Kandelario elurra dario: San Blasek lagunduko dio.

Baratzeko erraldoiak

Denetarako jendea dago. Ez da ezer berria, baina zenbaitetan gure espeziea zertarako gai den eta zertara jartzen den jakiteak farrezalea eragiten dit. Zenbait lagunek aldamenekoa eta urrunxeagokoa baino gehiago dela erakutsi arteko onik ez du. Eta gero eta muturragoko egoera xelebreak ikusten dira, jende xelebrea jendaurrean barregarri. Errekorrak dira bide txatxu horren adibide garbia: kuiarik handiena nork lortu, azenariorik luzeena nork eskuratu...

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2021eko urtarrilaren 28a
Paul Rochester munduko porru handienarekin. 10,7 kiloko pisua zuen.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lehiaketak ere ez dira txantxetakoak. Adibidez kuia erraldoietan (Cucurbita pepo) erraldoienaren munduko errekorra Mathias Willemijns belgikarrarena da, Alemaniako Ludwigsburgen 2016an ospatutako Kuia Erraldoien Europako Txapelketara 1.190 kiloko alea eraman baitzuen. Errekorren Guinness Liburuaren arabera munduko azenariorik (Daucus carota) astunenaren marka AEBetako Minnesotako Chris Qualleyk ezarri zuen 2017ko irailean 10,17 kiloko azenario itsusi batekin. Liburu beraren arabera, sekula neurtu den azenariorik luzeena Ingalaterrako Mansfield Woodhouseko Jon Athertonek 2016an landutakoa da, “St Valery” barietatekoa eta 14 hilabetez zaindua: 6,245 metro luzatu zen. Beste zeregin handirik ez du, nonbait, gizaseme horrek, eta ikaragarrizko erremolatxa (Beta vulgaris subsp. conditiva), 7,95 metrokoa, eta pastinaka (Pastinaca sativa), 7,49 metrokoa, sortuak ditu. Erremolatxa astunenaren marka Ingalaterrako Gareth eta Kevin Forteyren esku dago 2019az gero: 23,995 kilo. Brokolirik (Brassica oleracea var. italica) handienarena zaharra da, 1993koa, eta AEBetako John Evansen esku dago: 15,87 kilo. Azalorearena Ingalaterrako Peter Glazebrookena da, 2014koa, 27,48 kg. 10, 74 metro luzeko artoa sortu zuen AEBetako Jason Karlek 2014an. Luzokerrarekin (Cucumis sativus) bi marka daude, Ingalaterran biak; luzeenarena Ian Nealerena da 107 zentimetroko batekin, eta astunenarena David Thomaena 12,89 kiloko alearekin. Baratxuri bururik (Allium sativum) handienaren marka ere zaharra da, 1985ekoa, eta AEBetatik dator, Robert Kirkpatrickek sortua eta 1,19 kilokoa. Porrurik (Allium porrum) handiena Ingalaterrako Paul Rochesterrek zaindu eta hazitakoa da, 2018an: 10,7 kilo. Tipularik (Allium cepa) handiena 2014koa da, Ingalaterrakoa, Tony Gloverrek ondutako 8,47 kiloko burutzarra. Patatarik (Solanum tuberosum) handiena 2011koa eta Peter Glazebrook ingelesarena da: 4,98 kilo. Tomaterik (Solanum lycopersicum) handiena, berriz, AEBetatik dator, 2016koa da eta Dan Sutherlandena: 3,905 kg. Arbirik (Brassica rapa subsp. rapa) handiena ere lurralde haietakoa da; 2004an zaindu zuen Scott Robbek, eta 17,78 kilokoa egin zen. Ekiloretan (Helianthus annuus), altuenaren marka Hans-Peter Schiffer alemanarena da, 8,03 metro, eta bururik handienarena Emily Martin kanadiarrarena, 82 zentimetroko diametroa.

Barazki erraldoi horiek nork nahi ditu? Gure baratzeko ttiki goxoen aldean zakarrak izango dira. Errekorrak eta markak behar nor izateko. Bitxia da baina ia denak Ingalaterran eta AEBetan eskuratutakoak dira. Xelebre jendea han pilatzen al da? Ospetsu edo izen handiko izatetik xelebre izatera tarte txikia dago... Baratxuri ale fin batena.

Ardoa eta azukrea
2026-10-19 | Jakoba Errekondo
Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean... (+)
Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
Paisaiaren terrenteria hausten
2026-10-05 | Jakoba Errekondo
Loratu dadin negua. Uztak jasotzen ditugu neguan goseak harrapa ez gaitzan. Kalitatezko elikadurak ez gaitu soilik berdintzen, bizitzeko kilokaloriak ematen. Elikadura on batek soinetik at... (+)
Udazkenari ekiten: urrigiro ereingiro
2026-09-28 | Jakoba Errekondo
Gaurkoan, lanera! Uda azkenak eta udazkenaren hasierak badute garai bitxia izateko nahiko zantzu, aizkomenteko urte arrunt xamarretan, behintzat. Eguzki-mugaren indarrik ez du, baina ekinozioa izateak... (+)
Lurzoruaren osasuna neurtzen
2026-09-21 | Jakoba Errekondo
Tomas Gerrikagoitia Urionaguena Alegria baserriko ziortza-bolibartarrak (1909-1997) ederki asko idatzi zuen herri bereko Zeinke auzoko Goikoetxe baserrira morroi joateko esperientzia eta Arantza eta larrosa. Nire... (+)
gora