Apaltasunik gabe ez dago baratzezaintzarik

Testosterona behera


Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2021eko abenduaren 23a
Mendabeltzak erdira jaisten du gorputzeko testosterona maila.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Testosterona gehiegi duen jendarte batean bizi gara. Feminizidio etengabea, muskulu masa erraldoiak erakusten dituen jendearen emana, oldarkortasuna eta diktadoreen pare barrabilak mahai gainean jarrita erabakiak hartzen dituzten hagintariak dira adibide garbiak.

Euskal Wikipediak dioenez, ziklopentanoperhidrofenantreno (ondo idatzi izana espero dut) egitura nagusitzat duen hormona da testosterona. Batez ere arrak ekoizten du barrabiletan, baina askoz kopuru txikiagoan bada ere, baita emeak ere. Sexurako grina piztu, ilea gorputz guztian ugaritu, ahotsaren hoskera aldatu, energia fisikoa eta mentala indartu eta abar luze bat egiten du hormona horrek.

Paul J. Zakek zuzendutako taldeak 2009an argitaratu zuen lan baten arabera, testosterona altuak gizonak antisozialki jokatzea eragiten du; norberekoiagoa da, egoistagoa.

Has gaitezen bada, azkar, jendartea izorratu besterik egiten ez duen testosterona gaindosi orokor horri aurre egiten. Nire proposamena elikadura “zaintzea” da. Hona gorputzean testosterona maila apaltzen duten janari-edari batzuk.

Mendabeltza (Mentha spicata) eta mendafina (Mentha x piperita) Turkian ikertu dituzte. Han tearekin batera menda hartzeko ohitura dago. Bada, lehenak erdira eta bigarrenak laurdenera jaisten du gorputzeko testosterona maila.

Eragin arinagoa omen du baina erregalizak (Glycyrrhiza glabra) ere beheratzen du testosterona. Zabaldu dezagun makilagoxoa.

Gizontasunarekin hain lotua dagoen alkoholak ere testosterona beheititzen du. Beraz, ar harroago egiten duela uste duenak kontuz edatearekin. Eta, pentsatzen jarrita, hurkoaren aurkako erabakiak hartzen dituzten hagintari ar horiek ez ditut txotxean edo ardo on bat hartzen imajinatzen.

Aziendak hazteko antibiotikoak eta hormonak dantzatzen direnean hortik sortuko diren mozkinek (esnea, okela...) testosterona %15 inguru goibeheratzen dute, 2014an Chavarro J. E. gidari zuen ikertalde batek argitaratu zuen lanak dioenez.

Karbohidrato eta azukre finduak janda ere berdin, testosterona gutxiago.

Sojak (Glycine max) ere hormona maila ahultzen du. Kontuz, beraz, miso zopa, tofua, soja esnea eta jogurta eta abarrekin...

Bizarrak ahulduta, ahotsa finduta, indarrak eta kemenak apalduta eta gizenxeagoa izango den jendarte gozoago bat egiteko prest al gara? Libidoa edo sexu grina pizteko erremedioren bat aurkitu behar...

Arboletarako eroa daukat
2025-09-15 | Jakoba Errekondo
Bada Garde. Urrutira gabe hor dago, urrutieneko mugaren guardan. Umetan ezagutu nuen Garde, ez dut gogoan zenbat urte nituen, baina landatuta geratu zitzaidan han ikusi... (+)
Orria egitera
2025-09-08 | Jakoba Errekondo
Orriuldu gabe daude oraindik zuhaitzak eta arbolak. Hostoak ihartu gabe daude, bai. Eta hostoa jasotzeko sasoi aproposa da. Hostoa, batez ere geroago jasotzen da; zuhaitzaren... (+)
Pagatza, bizitza, sutza
2025-09-01 | Jakoba Errekondo
Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana. (+)
Harroputzetik artaputzera
2025-07-28 | Jakoba Errekondo
Gabezia, pobrezia eta erromestasuna orokortu ziren. Euskal Herri atlantikoa harropuzkeriaren ur gaineko bitsetan bizi zen. Itsasoz haraindiko merkataritzak, arrantzak eta estraperloak gure iparralde osoko jendartea... (+)
Sagastien joeraren hipotesia
2025-07-27 | Jakoba Errekondo
Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako,... (+)
gora