Apirila euritsu, urtea kakatsu.

Gure begiradaren mugak

Zutabe hau bi emakume zuri, euskaldun, bertako eta gizarte-mugimenduetako kide garenok idazten dugu. Aurreko artikuluetan, Euskal Herriko borroka ekofeministek bizitza batzuk beste batzuen gainetik ez jartzeko garrantzitsutzat jotzen ditugun hainbat auzi azaleratu nahi izan ditugu. Oraingo honetan, gure diskurtsoari eta praktikei erreparatu nahi diegu, Rosa Vacacelari bi solasalditan entzundako gogoeta eta ikaskuntzetatik abiatuta. Hitzaldi hauek Paz y Solidaridad Euskadi Fundazioak eta Meloia Zuritzen kolektiboak antolatutako Intersekzionalitatea deskolonizatuz solasaldi zikloaren parte izan dira eta Ecuador Etxearen laguntza teknikoari esker ikusgai daude helbide honetan.

Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Vacacela, Ekuadorreko plurinazionalitate eta kulturartekotasunaren barruan, Amazoniako Kichwa nazionalitatearen parte da eta kolektiboki eraikitako Sumak Kawsay kosmobisioaren sakontasunean murgildu gaitu.

Gure zutabeetan sarritan jartzen ditugu zalantzan pertsonen arteko nahiz pertsonen eta animalien arteko bereizketak eta menderatze-harremanak. Hala ere, Sumak Kawsayk begirada zabalagoa proposatzen du: egungo belaunaldien bizitza betea lurralde batean bizi diren subjektu guztiekin batera ulertzea. Horien artean daude zuhaitzak, basoak, ibaiak, aintzirak, ur-jauziak, mendiak, jainkotasun babesleak eta arbasoak. Horrela, nahiz eta guk antropozentrismoa auzitan jarri eta intersekzionalitatearen jatorrizko esanahiari, intererlazionaltasunari, ekomenpekotasunari eta elkarrekiko menpekotasunari arreta eskaintzea proposatu, bereiztera jotzen duen logika kategoriko batean erortzen jarraitzen dugu. Azken finean, gauzak ulertu ahal izateko “kutxatxoetan” sailkatzera gonbidatzen gaituen Mendebaldeko pentsamendu modernoaren parte gara.

Batetik, intersekzionalitateaz hitz egiten dugunean, gure diskriminazioak eta pribilegioak bereizita ikusteko beharra izaten jarraitzen dugu; are gehiago, zaila egiten zaigu ikustea askotan bi egoeretan aldi berean parte hartzen dugula. Hau da, erraz identifikatzen dugu geure burua esplotatuak, erasotutakoak edo indarkeria jasaten dutenak garenean, baina gehiago kostatzen zaigu aitortzea gu geu ere beste izaki batzuk esplotatzen, erasotzen edo bortxatzen ari gaitezkeela.

Bestetik, antiespezismoaz hitz egiten dugunean, gizakiak zein gizakiak ez diren animaliak izaki sentikorrak direla azpimarratzen dugu; aldi berean, ordea, sentikorrak ez diren izakietatik bereizten ditugu (landareak, esaterako). Hortaz, ez al gara berriro bereizteko modu berean erortzen, gizakien antz handiena duten izakiak gehiago baloratzera eramaten gaituen logika antropozentriko batean? Zergatik ez ditugu gure analisi eta praktiketan bizitza posible egiten duten izaki guztiak kontuan hartzen? Ez al litzateke hori gainerako izakiekin –animaliekin zein animaliak ez direnekin– ikuspegi ez-antropozentriko batetik harremantzeko modua izango?

Rosa Vacacelari entzuteak berriro ere berresten digu zein garrantzitsua den gure erreferenteak Mendebaldeko pertsonetatik harago zabaltzea, haiek ere gure muga berberak partekatzen baitituzte. Gure begirada zabaltzeko, lehen erronka Mendebaldeko oinarriak zuzenean zalantzan jartzen dituzten kosmobisioek zeharkatzen uztea da. Kasu honetan, Sumak Kawsayk komunitatean bizitza erreproduzitzea proposatzen du, lurralde batean bizi diren izaki guztien arteko elkarrekikotasuna, osagarritasuna, birbanaketa, abegikortasuna, erantzunkidetasuna, errespetua eta harmonia oinarri hartuta.

Bigarren erronka geure burua etengabe berrikusteko prest egotea da, akademizismoa, erauzketa-logikak, apropiazioa eta esplotazioa bezalako Mendebaldeko praktikak erreproduzitzen jarrai ez dezagun. Seguru asko, horrela, eraiki nahi dugun horizonte ekofeministarekin gero eta koherenteagoak eta kontsekuenteagoak izango diren praktiketara hurbildu ahal izango gara.

Zer bizitza erdigunean Euskal Herrian?
2023aren amaieran, ekofeminismoaren erronken barruan, gizakien arteko pribilegioei buruzko eta gizakiz besteko animaliekiko ditugun pribilegioei buruzko artikulu bat idatzi genuen. Harrezkero, Euskal Herriko ekofeminismoen inguruko... (+)
Jane Goodallen ekarpena
Urriaren 1ean hil zen Jane Goodall, animalien portaeraren azterketan pertsona ezagunenetariko bat. Bere lan aitzindariak gizakien eta beste primate batzuen arteko harremanaren ulermen zientifikoa eraldatu... (+)
Enpatia garaia
2025-09-08 | Junkal Arruti Tena
Ekofeminismoak bizitza nondik eta nola baloratzen duen, ikuspegi konplexuagoa eraikitzeko proposamena dakart. Desazkundearen inguruko ekofeminismoa eta antiespezismoa ezagutzearen ondorio dira datozen lerroak; landa eremuan jaio... (+)
Desazkunde feminista
Guretzat, ekofeminismoa ez da teorikoek eta idazleek garatutako teoria. Kolektibo sozial batean parte hartuta eta beste kolektibo eta erakunde batzuekin harremanetan jarrita eraiki dugun ezagutza... (+)
Zein bizitza erdigunean?
Ekofeminismoak ekologismoa eta feminismoa artikulatzen dituen begirada eta borroka proposatzen ditu. Horrek irekiera interesgarria dakar, ekofeminismoaren garapenaren zati handi bat ardatz izan duena. Hala ere,... (+)
gora