioa eta orburua ere.
Ez da moldatzen tipularekin eta baratxuriarekin.
Babak ongarritu egiten du lurra. Haren ondoren, jarri beti hostoa jango dugun landarea (uraza, ziazerba, eskarola...) ongarri berezi hori ondo baliatzeko.
Ziklo luzea duenez, haren tartean urazak edo errefauak jar daitezke, eta, baba hazten den artean, haiek jango ditugu.
Uzta amaitu denean, ez atera landarea ipurditik. Moztu sustraiak, eta bertan utzi, ongarri oso ona da eta.
Kendu eskuz landarearen inguruan sortzen diren belarrak, ez zaio gustatzen aitzurrarekin jorratzea.
Baba landareari buruz jakintza gehiago eskuratzeko Landarepedia atalera jo ezazu
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545