Asteroko buletina
Kurriloak igaro, eguraldi txarra.
Dani Blanco

Esparragera zorrotza

Asparagus densiflorus "Miers"

[Jakoba Errekondo]

Hegoaldeko Afrikatik ekarritako landarea da. Esparragera zorrotza bere adarraren forma koniko luzeagatik esaten zaio. Sprengerren esparragera ere esaten zaio, agi danean hark ezagutzera eraman zuen Europan, baina hori beste espezie bat da: Asparagus aethiopicus. Asparagus, Grezian genero hau izendatzeko erabiltzen zen izen zaharretik dator, "aspharagos" edo "asparagos" eta hori pertsierak "asparag" (kimua) hitzetik. Densiflorus izenak loraldi trinkoa esan nahi du. 

Deskribapena

Esparrago landare honek, lurpean sustrai tuberkulu urtsuak ditu. 60 cm-raino garatzen da; hasieran tenteak eta dilindariak gero. Zurtoinak koniko luzeak dira, hostaje trinkoarekin. Filokladioak (hosto itxurako adarrak) 14 bitarteko multzotan eratuak. 1 cm luze eta 1 mm zabal dira, berde biziak. Lore zuria du, multzo trinkotan bilduak, arrosakoloreko orbantxoekin; 6 tepaloduna eta matsalko motzetan eratua. Fruitu biribil gorri--gorriak ditu. 

Barietateak

Asparagus densiflorus "Sprengeri" Landare tipoaren antzekoa da baina filokladoak 16 bitarteko multzotan (gehienetan hirunaka) ditu eta 1,5-3 cm luze eta 1-2,5 mm zabal dira. 

Gaitzak eta izurriteak

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu, zimeldu eta erorrarazi egiten ditu. Hostoak maiz ihinztatzea da prebentzio onena. Erasoa gogorra bada, intsektizidaz tratatu.

Zorria: hostopean eta kimu berrietan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka-banaka kendu. 

Trikimailuak

Negu partean kontuz tenperatura hotzekin.

Eguzki-galdatan ez eduki; ezta ilunpe iraunkorrean ere. 

3-4 urtetik behin zatitu eta lur berria jarri.

Ongarrituz gero landareak izugarrizko aldea egingo du. Mardul eta distiratsu jarriko da.

Pujak zahartu eta horitzen direnean, ipurditik ebaki, kimu berriak gara daitezen.

Lurpean sustrai-tuberkulu urtsuak ditu eta pixkanaka lorontzi osoa hartzen dute, lurra ia desagertaraziz. 

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Argitasun handia behar du. Eguzki-galdatan ez eduki, ordea.

Tenperatura
termometroa 0-25℃ artean

Negu partean 5ºC-tik gora. Udan tenperatura altu (25ºC-tik gora) eta iraunkorra kalerako du.

Ureztaketa

Udaberritik udazkenera, lurrari heze eutsi. Noizbehinka loreontzia oso-osorik uretan sartu. Neguan gutxi ureztatu. 

Ongarriketa

Apirila eta iraila artean, bi astetik behin ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu. 

Ugalketa

Udaberrian hazia erein, edo noiznahi landarea zatitu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora