Astelehenero 8:00etan zure epostan
Aurreko artikuluari jarraipena eman asmoz hemen dator bigarrena. Eibarren UEUren 54. Udako Ikastaroetan, Biharamunen Lantegiak antolatutako mintegian egin nituen hausnarketak dira hemen partekatzen jarraitzera noanak.
Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea
Mariano Ostolaiz, bertso kantari.
Sendabelarren inguruko jakintza eta transmisioa ez direla naturalki desagertzen joan nioen aurrekoan, euskara bezala, hemen ere ezer ez dela bere kasa galdu. Norbaitek galarazteko interesa izan duela nioen, batez ere medikuntzaren monopolioa bat eta bakarra ezarri zenetik; honekin herriak berea izan zuen sendaketarako jakintzaren zapalketa eta jazarpena hasi baitziren.
Etsaia ez da kanpokoa bakarrik izan, ordea. Esan nahi nuke itxikeria eta berekoikeriaz ere jokatu dela gure artean eta horrek jakintzaren galera ekarri duela, transmisioa ezinezko egin duelako. Pena handiz esan dezaket badakidala zer nolako ukendu formula ederrak galdu diren, egiten zekienak ondorengoei egiten irakatsi nahi izan ez zielako. Sendabelarrek dakitena liburua argitaratutakoan, espero ez nuen kexa mota batek asko harritu ninduen: nola ausartzen zara ukendua zerekin egin denei erakustera? Ezin al zenuen ezkutuan gorde hainbeste balio duena? Jakintza hau ez dela nirea, denona dela esaten nien, eta denona bada denok jakiteko eran, eskura jarri behar genuela. Osasunaren Mundu Erakundeak esaten duen gauza, bidenabar esanda, ondare hau immateriala dela eta copyright-ik ez daukanez, edonork eduki behar lukeela sarbidea bere jakintza eta baliabideetara. Horregatik, liburuaren idazketatik haratago pausu bat eman eta dibulgazio lanetan bakarrik aritzeko hautua egin nuen.
Jakintza nondik hartu, non dagoen, da galdera onena hemen. Gure etxean esaten zen dakienari aditu behar zaiola beti eta horiek etxeko zaharrak izaten ziren, gure kasuan alfabetatu gabeak. Alfabetatu gabeak eta jakitunak. Aritzen zirenak haiek izaten zirelako eta hemen aritua egiten da aditu, Iñaki Segurolak esan zigun bezala. Artzainari, ganaduzaleari, emaginari, albaitariari eta Arantzazuko fraideari ere galdetu egiten zitzaion, haiek ere izaten zutelako zer esanik sendabelarren inguruan. Medikuari ez, beldurragatik. Gaur egun, askotan gertatzen da hitzaldi eta ikastaroen amaieran, nigana etorri eta partekatzen dizkidatela altxorrak. Askotan herriko zaharrak izaten dira eta nik, Jakoba Errekondok emandako aholkua jarraituz, koadernoa erosi nuen eta den-dena apuntatzen dut bertan. Zenbaitetan, eurek ekartzen didate koaderno bateko orri gastatua: tori, zuk hartu hau, gal ez dadin.
Mariano Ostolaitzek, frankismo betean eta euskaraz, El Diario Vasco-n idazten zituen artikuluak ere gastatuta daude gure aita zenaren karpeta batean. Etxean dagoeneko sendabelarrekin egiten genuen lan hura, bere kronikaren irakurleak jakiteko eta egiteko moduan azaltzen zuen berak, baina beti ikasten genuen gauza berriren bat eta estimua genion. Auspoa sailean dago bere Senda-belarrak liburua, debalde deskargatzeko esteka eta guzti. Aurreko artikuluan aipatu nuen Donostian baduela Ignacio Maria Barriolak bere izeneko eraikin bat. Oiartzungo herriak bere kale izendegia zabaltzerakoan beharko balu izenen bat, mesedez har dezala kontuan gizon hau, kale edo plaza eder bat, intsusaz betea ahal bada, egin diezaion. Ez baitu gutxiagorik merezi Marianok.
Jarraituko du.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545