Asteroko buletina
Edozein belar pila ez da meta.

Pipermina, mina eta beroaren neurria

Hotzak beroa eskatzen du. Beroari deika udaren egunik luzeenak etorri aurretik hasi ginen, maiatzean. Orduan pentsatu genuen neguko hotzenean, piperrak landatu genituenean. Piper aldaera asko dago: gozoak, beroak, minak eta oso minak. Guk "pipermina" esaten diogu udan frijituta eta neguan ozpinetan kontserbatuta jaten denari, Capsicum annuum. Maiz mina egokitzen da, batez ere frijituta jaten denean eta entengaren neurritik gorakoa bada; gure aita zenarentzat 12 cm baino luzeagoko iltzea zen entenga. Hortik gora mina izateko arriskua handiagoa; handiagoa egiten delako edo, handitzeko berotan denbora gehiago eginez mintzen duen kapsaizina gehiago sortzen duelako. Betiko eztabaida piperzaleen artean. Nik handiak bezala ttikiak gustuko ditut, eta min punttua badute nahiago; min punttua e, ez aho osoa gorsortzen duten horien beroa.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko otsailaren 02a

Eta zer arraiotarako hartzen du lan hori piper landareak? Zertarako kapsaizina berotzaile hori ekoizteko lana hartu? Landareak ez du bere beharrik ez hazteko, ez bizitzeko. Kapsaizina erabili egiten du piper landareak. Kapsaizina alelokimiko bat da, hau da, inguruan eragiteko landareak sortzen duen gaia. Hasteko, inguru-minguruan landare batzuek jaio eta hazteko zailtasunak izango dituzte kapsizina dela medio: urazek (Lactuca sativa), alpapak edo luzernak (Medicago sativa) eta zenbait belarrek. Ikerketek diotenez, %50 arte atzeratu ditzake. Era berean, belarjaleak diren animaliak ere atzerarazten ditu, ez dituzte ahosabaia eta mingaina erre nahi. Belarjaleak bezala izurriteak sortzen dituzten animaliak ere uxatzen ditu. Kapsaizina piperraren mamian izaten da, baina batez ere piperraren barruan hazi iladei eusten dien plazenta mintz zuri-laruan. Piper hazietan ere kapsaizinak zeregin zehatza betetzen du: haziak berak gai hori ez badu ere, zabaldu aurretik ustelduko luketen onddoak urruntzen ditu mintz horrek, baratzeko landareen arerio sendaezinak diren Fusarium generokoak adibidez.

Piper haziak hegaztiek sakabanatzen dituzte, piperraren laguntzailerik onenak dira. Ez dute kapsaizinaren berorik sentitzen eta haziak dotore asko sakabanatzen dituzte. Belarjaleek, aldiz, hotz eta hagin artean haziak marruskatu egiten dituzte eta ernatzeko gaitasuna zapuztu. Itxura denez, piperrek gero eta kapsaizina gehiago izateko bideari ekin diote eboluzioan, txorien aldeko apustua egin eta belarjaleak usaintzera ere hurbildu ez daitezen.

Zenbait kiroletan kapsaizina substantzia debekatua da. Piperraren minak sufritzen ari den kirolariarenak ahantzarazten ditu eta hipersentsibilizatzailea da. Behor-kiroletan, adibidez, galarazia dago. 2008ko Beijingo Olinpiar Jokoetako behor-jauzi saioetan, lau behorrek positibo eman zuten kapsaizinan. Behorzaleek patrika berotu nahiko zuten, eta behorrak bero-bero zeuden baina deskalifikatu egin zituzten, noski!

Ilarraren entzumena
2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun... (+)
Txokolate menpekotasuna negozio
2024-12-16 | Jakoba Errekondo
Txokolatea kakaotik sortzen da. Kakaoak Theobroma cacao du izena; Theobroma hitzak “jainkoen janaria” esan nahi du. Aspaldikoa da txokolatearen gurtza; jainkoena zena azkar asko egin... (+)
Ilarretan dilista nafarra
2024-12-09 | Jakoba Errekondo
Zeruka, zeru bete on dakar zerukak. Zeruka, magitxa, magintxeta, mihauria, magina, baina, ilar-axala, mantxa, teka edo, ezagunena, leka. Lekak barruan dakarren leka-gauza, leka-bihia, lekalea edo... (+)
Gintonikaren ezkontza
2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta... (+)
Birigarroak zirinetan heriotza
2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora