Artzai tontuak ziren mendian ondo bizi da otsoa

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Limoiondo koittadua
2025-03-10 19:08 | Xabier Arregi

Kaixo, Jakoba, mendebaldera begira dagoen balkoi batian bost urte inguru izango dauen limoiondo bat dakot, zainketa gutxi izan dauena! Kontua da, kuttauak, adar dexente dakola hosto gutxirekin. Badakit ez zarela inausi-zalea, baina uste duzu pena mereziko dauela,.....forzauta bada be, bultzadatxo bat emutia adar batzuk kimatuz? Eskerrik asko!


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-03-12 15:14

Limoiondoaren panorama ikusita, zer hobetu asko dago. Batetik tamaina horretako fruta arbolari eusteko eta indarrean loratu eta fruituak emateko loreontzi eskasa du. Jarri bikoitza gutxienez eta ahal izanez gero hirukoitza. Luberria ondo ongarritutakoa: simaur zaharra heren bat eta beste biak baratzeko lur beltza. Ureztatzen duzun bakoitzean urari ongarri likidoa erantsi, lorontzietarako aproposak saltzen dituzte, batzuk lore landareentzako eta beste batzuk hostoentzako; azken horrekin hasi eta urtebetera edo biziberritzen denean bestera pasa. Ureztatu aldiero ongarri ttantta bat urari, ongarriaren potoak jartzen duenaren herena edo. Bestetik laranjondo laguna jarri duzuen etxeko hormaren ondora eraman limoiondoa ere. Babesa garrantzitsua da, eta eguzki gehien izango duen puntuan jarri, hala ere ez du gehiegi izango eta. Inausketa, azkenekoa, adartxo ihar horiek kentzeko soilik. Hostoren batean bitxoren bat ere ba ote dagoen iruditzen zait, baina ez da garbi ikusten. Ondo miatu eta hala bada Xaboi potasikoa, Bacilusa eta Neem, hirurak nahastuta bota, enbor adar eta hosto alde guztietatik blaituz, zortzi egunero garbitu arte.

Zeuk erantzun

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

atzera
gora