Txina aldetik datorkigu. Landare hau aspaldi ezaguna da etxe barruetan. Edozein baldintzetan bizitzera jartzen da, baita kaxkarrenetara ere. Zaintzailearen utzikeria dotore asko eramaten du, egonarri handiena duen landarea dela esan daiteke. Izaera gogor horrek eman dio "burdin urtu landarea" izena. Aspidistra, grekoko "aspidion" hitzetik dator, zeinak loreak duen babes inguratzaile txikia adierazten duen. Elatior hitzak luzeena esan nahi du.
Deskribapena
Landare bizikor edo betiberdea da. Lurpean errizoma horizontalak ditu. Estipa edo hanka luze eta hosto obatu-eliptikoak eta paralelinerbioak ditu. Loreak lur azalean zabaltzen ditu, intsektu berezi batzuk polinizatu ditzan.
Barietateak
Aspidistra elatior "Maculata" Hosto berde ilunak ditu, orban zuriekin.
Aspidistra elatior "Variegata" Hosto berdeak luzetaraka, zabalera ezberdinetako orban zuri-laruak ditu.
Aspidistra elatior "Asahi" Hostoak jaiotzean txokolate koloreakoak dira, denborarekin behetik gorantz berdetzen dira.
Aspidistra elatior "Hoshi-zora" Hosto luze ahulak ditu.
Aspidistra elatior "Lennon´s Song" Hosto muturra luze eta mehea du, erdi parean berde argixeagoko marra batekin.
Gaitzak eta izurriteak
Armiarma gorria: izerdia zurrupatu, hostoak horiztatu, zimeldu eta erorrarazi egiten ditu. Hostoak maiz lainoztatzea da prebentzio onena. Eraso gogorra bada, intsektizidaz tratatu.
Kotxinila: hostopean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den lapa antzeko intsektua da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu.
Trikimailuak
Eguzkitan sekula ez eduki.
Ureztaketarekin kontuz. Lur bustiegietan hil egiten da. Lehortzea aise jasatzen du.
Ongarriketarekin kontuz. Oso dosi ahulak erabili, bestela hostoak zartutu egingo dira-eta.
Loreontzi aldatzea ez du atsegin. Beraz, ontzia sustraiek erabat hartzen ez duten arte ez aldatu (4-6 urtetik behin).
Hostoak oihal heze batez maiz garbitu.
Ureztaketa urri eta zuzeneko eguzkitatik at mantenduz gero, etxerako landare errazenetakoa da.
Barrukoa
Kanpokoa
Argia
Ia argitasun maial guztietara ohitzen da, baina eguzkitan erre egiten da. Kanpoan ere itzaletan eta toki babesean eduki.
Tenperatura
15-20℃ artean
Etxe barruko ohiko tenperaturatuak, baita neguan tokirik hotzenean ere, ondo jasaten ditu.
Ureztaketa
Udaberria-udazkena bitartean, lurrazala ondo-ondo lehortutakoan bakarrik ureztatu. Negu partean hilean behin edo bitan bakarrik ureztatu.
Ongarriketa
Oso noizbehinka ongarritu. Ongarri gehiegi badu, hostoak zartatu egiten zaizkio. Hori gertatuz gero, puska batean (urtebetean edo) gehiago ez ongarritu.
Ugalketa
Landarea zatitu udaberrian, edo udan. Zati bakoitzak gutxienez bi hosto behar ditu.
Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.
BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.