Asteroko buletina
Otsailean, katuak ere arrain eskean.
Dani Blanco

Ziklamena

Cyclamen persicum

[Jakoba Errekondo]

Bere jatorria mediterraneo ingurua da, Iraneraino. Neguko landare erregina da. Baso sare argietan topatzen da eta zuhaitzek hostoa galdu dutenean eta argia lurreraino datorrenean hasi, garatu eta loratzen da. Lurpean tuberkulua du, urtero landarea berrituko duena. Tuberkuluaren eta hostoaren forma borobiletik datorkio izena. Cyclamen, grekoko "kyklos" hitzetik. 

Deskribapena

Lurreko tuberkulu biribil batetik, zuzen-zuzenean 10 cm-ko txorten batean bihotz formako hosto biribil samarrak garatzen dira. Gehienetan berde hutsak dira, baina zilar-koloreko marrak edo guneak izan ditzakete. Hosto artean, 15-25 cm-ko txortenaren gainean loreak hazten dira eta atzerantz bueltatutako bost petaloz osatuta daude. Lore zuri, arrosa, gorri-more, purpura eta kolore ugarikoak daude. 

Barietateak

Ikaragarrizko barietate aukera handia dago. 

Gaitzak eta izurriteak

Botritisa: hostoak edo tuberkulua gehiegi bustiz gero onddo honek usteldurak sor ditzake. Berehala kendu erasotutako hosto, lore edo txortenak. Ingurune lehorragoan jarri eta fungizidaz tratatu. 

Akaroak: hostopean itsatsita egon ohi dira eta hauts itxura dute. Loreak zimeldu, hostoak zimurtu zein gogortu eta lande osoa galtzen da. Kutsatutako landarea erre egin behar da.

Armiarma gorria: landarean, nonahi aurki daiteke. Txiki eta gorri-gorria da. Izerdia zurrupatzen du, loreak zapuztu eta hostoak horitu egiten dira. Izurritze hau ezkutaraztea oso zaila da. Intsektizidaz tratatu. 

Zorriak: hostopean, kimu berrietan eta landarearen zati samurretan bizi ohi da izerdia zurrupatuz. Banaka kendu. Intsektizidaz tratatu. 

Gurgurioa: lurpean intsektuaren larbek zainak eta tuberkulua hozka jaten dituzte, landarea iharraraziz. Lurra harrotu, harra topatu eta akabatu. 

Trikimailuak

Loraldia ez zapuztearren udazken-negu partean 10-15ºC arteko tenperatura freskoan eduki. 

Ziklamena tuberkulutik sortzen da eta landarearen lurpeko zati hau "itotzea" oso erraza da. Beraz, loreontzia beti azpitik ureztatu eta lurra lehortzen lasai utzi berriro, ureztatu baino lehen. Hostoak zertxobait zimeldu arte itxaron daiteke. 

Ongarritzea ez ahaztu.

Landareak hiltzeko bide errazak: gehiegi ureztatu eta hostoak goitik busti, eguzki-galdatan jarri eta tenperatura beroa eta airre lehorra dauden tokian jarri.

Ersoterakoan landarea (hostopeak, eta abar) ondo miatu. Izurritze ugari izaten duenez, landare garbia etxeratzea garrantzitsua da.

Loraldia amaitzean landarea "ihartu" egingo da. Lurpeko tuberkulua atera eta toki lehor eta ilunera jaso. Uda amaieran, 3-2-1 proportzioan lurra, luarra edo simaurra eta hondarra nahastuta dituen loreontzian landatu, ureztatu, eta abar. Neguan loratuko da.

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Argitasun handia dagoen tokian jarri, baina sekula ez eguzkitan, beti itzalean bizitzera ohituta dago. 

Tenperatura
termometroa 0-15℃ artean

Neguko landarea da, tenperatura hotz eta epelak maite ditu. Beroa jasangaitza zaio. Neguan, loraldian 10-15ºC bitartean eduki. 

Ureztaketa

Lurrai heze eutsi, baina urez ase gabe. Lurra lehortzen denean ura daukan platera batean jarri eta hezetasuna gora iritsita nahikoa du. Goitik sekula ez ureztatu, tuberkulua usteldu daiteke, eta hostoak ez busti. 

Ongarriketa

Ondo ongarritutako lurra maite du; urtero luarra edo simaurra eman. Hazten ari denean edo loraldiaren hasieran (uda amaieran, udazkenean) ureztaketa urari ongarri likidoa nahasi hamabost egunetik behin. 

Ugalketa

Haziak erein negu amaieran edo uda amaieran. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora