Salbatore, baba lore

Bizi Baratzearen lurreko ekosistema oparoa

Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi berrirako urratsik handiena, gero uda eta udazkena azkurriz eta jatenez hornituko dizkiguna eta negurako mandioa eta ganbara gorde-jakiz osatuz sasoia borobilduko duena.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko apirilaren 14a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Apirilak jendea pozten du; animalia jendea, landare jendea eta gu pozten gaitu. Askok diote giroa berotzen hasi eta horrek pizten gaituela. Landareek diote lurra epeltzen hasi dela eta hortik datorrela arraizia. Gu, martxoaren azken igandean ordua aldatu eta ilunsentia luzatu delako. Niretzat baina apirila ipuin bat da, hatz artean isurtzen den olerki bat, baina batez ere musukatzen zaituen eguzki errainu txinta bat. Argi txinta bat da bai apirila niretzat, sasoi guztiko argia, argi berria, egun argia gaua baino luzeagoa izaten hasten dena. Argiak dakar urtero apirileko ezin azalduzko bizipoz eztanda.

Apirileko argi zirrinta zorion zirrinta bihurtu zuen ARGIAk duela hamar urte. 2015eko apirilaren 17an, Bizi Baratzea liburua argitara atera genuen. Ordurako 25 urte generamatzan asteroko artikuluarekin irakurle komunitate-jendea lur egiten, pilotan legez.

Hamar urte igaro dira, ez alferrik. Makina bat lur gorritu eta luberriak eraiki ditugu. Lur alferrak lur-mamiz jantzi eta lur-emankortu ditugu, lur gizen lur mardul egin, lur ondu bihurtu. Eta jendearengan lur-mina piztu eta lurrez lur hedatu.

Alor hori lantzen hasi eta egun dugun etengabeko uzta garatzeari ekin genionak asko izan gara Bizi Baratzean hamar urteotan: garaian garaiko ARGIAko, Antza inprimategiko eta Iametza teknologia enpresako langileak, batetik. Zabaltzen joan den kolaboratzaile sare kualifikatua bestetik, nork bere alorretik ekarpena egiten duena eta egun 20tik gora kidek osatzen dutena: idazten dutenak, argazkilariak, ilustratzaileak, diseinatzaileak...

Lur lan honek aparteko aitzurtzea, jorraldia, izakitua, inaustea edo txertaldia behar izan duenen batean jende asko izan dugu lan zehatzetarako lurkide.

Herri lurra da gurea, eta auzolanean aritu gara urte hauetan Euskal Herriko lehen sektoreko hamaika eragilerekin, denon artean gaiari dagokion lehentasuna ematea lortu nahian.

Bizi Baratzearen hamar urte emankor hauetan eman eta hartu egin duten milaka eta milaka herritarrak ere ezin ipularrean utzi. Orain badute aukera komunitateko kide egin eta proiektua bere osotasunean bultzatzeko.

Denoi golde lur bat esker, lur gozoetan eta alferretan barrena zaila erraz bihurtzen saiatzeagatik. Gure sektaren lema mamitzeagatik: eman eta hartu. Sor, eman, hartu eta sor.

Zelai gorrietako gorbela eta patata
2025-06-30 | Jakoba Errekondo
Belazea gorri azaltzen zen, egun batetik bestera. Gorri-gorri, gorri bizi urrutitik ikusgarri. Gorbela zen, itsas-belarra edo alga. Nekazariak itsas bazterretik bildu eta lehortzeko belazean zabaltzen... (+)
Arrosa basatiaren izen saltsa
2025-06-23 | Jakoba Errekondo
Loratu da. Kostata baina loratu da, bai, arkakaratsa (Rosa spp.). Lore arin, mehe, hegalari itxurakoa da, arrosa bat da eta lorea ere arrosakara eta zuriaren... (+)
Gaizki hezitako tomatea
2025-06-16 | Jakoba Errekondo
Ipurdia belztu egiten zaio. Tomate (Solanum lycopersicum) alea sano-sano ikusten da, landarean zintzilik, goitik behera begiratzen baitiogu. Buruz behera edo hankaz gora jarriz gero ipurdia... (+)
Gaitz terdi eta lotsa oneko nekazariak
2025-06-09 | Jakoba Errekondo
Natura aspaldi deuseztatu genuen. Hori da gure kultura, natura deuseztatzea. Oinarrian, nekazaritzaren kultura, goldearen kultura, kultibatzea, berezko natura deuseztatzea da. Guk nahi ditugun mozkinak eta... (+)
Iraultzak pobretzea dakar, motzarelo
2025-06-02 | Jakoba Errekondo
Golde” hitza “kultura” hitzetik dator. Etimologialaria ez naizenez, ez naiz, badaezpada, bidezidor horretan barrenduko, edozein sastraka edo lahardiren (Rubus fruticosus) erdian itotzeko ere… Inor edo... (+)
gora