Asteroko buletina
Kurriloak igaro, eguraldi txarra
Dani Blanco

Leiho-geranioa

Pelargonium x horturum

[Jakoba Errekondo]

Hegoafrikako bi geranio basa dira bere gurasoak, Pelargonium zonale eta Pelargonium inquinans. Bi horien arteko nahasketaren ondorio dira gaur egun ezagutzen ditugun leiho-geranioak. Horregatik darama "x" bat izen zientifikoak erdian, genero bereko bi espezieren arteko hibridoa delako. "Pelargonium" grekoko "pelagos" (zikoina) hitzetik dator, landarearen fruitua eta hegaztiaren mokoa antzekoak baitira. "Hortorum" hitzak baratzekoa, lorategikoa dela dio. Ehunka eta ehunka barietate badirela aipatzen da. 

Deskribapena

Landare bizikor hau sasi-zuhaixka dela esan daiteke. 1,5 m edo altuagoa ere hazten da. Hostoak 6-13cm ingurukoak, biribilduak, gingildunak, ertz oxkardun eta kizkurtuak, berdexka eta erdialdean ferra formako arrasto arre edo ilunago dutenak dira. Loreak 2-5 cm artekoak, galtzarbeko ginbailetan elkartuak, 5 petalodunak (gorri, arrosa, laranja, zuri eta more nahasketak), bikoitzak ere izan daitezkeenak, giladunak eta pedizelo inguruan nektarioa dutenak dira. Fruituak zikoinaren mokoaren itxura du. 

Barietateak

Pelargonium x hortorum "Fleurette" 20 cm arterainoko altuera lor dezake eta hostoak ilunak, bikoitzak eta arrosa-gorria kolorekoak dira. 

Pelargonium x hortorum "Spitfire" Hostoaren ertza krema kolorekoa, eta lorea sinplea eta laranja-gorrizta borobildua. 

Pelargonium x hortorum "Golden Lion" Sinplea da eta lore laranjak ditu. 

Pelargonium x hortorum "Hermoine" Sinplea da eta lore zuriak ditu. 

Pelargonium x hortorum "Irene" Bikoitza da eta lore gorriminak ditu. 

Pelargonium x hortorum "Contrast" Hosto berde-gorriak-laruak ditu eta lore sinple eta gorriak. 

Pelargonium x hortorum "Red Black Vesuvius"  Lore sinple gorri biziak ditu eta hostaila berde iluna. 

Pelargonium x hortorum "Snowbody" Bikoitza da eta hosto bariegatuak ditu. 

Pelargonium x hortorum "Venus" Sinplea da eta lore zuri-zuriak ditu. 

Gaitzak eta izurriteak

Geranioaren taladro harra: cacyreus marshalli tximeletaren harra da. Erasotutako adar zatiak ebaki eta erre. Intsektizidaz tratatu. 

Euli zuria: hostopean biltzen diren euli txiki txuri eta ugariak dira. Izerdia zurrupatzen dute. Intsektizidaz tratatu.  

Zorria: hostopean eta kimu berrietan izerdia zurrupatzen dute. Intsektizidaz tratatu. 

Usteldura: onddoek hosto, zurtoin eta sustraiei eraso diezaiekete. Ingurune hezeegiaren adierazle da. Gutxiago ureztatu.  

Gorria: hostoen arrasto biribil arre ilunak garatzen dituen onddo bat da. Hezetasuna eta tenperatura epelak daudenean hedatzen da. Salda bordelesarekin tratatu.  

Trikimailuak

Hostaila ez busti, gaitzak sartzea eragozteko.

Eguzki-galdatan gustura bizi da.

Ongarriketa ez ahaztu, landare mardulak izateko nahitaezkoa da. 

Udaberrian, sasoi berriaren hasieran, luberritu. Ondo ongarritutako lurra jarri.

Neguan, kanpoko aterpe batean edo estalita, hotz handienetatik babestu.

Inausketa udaberrian egin, gupidarik gabe moztu eta ihartutako zatiak kendu. 

Tarteka hostoetako hautsa astindu daiteke, baina busti gabe. 

Kanpokoa
Argia

Argi asko behar du, ahal den toki eguzkitsuenean jarri. 

Tenperatura
termometroa 0-25℃ artean

Tenperatura beroak jasan ditzake nahikoa ur izanez gero, bestela 25ºC-tik gora kontuz. Negua 5ºC-tik behera ere babestu egin behar da. 

Ureztaketa

Uda partean erruz ureztatu, ia egunero, neguan bi astetik behin-edo. 

Ongarriketa

Bi astetik behin, ureztaketa-urari lorea duten landareentzat berezia den ongarri likidoa gehitu.

Ugalketa

Udaberri eta uda osoan aldaxkak landatu. Aldaxkari oina zanpatuz eta kraskatuz gero, errazago sustraituko da. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora