Lur baltza, jenero ona

Kantu bat ilargipean

Soka baten itxurako mihia du: luzea eta zirkularra. Disko itsaskorrak hatz finen puntan, eta begi-nini horizontala duten urre ilun koloreko begi biribilak buruaren bi aldeetara. Txikia da oso, eta berdea gehienetan: berde-berdea. Zuhaitz-igel iberiarrak beste planeta bateko animalia eder bat dirudi, edo baso subtropikaleko anfibio berezi bat. Igel txiki hau, alabaina, Euskal Herriko hainbat putzutan aurkitzen den espeziea da. Bitxia eta ederra.

Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2026ko ekainaren 15a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Zuhaitz-igel iberiarra (Hyla molleri)

TALDEA: Ornoduna/ Anfibioa.
NEURRIA: 4,5 cm-raino.
NON BIZI DA? Landaretzaz inguraturiko ur geldoetako eremuetan. 
ZER JATEN DU? Ornogabe txikiak.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Goxo gaude urmael ertzean. Gau argitsua izan da udaberriko ilargipean, hodeiak azaldu artean. Euri-langar fin batek busti ditu inguruko landareak eta tanten zarata jarraiak jarri du gaurko sintonia gure belarrietan. Zuhaitz artean gaude eserita. Geldi. Isilik. Putzu txikira so. Zain.

Eta iritsi da momentua. Entzun da, zuhaixka finaren adar txikitik kantu hots bat. Kek-kek-kek jarrai bat. Eta isiltasuna. Eta berriz ere, kek-kek-kek ozen bat, animatu dituenak inguruko igel guztiak kantuan jartzera, batera kantatzera: urmaelaren inguruko landaretzan koru bat sortu da udaberriko ilargia estaltzen duen hodei finen babesean.

Zuhaitz-igel iberiarrak koruan kantatzea du maite. Eta esaten da, kilometro batera ere entzuten dela kantua. 15-30 kantuko serieak egiten dituztela diote adituek eta energia gastu handia ekartzen diela. Izan ere, igel txiki honen ugal garaia ikerketarako gai interesgarria da. Koruak hasi egiten dira, eta bat-batean, eten. Eta ostera ere hasi, animatzaile lanak egiten dituen igeltxo baten kantuaren ostean. Putzuaren ureko tenperaturak erabakiko omen du kantuaren luzera; eta hala, kantu eta koru artean, arrak emearen presentzia bilatuko du, elkar besarkatzeko: ugaltzeko. Emea behean eta arra goian jarriko dira, ordutan hala egoteko, edo kasuren batean ikusi den bezala, bi egun oso, maitasun anplexu goxoan. Dena ez da beti horren heteroa, ordea, eta ikusi da behaketarik arren arteko maitasun besarkadak erakusten dituena. Sabela sabelaren kontra topatu zituzten bi ar, eta ikertzaileek datua jaso, idatzita gera zedin.

Zuhaitz-igel iberiarren populazioek egitura metapopulazionala dute. Alegia, populazio baten barruan hainbat nukleo egon daitezke, eta nukleo horien barruan, ale gutxi batzuk, putzuz putzu mugituko direnak. Igel honen biziraupenerako, beraz, urmael bakarra ez da nahikoa, eta putzu-sare batek osatuko du haien bizilekua. Eta horien arteko konexioak egokia izan beharko du populazioak etorkizuna izan dezan. Urmaela kontserbazio egoera onean egotea ez dela nahikoa, alegia. Putzuen arteko bideek ere osasuntsu egon behar dute. Beraz, habitat suntsiketa arrisku handia da animalia honentzat. Are gehiago, askotan erreka eta bailaretan barrena mugitzen direla jakinda.

Hyla generoaren barruan 250 espezie baino gehiago daude munduan eta gehienak kontinente amerikanoan. Horietatik bi Euskal Herrian aurki ditzakegu: zuhaitz-igel iberiarra eta hegoaldeko zuhaitz-igela. Biak ala biak antzekoak, baina iberiarraren kasuan, atzeko hanketatik lepo aldera doakion adar itxurako marra beltzak salatuko du.

Atzeko gorputz-adarretik aurrera doan adar itxurako marra beltz bat dago urmael ondoko adaxka finaren gainean. Eta egingo du kantu bat ilargipean, igel txikiak jaio daitezen eta putzutik putzura, espeziea adarkatu dadin. Denok dakigun bezala, gu sortu ginen enbor beretik sortuko direlako besteak: borroka horretan iraungo duten zuhaitz-adaxka gazteak.

Narrasean narrasti artean
2026-04-26 | Iñaki Sanz-Azkue
Arre koloreko lurrean aurkitzen da. Arretasunean, harro, narrasean doa. Herrestatuz, narrastia. Soroan sesiorik ez. Segi du sugeak, sigi-saga, sasoia du eta; mahastian eroso sartu da.... (+)
Schreiber muskerra eta Jaizkibelgo misterioa
2026-03-16 | Iñaki Sanz-Azkue
Kanpai soinua Jaizkibelen. Hareharrizko arrokak ikus daitezke Guadalupe elizaren aldameneko belardian: orban horiak paisaia berdean. Itsaso urdin bat sumatzen da gertu. 1979an aurkitu zen bertan... (+)
Txikitasunean ezkutatuta
2026-02-02 | Iñaki Sanz-Azkue
Bada zerbait zientzialari oro pozten duena: buruan dituen galderen erantzunak aurkitzea. (+)
Uretan dantzan!
2025-12-15 | Iñaki Sanz-Azkue
Txikia da putzua; putzu-zulo deitzeko modukoa. Baina bere txikitasunean badu garrantzia, eta ez nolanahikoa. Hezegune txikiak edo mikrohezeguneak espezie askoren bizileku baitira, ugaltzeko toki, babesleku... (+)
Isilean, oharkabean
2025-11-01 | Iñaki Sanz-Azkue
Belar motz artean sumatu da mugimendua. Ez da jarraia, ez da bortitza. Sugandila bizierrulea mantso doa aurrera, isiltasunean. Oharkabean. Gorputz osoa sigi-saga mugituz, belar arteko... (+)
gora