Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gauaren iluntasunean izarrak ikusteko, urteko edozein sasoi da egokia, baina seguruenik udan egoten gara lasaien zerura begira, denbora astiroago igaro eta eguraldi ona etortzen denean. Euskal Herrian argi artifizialak sorturiko kutsadurak ez dizkigu aukera asko ematen, baina hala ere oraindik hamaika begiratoki daude astroen argiaz gozatzeko, batzuk horretarako prestatuak, beste batzuk naturalak.
Lau paraje proposatzen dizkizuegu jarraian, lau puntu kardinaletan kokatuak: Larra-Belagua ekialdean, Erribera hegoaldean, Izkiko Parke Naturala mendebaldean, eta Hendaiako Abadia gazteluaren inguru zoragarriak iparraldean. Denak balekoak –eta debaldekoak– galaxiak, konstelazioak eta, batek daki, akaso izar usoren bat atzemateko, arnasa lasai hartu eta haizeak hostoei ateratzen dien musika entzuten dugun bitartean. Segidan duzue lehenengo proposamena: Larra-Belagua, igogailu bat izarretara.
Esne Bidea Castildetierra Bardeako monumentu natural ezagunean.
Ezinezkoa da zerutik gertuago egotea Euskal Herrian. Horregatik soilik, jada bada izarrak ikusteko –eta atzamarrekin ukitzeko– toki miresgarri bat Larra-Belagua. Gauden tokitik, Pirinioetako mendi maiteen itzalak ere antzematen dira ilunabarrak marrazten digun profilean: Txamantxoia edo Maze (1.941 m), Auñamendi (2.507 m), Hiru Erregeen Mahaia (2.421 m), Kartxela (1.982 m), Ezkaurre (2.047 m)... Belaguako Angel Oloron aterpetxea duela urte batzuk berritu eta ireki zuten berriz, eta gure txango gautarrerako abiapuntu ezin hobea izango da.
Aterpetxera autoz iristeko, Izabatik (Nafarroa) aurrera egin behar da, Camille hartzak hain gogoko zuen Mazeko oihana aldamenean utzita. Lauzpabost bihurgune estu, nahi bada Juan Pito bentan parada egin, eta errepidea “igogailu” gisa erabilita iritsiko gara aparkalekura. Frontalekin egiteko, aterpetxe ondotik abiatzen den Zemetoko ibilbide zirkularra izan liteke egokia: laburra eta markatua (zuriz eta berdez), pinu beltzek eta pagoek zaindutako zelai karstikoetan barrena, Zemetoko begiratokiraino (1.357 m) eramango gaitu. Beste aukera bat eski nordikoko El Ferialeko estaziora igotzea da, eta animatzen denak, San Martingo harrian du azken solairua.
Hegoalderantz “zibilizazioaren” argi hori eta arreak ikusten diren arren, han behetik ahulegi iristen dira izarren erreinu honetara. Erronkaribarrek 2017an lortu zuen Starlight fundazioaren helmuga turistikoaren ziurtagiria –argi kutsadurarik gabeko zeruak izendatzen ditu mundu osoan barrena–, herri gutxi eta bilduak dituen eremua baita. Agian, LightPollutionMap.info webgunea ikusita hobeto ulertzen da esaten ari garena: Iruñea eta Paueko (Frantziako Estatua) gune urbanoetatik urrun, urdin sakon batek estaltzen ditu Nafarroako Pirinioak. Ziurtagiri hori emateko, gainera, fundazioak kontuan eduki du parajeotako ekosistemen aberastasuna.
Non: Izaba (Nafarroa)
Ibilbidea: Zemetoko ibilbidea: zirkularra, seinaleztatua, 4,2 kilometro.
Webguneak:
- Fundacionstarlight.org
- Pamplonetario.org/eu
- Refugiobelagua.es/eu
Kamerarekin abila denak Esne Bidea fotografiatu dezake hemendik, gu bizi garen galaxia. Urtero, otsailetik urrira, zentro galaktikoa zeruan ageriko zaigu ipar hemisferioko 42 latitudean –azarotik urtarrilera eguzkitik gertuegi dago–, eta uda partean nabarmenduko da hoberen Esne Bidearen “arku” osoa: 400 bilioi izarreko eta 14 mila milioi urteko komunitatea. Asko al da? Unibertsoaren izkina batean kokatua, txikienetakoa omen da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545