Asteroko buletina
Otsailean, katuak ere arrain eskean.
Dani Blanco

Udaberri lore garaduna

Primula obconica

[Jakoba Errekondo]

Txinako iparraldetik dator. Primula, latinezko "primus" (lehena) hitzetik dator; udaberrian azkar loratzen baitira genero honetako espezie batzuk. "Obconica" hitzak buruz behera dagoen kono baten forma duela adierazten du, lorea halakoxea du. Udaberri lorearen genero berekoa da, baina alde handia duten loreetan, hark ez bezala gara luze batean izaten ditu honek, hortik udaberri lore garaduna. Hostsoetako guruin-ileek erreakzio alerjikoak sor ditzakete. 

 

Deskribapena

Bizkorra da, hau da, urtebeteko zikloa baino gehiago irauten du. Zurtoinik gabeko landarea da, hostoak lurrazalean biltzen direlarik. Hauek, 6-10 cm luze, arrautza edo bihotz formakoak, guruin iledunak eta txorten luzekoak dira. Loreak, 2,5 cm-koak, moretik gorrizka bitartekoak, 15-18 cm-ko garatan irekitzen dira. Grandiflora izenez lore handiago duten kultibar batzuk saltzen dira; 4 cm-ko lore gorri, gorrizta, urdin, ubel eta zuriak alegia. 

Barietateak

Primula obconica "Apricot Brandy" Albertxilo edo abrikot koloreko loreak ditu. 

Primula obconica "Coerulea"   Lore urdinak ditu. 

Primula obconica "Touch Me"  Lore zuriak ditu, lila punttu batekin.  

Primula obconica "Wyaston Wonder"  Lore handi gorri bizi-biziak ditu. 

Primula obconica "Libre Magenta"   Gerezi kolore eta gorri artekoa da, erdian begi berdetxo batekin. 

Gaitzak eta izurriteak

Zorria: hostopean eta landarearen zati samurretan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka kendu.

Botritisa: gehiegizko hezetasun edo ureztaketaren ondorio izan ohi da. Onddo honen eraginez txorten ipurdiak usteldu eta hostoak makurtu eta erori egiten dira. Gutxiago ureztatu, toki lehorragoan jarri eta fungizida batez tratatu. 

Amiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu eta zimelarazi egiten ditu. Erasoa eragozteko hostaila maiz ihinztatu et inguru hezean eduki. 

Trikimailuak

Freskura maite duela ez ahaztu. Beraz, kontuz etxe barruko beroarekin.

Lurrari beti BETI heze eutsi.

Loreak zimurtu ahala kimatu, loraldi luzeagoa izango du.

Urte batetik bestera erraz mantendu daiteke. Loraldiaren amaieran, luberria jarri eta kanpoan toki fresko eta aireztatuan, itzalean eduki uda osoan, oso noizbehinka urestatuz. 

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Argitasun handia behar du, baina ez zuzeneko eguzkia. 

Tenperatura
termometroa 0-20℃ artean

Loraldian 10ºC ingurukoa behar du. Beroago izanez gero, loreak galduko ditu. Freskura maite du. 

Ureztaketa

Lurra beti heze egon behar du, loraldian batik bat. Inguru lehorrean baldin badago, hostaila lainoztatu et ingurune hezea izateko urez eta harriz betetako ontzi baten gainean jarri. 

Ongarriketa

Ez da beharrezkoa. Hala ere, lore-begiak garatzen ari direnean ongarritu daiteke. 

Ugalketa

Hazia erein maiatza-uztaila bitartean. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora