Asteroko buletina
Baratzea beti da galera multzo baten artean garaipen gutxi batzuk, bizitza bera bezala

Etekin egarriak itotzen duenean


2024ko azaroaren 22a

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla, alegia. Horrek ezinbestean behartzen gaitu haren efektuari buruz gogoeta egitera eta gure babesa eta biziraupena ziurtatuko duten bitarteko konkretuak antolatzera.

Izan ere, Valentzian, zaharrak berri. Duela gutxi argitaratu zutenez, uholde-eremuetan eraiki zituzten kaltetutako hamarretik hiru etxebizitza, higiezinen burbuilaren garaian. Argi ikusten da nola, enegarrenez, adreilu-sukarra lehenetsi zen, hau da, eraikuntzaren eta higiezinen sektoreen irabazien logika, eta ez espazioaren antolaketa arrazionala. Hala ere, problema hori Valentziakoa bakarrik balitz, hau da, gertaera puntuala eta partikularra balitz eta planetako beste gune batzuetan urtero errepikatuko ez balitz, esanen genuke haren erroa kudeaketa-forma dela, eta ez kudeaketa bere horretan. Horren arabera, nahikoa litzateke Sánchez, Mazón edo agintean dagoen edozein gobernari zigortzea: “Seguru beste batek hobeto egingo zuela!”. Tamalez, hor daude aurten Vietnam astindu duen Yagi tifoia, Alemaniako 2021eko ekaineko uholdeak, Belgikan ere eragina izan zutenak eta 230 pertsona hil zituztenak, Poloniako hondamendi naturala, edo, urrun joan beharrik gabe, duela hiru urte Ultzama, Arga eta Ebro ibaien uholdeak. Horiek eta beste askok gogorarazten digute albo-kalteak beti sufritu behar dituela langile klaseak.

Ebroko Ur Konfederazioaren arabera, uholde-eremuetan eraikiko dituzte Etxabakoitz auzorako aurreikusten diren etxebizitzen %70. 12.000 bat etxebizitzako proiektua da, zuzenean dagoena lotua AHTaren errentagarritasunarekin

Kontrara, badirudi batzuei bost axola zaiela hori guztia. Horren adibide bat da Etxabakoitzeko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala (UGPS): Ebroko Ur Konfederazioaren arabera, uholde-eremuetan eraikiko dituzte gune horretarako aurreikusten diren etxebizitzen %70. Instituzioek modu larrian abandonatutako auzoa da Etxabakoitz, eta operazio urbanistiko izugarria egiteko asmoa dute han: 12.000 bat etxebizitzaren eraikuntza, zuzenean dagoena lotua AHTaren proiektuaren errentagarritasunarekin. Horrek jada nozitzen dutena baino are neurri handiagoan jarriko lituzke bertako bizilagunak uholdeen eraginpean, horrek ekar ditzakeen ondorio material zein giza ondorioekin. Esan genezake erantzukizun falta dela hori, baina etekin ekonomikoen logika da hondoan duen problema, lankidetza publiko-pribatua izendatu duten mantraren azpian kamuflatu asmo dutena orain.

Kontsentsu orokorraren arabera, soluzioa beti da etxebizitza gehiago eraikitzea –izan publikoak zein pribatuak–, nahiz eta horrek berekin dakarren, kasu honetan bezala, etxebizitzak uholde-eremuetan eraikitzea, argudiatuz “hirietan dagoeneko ez dagoela lurzoru urbanizagarririk”. Ikuspegi horren oinarrian dagoen sinesmenaren arabera, problema eskaintzaren eskasia da, eta ez etxebizitzarako sarbidea. Premisa horretatik abiatuta, problemaren soluzioa higiezinen negozioa bultzatzea da, zalantzan jarri gabe ea, gehiago eraiki beharrean, ez ote litzatekeen eraginkorragoa hutsik dauden etxebizitzak erabiltzea, 7.000 bat baitira Iruñerrian eta 30.000 baino gehiago Nafarroan, Estatistikaren Espainiako Institutuaren arabera. Behin betiko soluzioa hirietan eraikuntza masiboak egitea dela sinesteak handitu egiten du, halaber, landa eremuaren eta hiriaren arteko oposizioa eta landa-inguruneen despopulazioa.

Premiazkoa da eskema hori apurtzea. Etxebizitzaren negozioa baldin bada problemaren funtsezko kausa, soluzioa ezin da inondik ere izan negozio horren sustapena. Errentagarritasun ekonomikoa alde batera utzi behar da, lehen, orain eta etorkizunean ere egoera tamalgarriak sortzen baititu: etxebizitza hutsak, auzo hondatuak, auzokideen kanporatzeak eta uholde-eremuak, kalte materialak maiz izaten dituztenak. Arnasa hartu eta putz egin, biak batera ezin. Bada baliabide nahikorik guztiok izan dezagun etxebizitza kalitatezkoa, baina, horretarako, behar-beharrezkoa da ikuspegia aldatzea, aukeraketa egitea: etekin ekonomikoaren logika ala ongizate komunarena; langile klasearen beharrak ala gutxi batzuen interesak. Etxebizitzaren negozioaren kontra, mobilizazio bat eginen dugu azaroaren 28an Iruñean, eta beste bat abenduaren 14an, Bilbon. Bertan ikusiko dugu elkar.

Andoni Burguete, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora