Asteroko buletina
Uztaileko borronbonbon, ez beti goxo baina on.
Dani Blanco

Sasi aralia

Plerandra elegantissima

[Jakoba Errekondo]

Kaledonia Berriko itsas mailako baso hezeetatik dator. Plerandra grekoko "plerees" (betea edo ugaria) eta anér-andros (gizasemea) hitzetatik dator; landare honen lorearen itxuragatik, hain zuzen, polena sortzeko estanbre ugari duelako. Elegantissima izenak elegantea baino eleganteagoa adierazten du. Sasi aralia izena, aurkitu zutenean jarri zioten lehen izenatik geratu zaio: 1873 Aralia elegantissima bezala sailkatu zuten. Bere izerdiak azaleko erredurak sor dakizkieke pertsona sentiberei. 

Deskribapena

Naturan 2 m inguruko zuhaixka da. Hosto palmatuak 7-10naka txadakatuta, orratz formakoak (15 x 1,5 cm) eta ertza horztunak dira. Berritan granate kolorekoak, gerora berde ilunak. Lorea garatzean hosto zabalagoak eta tenteak ditu. 

Barietateak

Plerandra elegantissima "Castor" Hostoetako folioloak zabalxeagoak eta berdexkak ditu. 

Plerandra elegantissima "Variegata" Hostoen ertza larua da. 

Gaitzak eta izurriteak

Zorria: hostopean eta zurtoin marduletan izerdia zurrupatuz bizi ohi da. Banaka-banaka kendu. 

Kotxinila: hostopean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den eta lapa antzeko oskola duen intsektua da. Alkoholez bustitako kotoi batez kendu. 

Zaineko kotxinila: lurpean, zainetara itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi da. Lurra dena kendu eta sustraietan itsatsitako lapa tankerako horiek kendu. 

Trikimailuak

Bi urtez behin lurra berritu: hondarra, luarra edo simaur ondua eta lur beltza proportzioan.

Haize-korronteei gorroto die. 

Kontuz lurpeko kotxinilarekin. Landarea bat-batean arrazoi berezirik gabe zapuzten hasten bada, loreontzitik atera eta zainak akabatu. 

Askoz hobeto bizi ohi da ur eskasian. Ur asetako lurrean laster hilko da.

Kontuz bat-bateko tenperatura aldaketekin.

Hostoak maiz lainoztatzea ez ahaztu.

Beheko hostoak galtzen baditu, udaberrian ipurditik ebaki eta puja berriak emango ditu. 

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Argitasun handia behar du (ahal den handiena) baina eguzkitan ez jarri. 

Tenperatura
termometroa 15-25℃ artean

Hotza ez du atsegin. Neguan 15ºC-tik behera ez eduki, eta ahal bada beti 20ºC inguruan.

Ureztaketa

Negu partean noiz-behinka ureztatu eta udan gehixeago, lurra ia ontziaren erdiraino lehortu denean. Hostoak maiz lainoztatu. 

Ongarriketa

Apirila eta iraila bitartean, ureztaketa urari 3 astetik behin ongarri likidoa gehitu.

Ugalketa

Zaila da. Udaberrian lur beroan zurtoin aldaxkak (10 cm ingurukoak) landatu. Hormonak erabili ohi dira. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora