Asteroko buletina
Urrian eta azaroan hego haize.
Dani Blanco

Elefante belarria

Alocasia spp.

[Jakoba Errekondo]

Asiako eta Australiako inguru tropikaletatik eta subtropikaletatik datoz. Alocasia generoak 79 espezie ditu. Asko erabiltzen dira apaingarri gisa, etxe barruetan eta, batez ere, kanpoan. Jangarriak ere badira batzuk, lurpeko sustrai lodikotea jaten zaie. Alocasia izena greziar 'a' (ez) eta 'kolok?si?' (lotus erro) terminoetatik eratorria da eta Colocasia hitzak ez dena esan nahi du. Izan ere, bi genero horiek oso antzekoak dira eta garai batean Colocasia generoan sailkatzen ziren. Hostoaren tamainagatik eta formagatik deitzen zaio elefante belarria. 

Deskribapena

Alocasiak hosto iraunkorreko landare sendoa dira. Lurpean errizomak edo erraboila iraunkorrak dituzte. Hortik txorten luze eta tenteetan peltatuak edo ezkutu edo bihotz edo gezi formako hosto handiak ematen dituzte. Loreak hosto handien txortenen artean ezkutatuta ia ez dira ikusten, txorten motz baten muturrean hosto itxurako zorro edo braktea laru batean bildutako galburu antzeko batean bildutako infloreszentzia edo loretxo multzoa. Fruitu biribil laranja-gorriak ditu, mordoan, txortenaren muturrean.

Barietateak

Alocasia generoan espezie asko dago, hona erabilienetako batzuk:

Alocasia x mortfontanensis "Polly"  1,5 m-ko altuerakoa, gezi itxurako hosto makurrak eta 60 cm-ko luzera duten hostoak ditu. Berde ilunaren gainetik zilarrezko zain deigarriak ditu eta azpiko aldea more kolorekoa.  

Alocasia zebrina Hosto tenteen txortenak duten orban kolore nahasketak zebraren bizkarra gogorarazten du. 

Alocasia macrorrhizos Alokasia erraldoia esatez zaio. Hosto berde tente luzeak ematen ditu, jendeak aterki gisa erabiltzeko moduko tamainakoak.

Gaitzak eta izurriteak

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz hostoak horiztatu eta zimelarazten dituen armiarma txiki gorri-gorria da. Hostoak ugari lainoztatzea da prebentziorik onena. Erasoa gogorra bada, intsektizidaz tratatu. 

Kotxinila: hostoen edo bere zortenean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den lapa antzeko oskola duen intsektua da. Mutur zorrotza duen orratz edo labana batez banaka-banaka kendu. Alkoholetan bustitako kotoi batekin ere askatzen dira. 

Trikimailuak

Argi asko behar du, beraz, toki argitsuenean jarri. Baina eguzkitan ez, hostoak erre egiten dizkio. 

Maiz lainoztatu hostajea ondo bustiz. Ahal baduzu egunero.

Sasoi beroetan egunero ureztatu.

Kanpoan biziko da ondoen. Hotzak hasterako barrura sartu nahi baduzu, baina toki lehorregian ez jarri, ez ditu atsegin.

Urtero edo gehienez biz behin lurra berritu, loraldiaren amaieran; udaberrian noiznahi. 

Loraldiaren ondoren ongarritu, ureztaketa urari ongarri likidoa erantsita.

Hostoak belaki busti batekin garbitu. 

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Eguzkizalea da. Sasoi aktiboan, loraldia barne, argi asko behar du. Atsedenaldian erdi itzalean eduki daiteke. 

Tenperatura
termometroa 7-30℃ artean

Berozalea da, ahal duzun toki gozoenean jarri. Loretan dagoenean 12ºC-tik behera ez dadila jaitsi. Loralditik kanpo tenperatura freskoagotan ere ondo biziko da. 

Ureztaketa

Lurra ondo busti. Zertxobait lehortu arte ez berriro ureztatu. Hostoen muturrak zimeltzen hasten badira ura behar du. Hostaila ez dago lainoztatu beharrik. Sasoi hotzean ez ureztatu. Barruan badago, lurra ondo lehortutakoan. 

Ongarriketa

Neguaren amaieran lurra berritu, ondo ongarritutako lurra jarriz. Urtero hori eginez gero, ureztaketa urarekin ongarririk eman beharrik ez dago.

Ugalketa

Udaberriaren hasieran lurpeko errizomak atera eta landatu behar dira. Horretarako landare osoa atera eta banatu edo handia bada albotik lurra kendu eta errizomak askatu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora