[Jakoba Errekondo]
Taulenak dagoeneko sortuta badaude, lurra eratu beharko dugu. Lurra oso txarra ez bada, bertan dagoena baliatuko dugu baratzea egiteko. Txarra bada, osatu kanpotik ekarrita; bestela, erabili dagoena.
Baratzeko lurrak nolakoa behar du? Garrantzitsua da haren egitura fisikoa. Onena omen da buztina, mala edo mausarra eta hondarra edukitzea, 1-2-2 proportzioan. Buztintsuegia ito egiten da, eta hondar gehiegi duena lehorra izango da. Buztinari eman hondarra, karea eta simaurra edo luarra. Hondarrari, berriz, simaurra edo luarra.
Lurraren izaera kimikoa eta egoera zein den jakiteko, pH-a neurtu dezakegu. Neurria 0tik 14ra doa, eta erdikoari neutroa esaten zaio; 7 zenbakia ahalegia. 7tik behera lurra azidoa da, eta 7tik gora, basikoa. Landare gehienek pH neutroaren antzeko lurra nahi dute. Neutro horretatik asko urruntzen denean (5etik behera edo 8tik gora), arazoak sor daitezke, eta, horrelakoetan, lurra bere onera eraman behar da. Hortaz, pH-a igo nahi bada, karea ematen da, eta, jaitsi nahi bada, simaurra.
Nolako Ph-a du gure lurrak?
Ariketa sinple bat egin daiteke pH--a neurtzeko. Adibidez, adierazleren bat erabil daiteke, paperean edo likodan kolorea aldatzen duena, eta, probak eginez, lurra pH neutrora ekartzeko nolako nahasketa egin behar den ikertu.
Adibide praktikoa: HAZIko kideek bideo honetan ezin hobeto azaltzen dute: "Eskola baratza analisiak. Hazi fundazioa" http://vimeo.com/81084018
Nolako lurra dugu?
Bete lurrez beirazko poto bat erdiraino, eta erantzi ura, ahotik bi behatzetara gelditu arte. Astidu eta astindu. Utzi bakean 4-5 orduz, eta ikusi nola geruzak sortu diren. Behean astunenak: harri eta hondar. Gainean, mala edo mausarra. Gain-gainean, buztin fina. Uraren azalean, hosto eta materia organikoa. Gogoratu: onena omen dela buztina mala eta hondarra 1-2-2 proportzio duena.
Lurrari bizia eman behar diogu. Horretarako, urtero-urtero ongarri organikoak gehitu behar zaizkio: simaurra, luarra edo konposta, orbela, lurrustela, zizare-lurra... Horrek lurra harrotu eta jakiz eta mikroorganismoz osatuko du. Lur bizia izango da. Lur bizian landareak erraz elikatu eta osasuntsu biziko dira.
Lurra pizteko eta aberasteko, asun-ura.
10 litro euri uretan jarri kilo bat asun-hosto (Urtica dioica) txikitu -ontzia ez dadila izan metalezkoa- eta utzi kanpoan 10-12 egunez, eragin egunero bizi-bizi, eta nahasi. Iragazi eta jaso. Erabili %10ean (litro bat asun-ur eta 9 litro euri-ur), eta ureztatu lurra, baita landareak jarrita daudenean ere. Oso ona da landareak indartzeko ere; busti %5ean.
Luarra, konposta edo ongarri organikoa lurraren osagaietako bat da. Luarrak bizia ematen dio lurrari, eta horrek landarearen bizimodua hobetzen du, elikadura errazten baitio. Era berean, luarra gure elikaduraren zikloa ixteko bidea da. Jaten ditugun hondarrak, "hondakin" izan beharrean, lurrarentzako ongarri bihurtzen ditugu. Sukaldean eta jantokian sortzen dugun hondar organikoa, ez hondakin gisa, baizik eta gure lurraren elikagai gisa baliatzen dugun egunean, pauso ikaragarria emango dugu gure bizi-kalitatearen hobekutnzan.
Luarra non egin? Garrantzitsua da tokia; onena da toki bereizi bat jartzea luarra egiteko. Komeni da lurraren gainean egitea. Bero handia egiten duen tokian, itzaletan jarriko dugu luartokia; toki hotz eta hezeetan, aldiz, eguzkitan. Egurrez edo sarez egin daiteke, eta hiru pilatan izan:
Lehen pila: bukatutako luarra, prest dagoena ongarri gisa lurrari emateko.
Bigarren pila: pilatutako hondakinak, dagoeneko usteltzen ari direnak.
Hirugarren pila: hondakin berriak, sortzen ditugun heinean pilatzen ari garenak.
Egokiena litzateke etxeko hondar organikoak ere gehitzea baratzean bertan sortzen direnei (hosto, zarba, zuztar, belar...)
Luarra egiteko era erraz bat:
1. Hondakin organikoak pilan jarri ahala, nahasi luar bukatu pittin bat. Errautsa lortu ahal badugu, bota pixka bat.
2. Ilbehera bakoitzean, jiratu eta harrotu luar pila; horrela, arnasa hartuko du, eta ez da gehiegi berotu eta lizunduko.
3. Berotzen bada, hartzidura ondo egiten ari den seinale. Ez bada berotzen, harrotu maizago. Harro eusteko, nahasi adar txikituak, belar zakarrak, orbela edo antzekoak. Asuna tartean sartuz gero, errazago egingo da.
4. Hiru hilabete igaro direnean, ez da gehiago berotuko, eta, orudan, bakean utzi. Orduan, zizareen tankerako zomorro handiagoen lana hasiko da, eta horiek bakea behar izaten dute.
5. Zortzi-hamar bat hilabete igarotzerako, erabiltzeko moduan egongo da. Kolore iluna eta baso edo perretxiko usain gozoa izango ditu, eta eskuetan erraz xehatuko da. Ez bada hala, gutxiegi harrotu eta irauli dugun erakusle izango da. Zahartu ahala, osagaiak mineralizatu egingo dira, eta hori ez da komeni.
6. Egina dagoenean, erabili lasai, lurrari azalean emanez edo nahasiz.
Adibide praktikoa: HAZIko kideak bideo honetan ezin hobeto azaltzen dute konpostagailu bat nola egin: "Eskola baratza Konpostagailua. HAZI fundazioa": http://vimeo.com/80263564
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545