Asteroko buletina
San Migel ilberriko elurre, neguko ta maiatzerainoko elurre
Dani Blanco

Blossfelden kalantxoea

Kalanchoe blossfeldiana

[Jakoba Errekondo]

Madagaskartik zabaldua da mundura. "Kalanchoe" txinatarrek genero honetako espezie bat izendatzeko erabiltzen duten hitzetik datorren izena da. "Blossfeldiana" izena landare tratante alemaniar Robert Blossfelden ohoretan jarria du. 

Deskribapena

20-30 cm-raino garatzen den landare zukutsua da. Hostoak obatu-luzangak, 7-10 cm luzekoak, berde distiratsuak dira eta ertza gorrizta dute. Hodi formako loreak (1 cm) arba-muturretan, matsalkoka bilduta garatzen dira, neguan eta udaberrian. Gorriminak dira, baina barietate gorri, zuri, arrosa, laru eta horiak ere badira. 

Barietateak

Berezkoak lore gorriminak ditu, baina kolore askotako loreak (zuri, hori, arrosa, gorri, eta abar) garatzen dituzten kultibar edota hibrido ugari dago.

Kalanchoe blossfeldiana "Calandiva" Petalo bikoitzeko loreak ematen ditu. 

Kalanchoe blossfeldiana "Thon Thumb"  Barietate nanoa da, hostoak gorriztak eta lore gorriak ditu.

Kalanchoe blossfeldiana "Vulcan"  Barietate nanoa da, hosto luzexkak eta lore gorri biziak ditu.

Kalanchoe blossfeldiana "Goldrand"  Lore horiak ditu.

Kalanchoe blossfeldiana "Orange Triumph"  Laranja koloreko loreak ditu.

Kalanchoe blossfeldiana "Compacta Liliput"  Barietate nanoa da, lore gorriekin.     

Gaitzak eta izurriteak

Kotxinila: hotopean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den lapa antzeko intsektua da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. 

Zurina edo oidioa: hosto-azalean onddoa hauts zuri gisa agertzen da. Fungizidaz tratatu. 

Trikimailuak

Hostaila sekula ez busti ez lainoztatu.

Landare zukutsua da, kaktusen antzera, eta ur erreserbak ditu. Beraz, sekula ez gehiegi ureztatu.

Ur gehiegirekin, sustraiak usteldu egiten zaizkio, ondoren landare osoa.

Ureztatu edo ez duda baduzu, ez ureztatu eta asmatu egingo duzu.

Argitasun maila jaitsiaraziz, gaur egun edozein urte-sasoitan kalantxoe loratuak saltzen dira. 

Loraldia amaitutakoan, muturrak moztu eta argi gutxi dagoen tokian, ia ureztatu gabe eduki hilabetez. Gero argitara pasatu, ureztatu eta ongarritu.

Urtero lurra berria jarri.

Produktu kimikoriz ez erabili, intsektizidak, fungizidak eta abar, oso bera da eta kalte egiten diote. 

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Argitasun handia behar du, baina ez zuzenekoa. 

Tenperatura
termometroa 15-22℃ artean

Etxe barruko tenperatura arruntetan ondo biziko da. Neguan 10ºC-tik behera sekula ez eduki. Kanpoan neguan toki babesean jarri. 

Ureztaketa

Uda partean lurra lehortu denean ureztatu. Neguan urriago, lurra ondo lehortutakoan, eta ur gutxi eman. 

Ongarriketa

Uda partean, hilean behin ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu.

Ugalketa

Zurtoin edo hosto-aldaxkak egun bat lehortzen eduki ondoren landatu, udaberri amaieran edo udan. Haziak udaberrian erein toki beroan (20-25ºC)

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora