[Jakoba Errekondo]
Afrikako lurralde tropikaletan eta hegoaldeko Afrikan du jatorria. Chlorophytum, grekoko "chlorus" (berdea) eta "phytum" (landarea) hitzetatik dator. Hostajearengatik erabiltzen da xingola, baina ia edozein landareri jartzeko moduko izena du, alegia "Comosum" izenak motots txiki antzeko harrotutako lore multzotxoak, gehienetan antzuak, dituela esan nahi du. Itxura denez, etxeko airearen kutsadura garbitzeko landare oso egokia da: karbono monoxidoa, nitrogeno dioxidoa eta konposatu organiko lurrunbor batzuk, formaldehidoa eta xilenoa, adibidez.
Zurtoinik gabeko landarea bizikorra da. Lurpean errizoma motzak eta sustrai mamitsuak ditu. Hostoak, 20--45 cm luzekoak, berde ahulak, lerro edo lantza luzeen formakoak dira. Nerbiazio paraleloa dute. Loreak izar tankerakoak, seitepaloduna, eta zurtoin banatu eta meharren muturrean matsalko askeetan elkartzen dira. Estoloi-emailea da etea herrestsadar hauen muturretan landareño berriak garatzen dira.
Chlorophytum comosum "Variegatum" Hosto ertzak laruak ditu eta erdialdea berdea.
Chlorophytum comosum "Vittatum" Hosto ertzak berdeak ditu eta erdialdea laru-zuria.
Chlorophytum comosum var.comosum Belar itxura du eta hosto mehe berdeak ditu.
Kotxinila: frondean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den lapa antzeko oskola duen intsektua da. Mutur zorrotza duen orratz edo labana batez kendu.
Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu eta zimelarazi egiten ditu. Erasoa ergozteko hostaila maiz ihinztatu eta inguru hezean eduki.
Zorria: hostopean eta landarearen zati samurretan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka kendu.
Kontuz aire-korronte hotzekin.
Hosto muturra zimeltzen bada ur edo elikagai falta edo eguzkiak zuzenean ematen diolako izango da.
Hostoak erabat horitu eta makurtzen badira, bero handiegi edo argi gutxiegi du.
Sustraien usteltzea eragin dezake gehigizko urak, batez ere neguko atsedenaldian.
Loreontzia lurrazpiko errizoma eta sustrai mamitsuek erabat bete dezakete. Horrelakoetan landarea ontzi handiagoan landatu edo zatitu egin daiteke.
Zintzilika jarrita efektu polita lortzen da, baina ureztatzeaz gehiago arduratzea eskatzen du.
Argi asko behar du baina kontuz zuzeneko eguzkiarekin, erre egingo du.
Tenperatura arruntak behar ditu. Neguan sekula ez 7ªC-tik behera. Egokiena 10-20ºC bitartekoa da.
Negu partean urri ureztatu, juxtu-juxtu lurra ez lehortzeko eran. Udan ugari.
Apirila eta urria bitartean hilean behin edo bitan ureztaketa urari ongarri likidoa, dosi txikia, gehitu.
Landarea zatitu daiteke. Lortuz gero hazia udaberrian erein. Edozein garaitan herrestadar edo estoloi-muturreko landareñoak lurgainean jarri eta sustraiak garatu dituenean adarra ebaki eta landatu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545