Buruileko euriek mahastia ontzen.

Zure hitzek ere badute pozoia

Goitik beherako begi-nini beltza, begi gorri baten erdian. Begira ari da. So. Erne. Miztoa airean duela. Prest. Gizakia, ondoan. Arriskutsua da. Gizakia, diot. Sugearentzat. Hala sentitzen du berak ere. Eta hargatik du burua zerbait altxata eta egiten du txistu, sssssssss… ohartaraziz bezala: “Egin alde hemendik. Kontuz ibili hadi, nik ere badi(n)at pozoia”.

Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2026ko urriaren 05a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Sugegorri kantauriarra (Vipera seoanei)

TALDEA: Ornoduna / Narrastia.
NEURRIA: 60 cm inguru.
NON BIZI DA? Sastrakadi eta belardi ekotonoetan. 
ZER JATEN DU? Ornodun txikiak: saguak, narrastiak...
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Inork pozoia badu, hori gizakia baita. Hitzek ere egin dezaketelako min, faltsukeriak zabaltzen direnean. Gezurrak egia baten modura, nahita, lau haizetara barreiatzen direnean. Lasai dagoena, lasai uzten ez denean. Sugegorriari ez dagokiona ere, bizkarraren gainean jartzen zaionean.

Bekain baten gisako ezkata du begi gainean. Itxura beldurgarria ematen diona. Eta pozoia. Bai. Pozoia du sugegorriak, hortz berezi batetik barrena sartzen duena. Baina aditu: ez da eraso egiteko. Ez gizakiari kalte egiteko. Sugegorriak pozoia du jaten dituen harrapakinak, ugaztun txikiak, hartzean, horiek akabatzeko edo inork eraso egiten badio, defendatzeko.  

“Sugegorria isatsean jota baino gaiztoagoa haiz” esan zigun Joxe Susperregik. Hala esaten omen dute bere inguruan, Ereñotzun (Gipuzkoa) eta badu zerbait egiatik esaldiak. Izan ere, sugegorria gaiztoa izan daiteke, “sugegorria isatsean jota”, bakean dagoena bakean uzten ez denean. Zirikatzen dugunean, erasotua sentitzen denean… Zer egingo zenuke zuk?

Eta noski, bere pozoiak ekarri dio halako fama txarra. Sortzen du beldurra, nahiz eta jakin sugegorriak alde egingo duela gizakia ikusi bezain pronto. Baina, istripuak beti daude. Lurrean dagoen zerbait hartzera joan, eta kasualitatea, sugegorria bertan badago eta hark zure eskua ikusten badu, edo jolasten hasten bagara, zirikatu nahian...

Sugegorri kantauriarra, ordea, ezagutzea komeni da. Gainontzeko sugeetatik bereiztea, prebentzio modura, sikiera. Eta zuk, bereizten al dituzu?

Sugegorri kantauriarrak kolore gorrizta duela dio jendeak, burua hiruki formakoa eta ez oso handia. Hala diote, eta izan daiteke, baina hori ez da nahikoa ezberdintzeko. Ezaugarri horiek edo antzekoak baititu suge biperakarak (Natrix maura). Sugegorriak begi-nini bertikala du eta buruko eta gorputzeko ezkatek antzeko tamaina dute, gainontzeko sugeek ez bezala. Besteek, burukoak handiagoak baitituzte, gorputzekoen aldean.

Eta ezagutza hori oinarrizkoa izan da belaunaldi askotan. Ereñotzun egindako ikerketa txiki batek erakutsi zigun bezala, bertan elkarrizketatutako 25 adineko pertsonek ezberdintzen zuten sugegorria besteekiko.

Esamesek diote, urte bakarrean berrogeitik gora txakur hil omen zituela sugegorriak Urumea partean. Inork ordea, ezin ziurtatu hori hala izan zen, edo kondaira hutsa den. Esanak esan, ordea, bada zabaldua dagoen kontu bat horri loturikoa. Sugegorriak txakurra edo ardia kokotz azpian helduz gero, elorri-arantzarekin zulatu behar omen zaio hozka egin dion gunea. Gizakiari pozoia sartuko balio, ordea, aditu guztiek gauza bera gomendatzen dute: ahal den heinean lasai egotea eta lasterka ez hastea, bihotzak ez dezan asko ponpatu, pozoia gorputzean ez zabaltzeko. Eta inguruko osasun-zentrorik gertukoenera joatea gomendatzen da, beste ezer egin gabe, bertan artatua izateko. Eta hala, oso zaila izaten da hozkada sustotik harago joatea.

Sasi eremuetan, baso ertzetan eta belardi eta zuhaixken arteko ekotonoetan, hor sentitzen du bere burua eroso sugegorriak, eta behin leku bat bilatuta, hori mantentzen saiatuko da, eremu txiki berean egotea gustatzen baitzaio. Eta behin ikasita non dagoen, ikusiko duzu, kiribilduta, lasai. Eta distantziatik begiratuta, sugegorriak bere bidea egingo du, eta gizakiak, berea. Eta hala, pozoi guztiak alferrikakoak izango dira. Sugeak ez duelako hozkarik egin beharko; ez gizakiak kondaira pozoitsurik lau haizetara zabalduko.

Tximista belardian
2026-07-27 | Iñaki Sanz-Azkue
Suge gorputz kiribildu bat sumatzen da belar luzeen babesean. Argi-itzaletan ari da goxatzen, eguzkipean. Lasai dago; eroso, bere bizitokian. Baina amaitu da bakea. Gorputzak mugimendu... (+)
Bertako espezieak kobren eta anakonden itzalean
Euskal Herriko ikasleekin egindako ikerketa batek, gizakien eta sugeen arteko harremanari buruzkoak mahai gainean jarri ditu nazioartean. Erlazio horrek beti eman du zeresana, baina oraingoan,... (+)
Kantu bat ilargipean
2026-06-15 | Iñaki Sanz-Azkue
Soka baten itxurako mihia du: luzea eta zirkularra. Disko itsaskorrak hatz finen puntan, eta begi-nini horizontala duten urre ilun koloreko begi biribilak buruaren bi aldeetara.... (+)
Narrasean narrasti artean
2026-04-26 | Iñaki Sanz-Azkue
Arre koloreko lurrean aurkitzen da. Arretasunean, harro, narrasean doa. Herrestatuz, narrastia. Soroan sesiorik ez. Segi du sugeak, sigi-saga, sasoia du eta; mahastian eroso sartu da.... (+)
Schreiber muskerra eta Jaizkibelgo misterioa
2026-03-16 | Iñaki Sanz-Azkue
Kanpai soinua Jaizkibelen. Hareharrizko arrokak ikus daitezke Guadalupe elizaren aldameneko belardian: orban horiak paisaia berdean. Itsaso urdin bat sumatzen da gertu. 1979an aurkitu zen bertan... (+)
gora