[Jakoba Errekondo]
Baratzean landareak izateko, lau bide ditugu:
Hazitegiak hazia ereinda. Hazitegia baratzean bertan egin daiteke, edo beste nonbait; babesa eta giro gozoa izango dituen toki batean. Ikasgela barruan egin daiteke hazitegia, leihoaren aldamenean, baina, landareak argiaren bila luzatzen hasten direnean, kanpora atera beharko da. Berotegi txiki baten itxura izango du, lurrari eta aireari heze eusteko.
Hazia baratzean bertan ereinda. Landare batzuk hala sortzen dira: baba, ilarra, artoa, babarruna, leka, perrexila, ziazerba, azenarioa...
Landaretxoa eskuratu eta landatuta. Landaretxoak erostekotan, komeni da ahalik eta hurbilena dugun mintegi batean sortuak izatea; adibidez, herriko azokan. Honela, bertako baldintzetara egokitutako landareak izango dira.
Haziak nola erein.
Haziak lurrean jartzen ditugunean begiratu haziaren tamainari: haziaren gainean zenbat lur jarri jakiteko, haziaren beraren lodiera izango da neurria, eta hura adina lur edo gehienez ere bi aldiz gehiago beharko du. Inoiz ez da hazien%100 jaioko. Hori neurtzea datu ona izango da hurrengo baterako, kontuan izan dezagun behar dugun landare kopurua eskuratzeko garaian. Jaio ahala, bakandu ere egin beharko dira, hazteko tartea izan dezaten. Birlandatu kendutako aleak.
Haziak jasotzearen garrantzia.
Geure landarearen hazia jasotzen badugu, gure lurrera eta klimara egokitutako landareak sortuko ditugu. Utzi landare onena loratzen eta fruitua ematen. Ondo helduta dagoenean, jaso hazia, eta utzi lehortzen zabal-zabal, eguzkitan jarri gabe. Ondo lehortutakoan, sartu ontzi batean, haziaren ezaugarriak idatzita. Jaso toki fresko batean. Gauza bera egin daiteke jaten ditugun fruituetako haziekin ere: tomateak, piperrak, kuiak, kuiatxoak...
Baratzean landareak indartsu eta osasuntsu izateko, asko lagunduko digu plangintza egoki bat izateak. Horrek arazoak atzeratuko ditu: tratamenduak murriztu, lana erraztu, uzta hobetu...
Komeni da hiru bide, behintzat, jorratzea:
Txandakatzea: Landare familia bakoitzak elikagai batzuk hartzen ditu lurretik, eta beste batzuk han geratzen dira. Gainera, landarea errepikatzen badugu, bere aurkariak hantxe geratuko dira, bertan gozo. Horregatik, komeni da lur bakoitzean edo taulena bakoitzean landare motak txandatzea. Hiru multzo nagusitan banatzen dira landareak, zer aprobertxatzen diogun:
* Lorea-fruitua
* Zarba-hostoa
* Sustraia-erraboila
Hurrenkera hori bera onena, txandakatzeko.