Asteroko buletina
Landareek oxigenoa ematen digute, birikei eta arimari
Dani Blanco

Urrelilia

Chrysanthemum vestitum

[Jakoba Errekondo]

Bere jatorria Txinan du. "Chrysanthemum" grekoko "chrysos" (urrezko) eta "anthos" (lorea) hitzetatik dator. Lehen sailkatu et deskribatutakoak, urre-koloreko pilpil edo loreak omen zituen. "Vestitum" hitzak jantzita dagoela esan nahi du, maiz ilez jantzia. 

Deskribapena

200 espezie baino gehiago dira; urterokoak eta bizikorrak. Hau bizikorra da, errizoma etzanak ditu, 60 bat cm arte hazten da zuztar tente eta iletsuekin. Hostoak berde argi-grisaxkak eta iletsuak ditu baita ere. Lore buruak 3 eta 13 bitarteko loreak ditu, 2 eta 5 cm arteko diametroa dutenak. Ertzean ligula zuriak dituzte. Orokorrean bitxilore itxura dute. 

Barietateak

Makurtuak: lore bikoitzak et petalo edo floskulu makurrak dituztenak.

Ahokatuak: lore bikoitzak, eta floskuluak barnera makotuak dituztenak. 

Tartekoak: aurreko bi multzoen artekoak, hau da, floskulu batzuk makurtuak eta beste batzuk barnera makotuak dituztenak. 

Ponponak: lore bikoitzak; floskuluek estu eta erregularki banatuta esfera trinkoa osatzen dute. 

Armiarmak: bi eratako floskuluak dituztenak, ertzekoak oso mehe eta luzeak dituztelarik. 

Anemona-tankerakoak: bitxilore soilaren tankerakoak. Erdiko lore-multzo deigarria dute.

Sinpleak: aurrekoen antzekoak, baina inguruko floskuluak deigarriagoak dituztenak.

Negartiak, korearrak eta abar: era guztietako loreak (sinpleak, bikoitzak eta abar) arba negarti edo makurretan aparteko oparotasunez garatzen dituztenak. 

Gaitzak eta izurriteak

Zorria: hostopean eta landarearen zati samurretan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka-banaka kendu. 

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu eta zimelarazi egiten ditu. Erasoa eragozteko hostaila maiz lainoztatu edo inguru hezean eduki.

Botritisa: gehiegizko hezetasun edo ureztaketaren ondorio izan ohi da. Onddo honen eraginez txorten ipurdiak usteldu eta hosto eta arbak makurtu eta erori egiten dira. Gutxiago ureztatu, toki lehorragoan jarri eta fungizida batez tratatu. 

Trikimailuak

Tenperatura handiak kaltegarria ditu.

Lurra lehortzen bada, landareak galera nabarmenak nozituko ditu eta hil egin daiteke. 

Erosterakoan, loreak irekitzen hasitakoak aukeratu. Lore-begiak berde badaude, etxera eraman eta bizi-baldintzak aldatzean batere ireki gabe eror daitezke. 

Loraldia amaitutakoan kanpoan landa daiteke, eta negua jasaten badu, berriro haziko da.

Udaberrian adarren puntak kimatu, landarea moztakagoa eta indartsuagoa izan dadin eta lore gehiago eman ditzan. 

Egun motzeko landareak dira, hau da, uda amaieran, eguna moztu eta argitasun maila murriztu ahala lorea garatzen du. Horregatik, gau egun landare-ekoizleek argia kontrolatuz eta ilunpetan jarriz edozein urte-garaitan loreak lortzen dituzte. 

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Argitasun handia behar du, baina lore-begi edo pipilak baditu, eguerdiko zuzeneko eguzkitik urrundu. 

Tenperatura
termometroa 15-20℃ artean

Hotza. Loraldia luze eta oparoa izan dadin, 10-15ºC bitarte.

Ureztaketa

Lurrari beti heze eutsi, eta behar bada egunero ureztatu. Noizbehinka hostoak lainoztatu. 

Ongarriketa

Loraldirako bakarrik erositakoek ez dute behar. Geu hazten ari bagara, uda bitartean ongarritu. 

Ugalketa

Saiatzeko gogoa izanez gero, udaberri amaieran edo uda hasieran aldaxkak landatu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora