Asteroko buletina
A zer parea karakola eta barea

2. BARATZEAK ZER ITXURA IZANGO DU?

Baratzeko guneak

[Jakoba Errekondo]

Baratze bat egiteko orduan, kontuan izan landuko dugun lur sailaz gain beste gune batzuk ere beharko ditugula. Hauek, gutxienez, bai. 

Baratzea, haztitegia, tresneriaren txokoa, luartokia edo konposgunea, berotegia, elkar-gunea.

Elkarguneari dagokionez, egokia da hura baratzearen inguruan izatea. Bertan, gauza anitz egin daitezke: baratzeari buruzko erabakiak hartu, eztabaidak egin, galderak eta zalantzak partekatu, arazoei irtenbideak aurkitu, esperimentazioa sustatu... 

Trikimailua

Ikastetxean jantokia badago, toki bat beharko litzateke jantokian ere, baratzean gertatzen ari dena azaltzeko. Ondo letorke arbela bat edo antzeko toki bat, garaian garaiko barazkiak zeintzuk diren azaltzeko, zer ereiten ari garen, zer landatzen... Baita saskitxo bat ere, aste horretan bildutako gauzekin; hura zozketatu eta bertan bazkaltzen dutenen artean etxera eramateko, adibidez. Bertan jateko aukera ere landu beharko litzateke; besterik ez bada, dastaketa txiki batzuen aitzakiarekin.