Babarrun txuri txikiaren landaketa
2026-05-04 20:54 | Mikel Erriondo
Kaixo Jakoba, aurten babarrun txuri txikia lehen aldiz landatzeko intentzioa daukat Oiartzunen (landarea igotzen ez dena). Ondorengo zalantzak ditut: Zein da landatzeko momentu egokiena? Bero asko behar du? Errenka artean ze distantzia uztea gomendatzen didazu?
Babarrun motza hemendik atzera nahi duzunean erein dezakezu. Hala ere urteko sasoi bat baldin bada hori ekainaren amaiera eta uztailaren hasiera artekoa da. Gehienez ere uztailaren erdian. Nahi baduzu bi ereinaldi egin ditzakezu, beti ere ilgoran eta fruitu egunetan. Erein eta pare bat hilabetera biltzen da. Landaketa ere nahi duzunean; hau, aldiz, ilbeheran egiten da. Nahi baduzu potxa bezala lekari eta barruko aleari lehortzen utzi gabe bildu ditzakezu. Tarteari dagokionez errenken artean 70 cm inguru utzi eta errenka barruan zuloen artean 40-50 cm. 4-6 ale jarri zuloko; eta landarea jartzen baduzu 4 sartu. Bigarren asterako jaioko da eta 20 cm inguru hazi denean jorratu eta lurreztatu. Azaleko jorraldia egin, sustraiak hortxe ditu eta. Karea gustuko du, beraz lur buztintsuen gaineko baratze edo soroetan karea eman aurretik.
Zeuk erantzun
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.