Asteroko buletina
Maiatzeko ihintza urrea.
Dani Blanco

Huntza

Hedera spp.

[Jakoba Erekondo]

Huntz gehienek Europa eta Kaukaso aldean dute jatorria. Hala ere Japonia, Himalaia, Kanariar Uharteak eta Madeiran ere badira. "Hedera" huntzaren latinezko izena da. Hemen erabiltzen diren gehienak Hederah helix espeziekoak dira, huntz arrunta, alegia. "Helix" hitza grekotik dator eta bira, buelta esan nahi du. Herrestariak eta igokariak dira, beraz, non eutsi ez badute, lur gainean zabalduko dira eta loreontzian zaintzilikatuko.

Deskribapena

Huntza, aireko sustrai atxikitzaileak garatzen dituen landare herrestaria edota igokaria da. Naturan huntzak bi fase ditu. Hazkunde fasean sustraidun kimu igokariak eta hosto gingildunak ditu. Heldutasunean, kimu tenteak, hosto gingilgabeak, lore berde-laruak eta baia edo fruitu beltzak garatzen ditu. 

Barietateak

Huntz espezie eta barietate ugari ezagutzen dira. Besteak beste:

Hedera helix "Deltoidea" Hostoak hiru gingil ditu eta ertza berde iluna da. 

Hedera helix "Goldheart" Hiru gingilekoa da eta hostoaren erdialdea horizta. 

Hedera helix "Sagittifolia" Bost gingil estu eta luze ditu, ertzak zuri-laurak. 

Hedera helix "Marginata Ellegantissima" Hosto txikiak ditu, berde-grisak, orban laruekin.

Hedera helix "Gloire de Marengo" Ia gingilik gabeko hosto handiak ditu. Ertza hori-larua dute. 

Gaitzak eta izurriteak

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu, zimeldu eta erorrarazi egiten ditu. Hostoak ugari ihinztatzea da prebentziorik onena. Erasoa gogorra bada, intsektizidaz tratatu. 

Kotxinila: hostopean eta txortenean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi da. Alkoholaz bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. Intsektizidaz tratatu. 

Trikimailuak

Inguru bero eta lehorretatik urrundu. 

Kimu berriak eta hostoak ez ihartzeko eta armiarma gorriari aurrera hartzeko hostoak ugari lainoztatu. 

Argi gutxi izanez gero, margoaniztun huntzaren hostoak zeharo berdetuko dira.

Bi urtez behin udaberrian lurra berritu (erdibana lur beltza eta luarra edo simaurra).

Lurra sekula ez dadila erabat lehortu. 

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Huntz berdeek ez dute eguzkia maite. Hostoetan beste kolore batzuk dituztenek eguzki pixka bat behar dute, margo horiexek indartzeko.

Tenperatura
termometroa 0-15℃ artean

Hotza beroa baino atseginago du. 15ºC-tik gora arazoak sortuko dira. Neguan tokirik freskoenean jarri, berogailuen eraginetik urrun. 

Ureztaketa

Huntzaren lurrari beti heze eutsi, sekula ez dadila lehortu. Uda partean hostoak ugari lainoztatu. Neguan ere bai, toki beroan badago. 

Ongarriketa

Inolako ongarriketarik gabe ere, huntza ederki garatuko da. Hala ere, noizbehinka ongarri pixka bat emanez gero, itxura mardulagoa izango du. 

Ugalketa

Noiznahi kimuak ebaki eta aldaxka gisa landatu. Erraz sustraituko dira. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora