Agorrilak ontzen, buruilak biltzen

Zurak 18.000 milioi arkatzetarako

Umetatik izan ditut arkatzak gustuko. Marrazteko, eta marrazketa teknikoan aritzeko zer esanik ez, arkatza eta marra luma besterik ez genuen. Marra luma tintaz kargatu behar zen egin beharreko marra bakoitzeko… Muturreko lumaren torlojua lasaituta marra lodia, estututa mehea. Koskortu ginenerako rotrina azaldu zen eta marra guztiak lodiera berekoak. Arkatzena, ordea, mundu bat zen.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko otsailaren 05a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Etxekoa genuen oso aitak zerrategian erabiltzen zuen arotz arkatza; forma berezikoa, ez dakit nola esan: hiztegiek diote obal, obalatu eta arrauzkara. Eskolako arkatzak hexagonoak edo borobilak ziren. Hexagonoak arruntak, eta borobilak kopiatiboak edo ezabaezinak. Azken horiek bustian ere margotzen dute eta idatzitakoa ez galtzeko eginak daude.

Niretzako arkatzaren zura zen bitxia. Umetan arkatzaren atzeko muturrari hozkaka aritzea ez zen harritzekoa, eta txorroxkiloan zorrozterakoan askatzen zuen lurrina mendetasun sortzailea. Zedro usainaren familiakoa zen, eta bizitza guztian mintz pituitarioan eraman dut; orain zedro zurez inguratuta bizi naiz.

Laster hasi zen adikzio hori lanean: arkatzen bilduma egiten hasi nintzen. Hasieran inguruan nituen guztiak biltzen nituen eta gero bilatu eta bilatu jarraitu nuen. Orduan eta mendekoago. Mordo bat bildu nuen, kutxa batzuk eta anega erdiko erregu bat ere beteta ditut… Urrun dut, baina, Aaron Bartholmey, bere Guinnes errekorreko 69.255 arkatzekin.

Arkatzek geologia ere aberatsa eta ederra dute. Arima grafitozkoa dute baina kaolinarekin nahasia. Nahasketa hori 800 gradutik gora berotzen da, zakarkeria esateko bada ere, leun idatzi dezan. Nahasketaren arabera lapitzek gogortasun eskala bat dute: gogorrena 9H da eta bigunena 9B, erdian F eta HB, denetara 20 maila. Buruan ezabagoma badu, hari eusteko xafla bauxitatik sortutako aluminiozkoa da, eta ezabagoma apar harria eta sufrea nahastuta.

Niri, hala ere, zura zait interesatzen. Guk ezagutzen ditugun zedroak, benetako zedroak, Atlasekoa (Cedrus atlantica), Libanokoa (Cedrus libani) eta Himalaiakoa (Cedrus deodora), ez dira arkatzetarako erabiltzen. Horien antzeko usaineko zura duten beste konifero batzuk dira erabilienak. Hiru ezaugarri nagusi eskatzen zaizkio arkatzetarako zurari: biguna izatea, erresistentzia eta erraz eta garbi zorroztea. Tuia erraldoia (Thuja plicata), pinu brasildarra (Araucaria angustifolia), Karibeko pinua (Pinus caribaea “Hondurensis”) eta batez ere intsentsuaren zedroa (Calocedrus decurrens) erabiltzen dira; horiez gain: eskolako zuhaitza (Alstonia scholaris), gamharra (Gmelina arborea), makal hibridoa (Populus trichocarpa x P. deltoides), Siberiako ezkia (Tilia amurensis) eta Mantxuriako ezkia (Tilia mandshurica). Konifero jendearen kuadrillatik kanpoko azken horiek merke-zurreko arkatzak egiteko erabiltzen dira, zur merkekoak, alegia. Izan ere, nahiko zura eskuratzen ez da erraza izango, urtean egiten diren hemezortzi mila milioi arkatzak egiteko…

Horien artean daude Sprout enpresak egiten dituenak. Atzeko muturrean kapsulatxo bat daramate, non landare haziak dauden. Zorroztearen zorrozteaz arkatza behatz artean ez eusteko moduko ttikia denean, buruz behera lurrean sartu eta landareak sortuko dira: albahaka, perrexila, martorria, ezkaia, mitxoleta, krabelina eta abar. Tartean eta onena izeia, arkatz bateko hondarrarekin izeia sortuko da eta izei horrek gero 180.000 arkatz egiteko zura emango du.

Iroldegia
2025-10-20 | Jakoba Errekondo
Ariketa egiten da iroldegian, baina ez da inolaz ere kiroldegia. Ariketa ez da kirola, alderantziz apika bai, kirola ariketa. Bizitzak eskatzen duen aritzea da ariketa,... (+)
Piperraren prezio guda eta Tuterako akordioa
2025-10-13 | Jakoba Errekondo
Piper sasoia da, airea usaindu besterik ez dago. Bertako biperren (Capsicum annuum) aukera handia dugu: pipermina, Gernikakoa, Ezpeletakoa, Angeluko eztia, txorizeroa, pikilloa, morro edo handia... (+)
Sagar inaurkina
2025-10-06 | Jakoba Errekondo
Inaurkina. Inaurkingintzan buru-begi hasia dago aberats jendea, abeldun jendea, abeltzaina. Buru-begi eta buru-belarriak erne egin beharreko lana da inaurkinarena. Etxeratu nahi den zaborra da inaurkina.... (+)
Garde herrian intxaurrondoek izena dute
2025-09-29 | Jakoba Errekondo
Garuna dirudi, bai, intxaur alearen mamiak. Garun bikoitza. Alearen edo garauaren barrukoari “intxaur-mami”, “intxaur-ister” eta “intxaurki” esaten zaio. (+)
Sagarretako Pelestina
2025-09-22 | Jakoba Errekondo
Abuztuaren amaieran azaltzen da, baina iraila du gogokoen. Udazkena hemen dela berritzen digu urtero. Udazkenari kolore bidea erakusten dio. Guri, ahoko zeruak jasota duen lurrinen... (+)
gora