Potro bedarra, Barrabas belarra
2017-06-29 13:05 | Aitor
Egun on,
Azken urtetan potro bedarra (Barrabas belarra) esaten dioguna majo zabaldu zaigu ortuan, badakit borroka luzea dugula aurrean baina eskertuko nizuke zure ikuspuntua eta gomendio batzuk jasotzea.
Honetaz aparte. lehengo batean orain arte izan ez dugun beste inguru baten agertu zaigu, ortutik aparte dagoen zona batean, hemen hasi berria da ez daude asko (argazkian dagoen makatzaren azpian ikusten dira ale batzuk eta aldamenean dagoen melokotoi baten azpian ere badaude, baina ez dira asko....hasiera dela dirudi, hau gerta ez dadin zer egin? garaiz ahal gaude orain? nola?
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-30 15:55
Esaten duzun eran, borroka luze baterako prestatu behar zara. Potro-belarra egoskorra da. Lurpean duen tipulatxoa da gakoa. Hori akabatu behar da. Hor energia pixka bat den artean berpiztuko da. Borroka bakarra hostoak eman ahala kentzea da. Barkamenik gabe, bi edo hiru egunero hosto berriak tira eta atera. Horrela tipulak berriro hosto berriak eman beharko ditu bere energia xahutuz, eta zuk kendu hostoa, eta berak eman eta zuk kendu... Horrela tipulako energia bukatzen den arte.
Lan hau lursail ttiki batean egin daiteke, baina saila handi xamarra bada... Bestea ezikusiarena egitea da. Niri ez dit enbarazurik egiten landare artean ikustean. Landare ttikiak direnean dugu arazoa, gaina hartzen dietelako. Orduan bai, behin edo bi aldiz kendu hostoak eta landarea koskortzean berak hartuko ditu azpian.
Errotabatorra eta baratzeko tresnak dira potro-belarraren aliatu nagusiak, beraiek zabaltzen dute... Kontuz. Argazkiakoak bezalako gune berri ttikiak kupidarik gabe kendu: aitzurrarekin eman eta lurpeko tipulak atera. Gutxi diren artean egin daiteke hori. Bestela laister izango da han ere andere eta jabe.