Asteroko buletina
Orri irtetze, arto ereite.
Dani Blanco

Elefante oineko juka

Yucca elephantipes

[Jakoba Errekondo]

El Salvador eta Guatemalatik dator. Izote edo itabo izeneko bere lorea El Salvadorreko ikur nazionala da. Zuhaitz forma hartzen du eta etxe barruan bezala kanpoan ere ederki hazten da. Bere senideengandik bereizten duen ezaugarri garrantzitsu bat du: hostoetan arantzarik ez du. Horrela bere zabalkundea errezagoa da. Lore handi bat ematen du eta jangarria da: dastatu! "Yucca" izena akats batetik dator, berez "Yuca" beharko luke. "Elephantipes" enborrak hartzen duen elefante oinaren itxuragatik datorkio. 

Deskribapena

Oinen zabala eta gora eta estutzen den zurezko enbor zuzen baten muturrean, hosto-errosetak ditu, Agavaceae familiako landare honek. Lantza formako hosto berde, arantzarik gabeko, gogor eta luzeak (90-120 cm) ditu; denborarekin makurtu eta erortzen direnak. Naturan 10 m-ko luzera hartzen duen zuhaitza da eta etxe barruan 2 m-ra erraz iristen da. Etxe barruan nekez loratzen da. Infloreszentzia, ezkila-formako lore zuri-laruz osatutako panikula da. 

Barietateak

Yucca elephantipes "Marginata" Hosto ertzak zuri-laruak ditu. 

Yucca elephantipes "Variegata" Hostoa barrutik berde ilunagoa da eta ertzak zuri-laruak ditu. 

Yucca elephantipes "Silver Star" Hostoa barrutik berde argiagoa da. 

 

Gaitzak eta izurriteak

Kotxinila: hostopean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den lapa antzeko intsektua da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. 

Usteldura: denbora luzez, lurra hezeegi egonez gero, enbor-ipurdia botritisaren edo antzeko onddoen eraginez. 

Zorria: hostopean eta kimu berrietan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka-banaka kendu. 

Trikimailuak

Sekula ez gehiegi ureztatu.

Draina ona behar du ontziak eta ureztatu ondoren beheko platera beti hustu.

Enborra eta landare luzearen kargari erraz eusteko lur buztintsua nahastu eta lurrezko loreontzian landatu.

Landare zaharren arba luzeegiak lasai ebaki. Erraz berritzen da. Moztutako zatia ugaltzeko erabili.

Argi gutxirekin hostailaren margoa ahuldu egingo zaio.

Bi urtez behin, udaberrian lurra berritu.

Uda partean kanpoan gustora egongo da.

Beti ere ahal den toki argitsuenean eduki.

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Argitasun handia behar du. Eguzki-galdatan ere bizi ohi da. Hegoalderako leihoa da bere pagotxa. Kanpoan izotz handiak egiten ez dituen tokian jarri.

Tenperatura
termometroa 0-30℃ artean

Beroa maite du, 24ºC-tik gora loratuko da, baina 10ºC-tan ere biziko da, baldin eta lurrari lehor eusten badiogu. 

Ureztaketa

Uda partean lasai ureztatu. Neguan lurrak lehor egon behar du, ordea. Hostoak ez lainoztatu. 

Ongarriketa

Ez da beharrezkoa, baina uda partean ureztaketa urari ongarri likidoa bota daiteke. 

Ugalketa

Udaberrian, altsuma, urtadarrak edo arba luzeegiak moztu, 10-15 cm-ko zatitan ebaki, egun-pare batez erdi pareraino uretan eduki eta landatu. Beroa behar dute, 20ºC-tik gora. Oso erraz itsasten dira. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora