Asteroko buletina
Izotzetan eta elurretan, abenduko gau luzeetan.
Dani Blanco

Sansebiera

Sansevieria trifasciata "Laurentii"

[Jakoba Errekondo]

Bere forma berezia dela-eta, izen asko du: ezpata, suge-landarea, amaginarrebaren mingaina, musker isatsa... Sansebiera aspaldiko izena du eta lehen zuen izen zientifikotik datorkio. 2017an ordea, Dracaena generoan sartu zen. Etxeak osatzeko landare ezaguna da, etxe eriaren sindromea deritzana sustatzen duen kutsatzaile kimikoak iragazi eta jasotzen ditu; xilenoa, trikloroetilenoa, toluenoa, formaldehidoa eta benzenoa. Eraman beraz etxera!

Deskribapena

Lurrazpian zain lodikote eta errizomak ditu. Zurtoinak ez du eta hostoak zuzenean errizomaren begietatik muskiltzen dira. Hosto lodi, zukutsu, tente, lantza formako eta muturrean arantza dutenak dira. Hostoaren galtzarbean lore laru eta usaintsuak panikulatan garatzen dira. Ondoren baia edo fruitu gorriak. 

Barietateak

Dracaena trifasciata Hosto berde ilunak eta hostoaren ardatzarekiko elkartzut orban zuriztak ditu.

Dracaena trifasciata "Laurentii"  Hosto-ertzak horiak dituen barietatea da. 

Dracaena trifasciata"Hahnii" Hosto txikiak (25 cm) ditu errosetan.

Dracaena trifasciata "Golden Hahnii"  Arestikoaren itxurakoa, baina hosto-ertzak horieak dituena. 

Gaitzak eta izurriteak

Onddoak: tenperatura hotzak edota hezetasun handiak (hostoetan edo loreontzian) onddoek erasotzea erraztu egiten dute. Prebentziorako hostoak sekula ez busti eta gutxi ureztatu. 

Gurgurioa: lurpean intsektuaren larbek errizomak eta zainak hozka jaten dituzte, landarea iharraraziz. Landarea osorik atera, lur guztia kendu, ondo miatu eta larbak topatu eta akabatu. 

Kotxinila: kotoi-itxura du eta hostoen itsatsita izerdia zurrupatuz bizi ohi da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. 

Trikimailuak

Toki ilun samarrean badago, hostoak berdetu egingo dira.

Tenperatura hotzak (7ºC-tik beherakoak) eta gehiegizko ura, sansebiarerantzat hilgarriak dira. 

Arestian aipatutako oinarrizko bi baldintza horiek ez izanez gero, sansebiera etxe barrurako landare errazenetakoa da.

Lorapotoa errizoma eta zainez gainezka ez dagoen bitartean, beste batera ez landatu.

Baldintza egokitan bizi bada, usaindun lore txiki laruak emango ditu.

Hosto-muturreko arantza ez ebaki edo hautsi; hostoaren hazkundea zapuztu egingo baita. 

Barrukoa
Argia

Eguzkitan bezalaxe itzalean ere bizi daiteke. Erabateko ilunpea ez den edozein tokitara erraz ohitzen da. 

Tenperatura
termometroa 13-28℃ artean

Beroa atsegin du, 13-28ºC bitartean. Neguan 10ºC-tik behera ez eduki. 7ºC-tik behera hil egingo da. 

Ureztaketa

Ur askorekin baino ur faltan hobeto bizi da. Ureztatu aurretik lurra ondo lehortzen utzi. Neguan, toki freskoan badago, hilean behin. Hostoak eta bati bat hauen barrena, sekula ez busti. 

Ongarriketa

Lur berria jartzerakoan, hau ongarritu. Hazkunde garaian ere bai, ureztaketa urari nahastuta, baina dosi ahula erabiliz. 

Ugalketa

Udan, loreontziz aldatzean zatituz. Hosto zatiak aldaxka bezala landatuz, baina margo horiak galdu egingo ditu eta erabat berdea den landarea sortuko da. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora